EAJk botoen laurdenak galdu ditu Urdaibaiko 22 udalerrietan

2019ko udal hauteskundeetan, 18.000 boto baino gehiago lortu zituzten jeltzaleek, Guggenheim berria egin nahi duten eremuko udalerrietan, eta, iazkoetan, ez ziren iritsi 13.700 botoetara. EAEn, %21,1eko galera nozitu zuten, eta %24,3koa Urdaibain.

Urdaibai
xabier martin
2024ko otsailaren 3a
05:00
Entzun

Hauek dira Urdaibaiko biosferaren erreserbaren koordenatuak: ipar latitudea, 43º 12’ eta 43º 28’ bitartean; mendebaldeko longitudea, 2º 33’ eta 2º 46‘ bitartean. Espazio babestu horretan, Bizkaiko 22 udalerri daude, gehienak Busturialdekoak (hemeretzi), eta horietan denetan izan da gai garrantzitsua botoa erabakitzean biosferaren barruan eraiki nahi duten Guggenheim berriaren proiektua. Horietako udalerri gehienak herri txikiak dira; hirugarren sektorea eta bereziki turismoari lotutako jarduerak indarrez bultzatuko lituzkeen egitasmo horren eragina igar lezakete leku horietan. Bada, 2019tik 2023ra, bere botoen ia laurdenak galdu ditu Guggenheim berria sustatzen ari den alderdi politikoak, EAJk, erreserbako 22 udalerriak osorik hartuta. 18.089 boto lortu zituen 2019ko udal hauteskundeetan, eta 13.692 atera zituen iazko udal bozetan, 4.397 boto galduta. Urdaibain egitekoa den proiektu horren eztabaida pil-pilean den honetan, %24,3ko boto galera hori beste aldagai bat da luze gabe egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ekuazioan.

Beheranzko joera orokorrak %21,1eko boto galera ekarri zion EAJri iazko udal bozetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osorik hartuta; Bizkaian, berriz, %23,6koa. Urdaibain boto portzentaje handiagoa galdu du, beraz, eta horrek izan du bere eragina jeltzaleek biosferaren udalerrietan historikoki pilatu dituzten aginte makilen kopuruari begira, ezin izan baitute galarazi eskuz aldatzea udalerri garrantzitsu batzuen alkatetzak. Esaterako, EH Bilduk lortu du Mundakako aginte makila, lau hamarkada EAJren esku egon ondoren; Bermeon ere koalizio abertzaleak eskuratu du udal gobernua, Guzan herri plataformaren babesarekin; Sukarrieta sinbolikoan, berriz, Sukarrieta Bizirik plataformak hartu dio lekukoa EAJri, eta, Gernikan ere, are udalerri sinbolikoagoan, aginte makila galdu du (-2.526 boto), EH Bilduren garaipenaren ostean (+345 boto). EAJk Jose Maria Gorroñoren eskuetan utzi zuen alkatetza iazko udan (Denontzako Herria), baina EH Bilduren zentsura mozio baten proposamena dauka mahai gainean udal gobernua aldatzeko, Gorroñok jeltzaleekin egindako akordioaren urraketaren harira.

Aldeak murriztuz doaz

EAJk alkatetza galdu ez, baina EH Bildurekiko aldea nabarmen murriztu den beste zenbait udalerri badira biosferako 230 kilometro koadro horietan. Eremuko udalerririk jendetsuenean, Zornotzan, 661 boto eta zinegotzi bat galdu dituzte jeltzaleek, eta koalizioak 433 boto eta zinegotzi bat irabazi ditu. Gernika eta Bermeo dira herririk jendetsuenak, Zornotzaren atzetik, Bizkaiko lurraldearen %10 baizik ez den eremu horretan, eta bi herri horietan jadanik ez du aginte makila EAJk. Zornotzan, zinegotzi bakarraren aldeari esker eutsi dio udal gobernuari.

22

Urdaibaiko biosfera erreserbako 22 udalerriak: Ajangiz, Arratzua, Gautegiz-Arteaga, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Errigoiti, Ereño, Forua, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz, Sukarrieta, Zornotza, Arrieta eta Munitibar.

Horrez gain, lehendik ere EH Bilduk gobernatzen zituen zenbait udalerritan, koalizioak aldea handitu du EAJrekiko, joera orokorrarekin bat. Kasurako, Muxikan, 110 boto eta zinegotzi bat galdu ditu EAJk, eta 97 boto eta zinegotzi bat irabazi EH Bilduk. Biosferaren bihotzean dagoen beste udalerri txiki batean, berriz, Gautegiz-Arteagan, 45 boto eta zinegotzi bat galdu dituzte jeltzaleek, eta 46 boto eta zinegotzi bat gehiago ditu koalizioak; alkatetzak EAJren esku dirau. Eta Bizkaiko kostaldeko edertasunaren ikonotzat jotzen den beste herri batean, Elantxoben hain zuzen, botoen erdiak galdu ditu EAJk (-57), eta 42 irabazi EH Bilduk. Zinegotzi baten galera ekarri die horrek jeltzaleei, eta baten irabazia koalizioari. EH Bilduk gobernatzen du Elantxoben.

Azken udal hauteskundeek erakutsitako joerari ihes egin dion udalerririk ere bada zabaleran hamabi kilometro eskas eta luzeran hogei kilometro den gune babestu horretan. Foruan, kasurako, EAJk botoei eutsi die, eta EH Bilduk 22 boto galdu ditu; Errigoitin, berriz, aginte makila kendu diote jeltzaleek EH Bilduri, azken horrek 35 boto galdu ondoren. Gauza bera gertatu da, gainera, Arratzun. Udal gobernua EAJk lortu du, koalizio abertzaleak 43 boto eta bi zinegotzi galdu ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.