EAJk Bilbon ospatuko du Aberri Eguna, 'Euskadi gara! Mundialak gara!' lelopean

Esteban Plaza Barriko ekitaldian mintzatuko da lehen aldiz EBBko presidente gisa.

EAJk iaz egindako ekitaldia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
EAJk iaz egindako ekitaldia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2025eko apirilaren 10a
15:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Alderdiaren IX. Batzar Orokorraren ajea igarota, Aitor Estebanek EAJren EBBko presidente gisa ospatuko duen lehen Aberri Eguna izango du hilaren 20koa. Jeltzaleek gaur aurkeztu dute egun berezi horretarako kartela. Euskadi gara! Mundialak gara! lelopean egingo dute ekitaldia, Bilboko Plaza Barrian.

EAJk Aberri Eguna ospatzen duen 94. aldia izango da, jeltzaleek 1932an egin baitzuten lehen ekitaldia. Azken urteetan bezala, Bilbo izango dute topaleku. Azaldu duenez, 11:30ean ekitaldi politiko bat egingo dute, eta han hitza hartuko du Estebanek berak. Hain zuzen, EBBko buru berriak nazio auzia hizpide izan du behin eta berriz alderdiaren buruzagitza hartu duenetik. Aukera leiho bat zabalik dagoela esan izan du, baina baita Madrilgo egoeraren nondik norakoek auzia korapila dezaketela ere. «Bidea oso luzea izango da, eta ez dugu obsesionatu behar», baina EAJ «itsaso horretan nabigatzeko prest» dela gehitu du. Era berean, Europako Batasunera erreparatzeko deia egin du, «hurrengo hamarkadako Europan leku bat» izateko beharrari erreparatuz.

Iaz, beste batzuk izan ziren protagonista Aberri Egunean. Izan ere, Eusko Legebiltzarrerako bozen atarian egokitu zen Aberri Eguna, eta begiradak, Andoni Ortuzar EBBko buru ohiaren gain soilik ez, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren —orduan lehendakarigaia— eta Iñigo Urkullu orduko lehendakariaren gain ere bazeuden.

EH Bilduk ere egin du bere deialdia. Koalizio subiranistaren jarraitzaileak Iruñean mobilizatuko dira. Bi talde abertzale nagusiek, baina, bat egingo dute bihar, Euskal Herria Batera dinamikak Kursaalean egingo duen ekitaldian. Hain zuzen, eragile horrek Aberri Egun bateratuaren aldeko aldarria egin du aurten ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.