EAJk bilera sorta bat abiatuko du alderdiekin autogobernu eztabaidari heltzeko

Ortuzarrek esan du Euskal Herrian «aro politiko berri bat» abian dela, eta EH Bildurekin «konfrontaziotik lankidetzara» igarotzeko abagunea dela.

Ortuzar, Pradales eta Diez Antxustegi, gaur, Ajuriaenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ortuzar, Pradales eta Diez Antxustegi, gaur, Ajuriaenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2024ko uztailaren 16a
13:50
Entzun

EAJk bere gain hartu nahi du estatutua berritzeko eztabaidaren gidaritza. Hala iragarri du Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Imanol Pradalesekin bildu ondoren. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak alderdien esku utzi zuen eztabaida hori, eta jeltzaleek uste dute joan den apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko bozetan gehien bozkaturiko indarra izan zirenez, haiei dagokiela ekimenaren gidaritza hartzea. Horregatik, Ortuzarrek iragarri du irailetik aurrera bilera sorta bat abiatuko duela alderdiekin, eztabaidaren «metodoa eta edukia adosten saiatzeko».

Bilera horietan alderdien prestasuna zein den ikusi nahi du EAJk, eta Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean eztabaidari heldu aurretik «erronkari» nola heldu aztertu. «EAJk ez du etekin politikorik lortu nahi honekin, arduragatik egiten du», esan du Ortuzarrek, eta argudiatu du helburua dela alderdiek estatu berriaren nolakotasunari buruz duten iritzia «lasai, gardentasun osoz eta inolako presio mediatikorik gabe» ematea.

Horregatik, Ortuzarrek nabarmendu du bilera horiek «diskretuak» izango dela, eta lehendakariak egunotan Ajuriaenean hartu dituen indar politikoekin soilik izango direla; hau da, Vox sorta horretatik kanpo utziko duela: «Ez du zentzurik etorkizuneko autogobernuaz hitz egitea egungoan sinesten ez dutenekin». Buruzagi jeltzaleak esan du, halere, «ahalik eta kontsentsu zabalena» lortzea duela helburu. «EAJk ez du etekin politikorik lortu nahi honekin, arduragatik egiten du», argudiatu du.

Hain justu ere, EH Bildurekin jarrerak hurbiltzeko aukera badagoela uste du Ortuzarrek. Eta horren erakusgarri da atzo Pello Otxandianok esandakoak begi onez hartu izana. «Konplizitateak baino liskar gehiago izan ditugu orain arte. Poza hartu nuen atzo hari entzutean», esan du buruzagi jeltzaleak, Otxandianok atzo lehendakariari «konfiantza esparru bat» sortzeko egindako proposamenari buruz galdetu diotenean.

«Badirudi estrategia politikoa aldatu egin dutela [EH Bilduk]. Txalotzekoa da hori. Pasa gaitezen konfrontaziotik lankidetzara»

ANDONI ORTUZAREAJko EBBko presidentea

Ortuzarrek ez du uste Otxandianoren proposamenak sozialistak autogobernuaren negoziazio posible batetik kanpo utzi nahi duenik: «Politikagintzan konfiantza esparruak onak dira, eta ez lirateke gai bakar batera mugatu behar». Are gehiago, iritzi dio «garai politiko berri bat» abian dagoela Euskal Herrian, eta aukera ikusten du ezker subiranistarekin «konfrontazio» garaia gainditu eta «kolaborazioaren» aroari ekiteko. «Orain badirudi estrategia politikoa aldatu egin dutela. Txalotzekoa da hori. Pasa gaitezen konfrontaziotik lankidetzara».

Izan ere, argi du agertoki berri horretan gainerako alderdiek ere «mugitu» beharko dutela, garai berrietara egokitzeko. «Politika arazoak konpontzeko dago, ez arazoak sortzeko», esan du Ortuzarrek, eta azpimarratu du «asmo» horrekin egin zutela PSE-EErekin Jaurlaritza osatzeko ituna. Buruzagi jeltzaleak gogorarazi du, bada, gainerako indar politikoei zabalik dagoela ituna, eta prest daudela gai askotan adostasunak erdiesteko.

Bide onetik

Autogobernuaz gain, alderdi jeltzaleak adostasunak lortu nahi ditu osasun arloan, etxebizitza gaietan, trantsizio energetikoan, «belaunaldi arteko elkartasun estrategian» eta euskararen biziberritzean, besteak beste. Eta «itun etiko bat» ere lortu nahi du demokrazia biziberritzeko. «EAJk konpromisoa hartzen du gai horietan adostasun zabalak lortzeko», esan du Ortuzarrek.

Horren ildoan, Ortuzarrek esan du bat datorrela lehendakariaren diagnostikoarekin eta lehentasunekin, eta bereziki indar egin nahi duela hark sustatu asmo duen osasunaren aldeko herri ituna lortzeko: «Gure konpromisoa da itun hori lortzen laguntzea». Izan ere, buruzagi jeltzaleak azpimarratu du herritarren osasuna Eusko Jaurlaritzaren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen «lehentasuna» izan dela urte hauetan guztietan, eta aurrerantzean ere hala izango dela. 

Bada, itun hori lortzeko aukerak badaudela ondorioztatu du alderdiek lehendakariarekin izan duten bilera sortan entzundakotik, baina «erantzukizunez» jokatzeko dei egin die: «Haien lehen adierazpenak norabide onean doaz. Espero dugu orain hitzetatik ekintzetara igaroko direla». Edonola ere, «kemenez, ausardiaz eta lidergoz» ikusten du lehendakaria, eta uste du «herria esku onetan» dagoela harekin. 

Gaur amaitu du lehendakariak gobernu programa ezagutarazi eta gai nagusietan adostasunak lortzeko helburuz alderdiekin egin duen bilera sorta. Ortuzar eta Joseba Diez Antxustegi Eusko Legebiltzarreko jeltzaleen bozeramailea hartu ditu Ajuriaenean. Bihar goizeko lehen orduan egingo du Pradalesek bilera sortaren balorazioa, eta ondoren gizarte eragileekin, sindikatuekin eta enpresaburuekin elkartuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.