Estebanek baieztatu du eskumenen transferentzia otsailean «ikusiko» dela

PSOEk eta EAJk azaroan adostu zuten Eusko Jaurlaritzaren esku geldituko zirela migrazioen, aldiriko trenen kudeaketaren eta tituluen homologazioaren eskumenak.

Aitor Esteban EAJko diputatua, Sanchezen inbestidura saioan. JAVIER LIZON/EFE
Aitor Esteban EAJko diputatua, artxiboko irudi batean. JAVIER LIZON/EFE
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 16a
11:40
Entzun

Gero eta hurbilago daude eskumenen transferentziak. Hala iragarri du gaur Aitor Esteban EAJko Espainiako Kongresuko bozeramaileak, hilabete honetan bertan «ikusiko» direla adierazi baitu. Izan ere, PSOEk eta EAJk azaroan adostu zuten Eusko Jaurlaritzaren esku geldituko zirelamigrazioen, aldiriko trenen kudeaketaren eta tituluen homologazioaren eskumenak.

Estebanek Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan adierazi du gaiak «oso aurreratuta» daudela, eta hilabete honetan bertan gauzatu ahal direla: «Finantza gaiaren zati bat geratzen da, eta testua eta edukia beste batean». Zehaztapen teknikoak direla erran badu ere, «oso garrantzitsuak» dira, «orain adosten dena beti izango dena» baita. Hala, ongi zehaztu beharreko gaia dela uste du.

Adierazpen horiek oso lotuta daude Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde deialdiarekin. Izan ere, apirilaren 21ean izango diren ustea indarra hartzen ari da, eta horietara aurkezteko asmoa duten alderdi eta koalizioak lanean ari dira dagoeneko. Eusko Jaurlaritzako lehendakariari dagokio data jakinaraztea, baina Iñigo Urkulluk ez du datarik aurreratu. Hilaren hasieran adierazi zuen legealdia amaitu aurretik bete beharreko konpromisoak dituela –legebiltzarrean martxan diren legeen tramitazioa eta zenbait eskumenen transferentzia–. Atzo, berriz, data erabakia duela erran zuen, eta EAEko aldizkari ofizialean argitaratu baino 48 ordu lehenago iragarriko duela.

Etxebizitza

Etxebizitza Legea ere mintzagai izan du Estebanek, eta aitortu du alokairuen prezioa igotzen ari dela oraindik ere: «Egiten ari diren kontratu berriak igotzen ari dira, alokairu parke gutxiago dago, jabeek etxebizitza horietako asko kendu dituzte, eta sasoiko alokairuetarako erabiltzen ari dira. Arazoa areagotzen ari dela ikusten dugu».

Hortaz, egoerari «konponbidea» bilatzen ari direla dio, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak nahiz Eusko Jaurlaritza saiatzen ari direla etxebizitzak eraikitzeko politikari jarraitzen eta horien ia erdiak parke publikoak izan daitezen ahalegintzen.

Espainiako Etxebizitza Legeaz ere solastatu da: «Bilatzen zenaren kontrako efektua eragin du, hau da, etxebizitza bat eskuratzea erraztea, eta, ondoren, eskumenen gaia dago». Eskumenen afera aipatu du iaz legea onartu zutenean EAJk ez zuelako babestu, argudiatuta «nahaspila juridiko bat» sortuko lukeela etxebizitza eskumenei dagokienez. Gehitu du, gainera, oraindik ez dutela inpugnatuko, baina epeak agortzen badira eta akordiorik ez badago, eginen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.