EAJk dio «lanerako bide egokia» hartu duela Sanchezekin duen negoziazioak

Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak uste du «forma hartu» duela PSOEren Espainiako presidentegaia babesteko negoziazioak, eta alderdi bien ordezkarien arteko atzoko bilera «sakoneko lehen elkarrizketa» izan dela. Catalanek berretsi du UPNk ez duela Sanchez babestuko, eta, ostiralean, EH Bilduko Aizpurua PSOEko buruarekin elkartuko da.

Itxaso Atutxa BBBko presidentea, artxiboko argazki batean. LUIS TEJIGO / FOKU
xabier martin
2023ko urriaren 11
12:46
Entzun

EAJko Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek atzo ez zuen tarte handirik utzi Sanchezek jeltzaleen babesa ziurtasunez izango duela pentsatzeko; «ez dago ezer itxita», esan zuen, eta gogoratu zuen «asteak» daudela akordio bat lortzeko. Baina Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak martxan den negoziazioaren interpretazio baikorragoa eskaini du gaur, ETB1en emandako elkarrizketa batean. PSOEren Espainiako presidentegaia babesteko negoziazioak «forma hartu» duela esan du, eta erantsi du atzoko bilera alderdi bien arteko «sakoneko lehen elkarrizketa» izan dela Sanchezen inbestidurari begira.

Atutxak adierazi du PSOEk eta EAJk hitz egiten jarraitzeko «borondatea» dutela, eta, garrantzitsuena, «zeri buruz hitz egin behar den» ere adostu dutela. Hau da, PSOEk atzodanik badaki EAJk zehazki zer esatzen duen Sanchezi babesa ematearen truke. «Negoziazioak forma hartu du behintzat, eta lanerako bide egoki bat zabaldu da datozen asteetarako», esan du Atutxak. «Katalanak ere hor» daudela kontuan hartu behar dela azpimarratu du, eta «zuhurtzia handia eta diskrezioa» beharrezkoak direla ere bai.

«Euskadin» eskatu diren gaiak

Batera edo bestera, BBBko buruak berretsi du «lanerako proposamenak» badaudela, eta «gai jakinen inguruko benetako borondatea» ere badela akordio bat erdiesteko, Espainiako Gobernua era dadin, Pedro Sanchez buru dela. Negoziagai diren gaien artean, ez daude «alderdiarenak» jo daitezkeenak, Atutxaren hitzetan, baizik eta «Euskadin, Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan eskatu diren gaiak».

Edonola ere, Atutxak gogoratu du Sanchezek behar dituela EAJren botoak presidente izateko, eta, beraz, hari dagokiola esatea «zer eskaintzen duen». Hori bai, BBBko presidenteak nahiko luke inbestidurari buruz hitz egiteaz gain, geroaz ere jardutea negoziazioetan. «Ez gara esaten ari legegintzaldi osoa adostu behar denik, baina aurrekontuak behintzat kontuan hartu beharko lirateke, urtebete baino gehiago egon dadin presidente. Orain, lehentasunezko bazkide asko egongo dira, zeren eta boto bakarra galtzen badu edozer bozkatzean, gehiengoa galduko baitu. Nik ausart ikusten dut, horrelako legegintzaldi bati aurre egitea ez baita erraza».

UPN, amnistiaren aurka

UPNk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Alberto Catalan gaur elkartu da Pedro Sanchezekin, eta bilera bukatu ondoren azaldu du, PSOEko buruak Kataluniako gatazkarekin lotutako aministiaren inguruan duen ikuspuntua esplikatu diola. Azalpen horrek «oso kezkaturik» utzi du Catalan, eta berretsi du ez duela babestuko Sanchezen inbestidura.

UPNko kongresukidea berrogei minutu egon da Sanchezekin, eta, bilera horretan, «oso lasai» ikusi du PSOEko burua, Espainiako Gobernua eratuko duen zalantzaren aurrean. Ez du Sanchezen esanen inguruko xehetasunik eman, baina «egungo egoera» nola ikusten duen azaldu omen dio Catalani. «Gauza bera esaten jarraitzen dugu: amnistia traizioa da Espainiako Konstituzioari, umiliazioa Espainiako sistema demokratikoari, eta, batez ere, hiritar guztien berdintasun printzipioari».

UPNko eledunaren arabera, «Espainia ezin dute gobernatu hura desegin nahi dutenek»; horregatik, deitoratu egin du Sanchezek azken orduetan telefonoz deitu izana Oriol Junqueras ERCko buruari. Ostiralean, berriz, PSOEko burua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpuruarekin elkartu da, eta horrek ere sutan jarri du Catalan. «Aberrazio hutsa da ETAren oinordekoen zuritzea; atentatuak gaitzetsi gabe jarraitzen dute; beren gidarien artean hilatzaileak dituzte, eta beren zerrendetan terroristak eramatearen ignomia egin zuten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.