Azken bi urteetako murrizketak atzean utzita, EAJk iragarri du Aberri Eguna Bilboko Plaza Barrian ospatuko duela, apirilaren 17an. «Aberri Eguna da abertzaleok berreskuratu nahi dugun ospakizuna», adierazi du EAJren NBB Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualdek, alderdiko batzorde eragileak Iruñean egingo duen bileraren aurretik.
Iazko ospakizuna Euskalduna jauregian egin zuten jeltzaleek, murrizketekin. Hala, aurten kalera ateratzeko asmoa adierazi du alderdiak, «1932an lehen Aberri Eguna egin zuenez geroztik egin duen modu berean». Hala, EAJk «jai eta aldarrikapen giroa» berreskuratzeko asmoa adierazi du, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ostean berreskuratzen ari den «normaltasunarekin» bat eginik. Halere, Hualdek nabarmendu du beharrezko «gomendio eta neurri guztiak» errespetatuko direla.
NBBko presidenteak Nafarroako panorama politikoa ere izan du hizpide. Geroa Bai koalizioaren bidez «sektore abertzale eta progresisten arteko ulermenaren alde» egindako apustua defendatu du, eta «autogobernuaren garapenaren aldeko asmo handiko politika egitea» jo du helburutzat: «Asmo handiko planteamendua egingo dugu gure autogobernua eguneratzeko, betiere nafar emakume eta gizonen ahots demokratikoa entzuteko eta errespetatzeko ikuspuntutik».