Hiru hilabete falta dira Europako hauteskundeetarako, eta alderdiak jarri dira martxan. EAJk atzo izendatu zituen ofizialki Hego eta Ipar Euskal Herritik maiatzaren 25eko hauteskundeetarako aurkeztuko dituen zerrendaburuak: Izaskun Bilbao Barandika bermeotarra izango da Hego Euskal Herriko zerrendan lehena —gaur egun ere europarlamentaria da—, eta Urruñako (Lapurdi) Jean Telletxea Iparraldekoan. EAJren Aberri Batzarrak aho batez babestu zituen bi hautagaitzak atzo, Bilbon, Sabin Etxean, egindako bileran. Euzkadi Buru Batzarraren beste proposamen bati ere eman zion baiezkoa Aberri Batzarrak: hauteskundeetara Convergencia i Unio, Coalicion Canaria eta Compromiso por Galicia alderdiekin koalizioan aurkezteari.
Batzarraren ondoren, gogor lan egiteko «konpromisoa» hartu zuen Bilbaok batzarkideen eta hedabideen aurrean. «Europan Euskadiren presentzia handitzeko eta Euskadin Europarena areagotzeko» ahaleginean jardungo duela hitzeman zuen. Bide horretan, EAJ ongi ari dela ziur dago Bilbao. Duela 30 urte euskal industria «ia hondamendian» zegoela adierazi zuen, eta egindako lanari esker asko hobetu dela Euskal Herriaren egoera: «Kontzertu ekonomikoa eta itun ekonomikoa eskuratuta eta ekonomia erreala babesteko politikei esker, gure instituzioek Europako erreferentzia bilakatu gaituzte».
Gainera, ETAren indarkeria amaitu izanak Europan aukera berriak zabaldu dituela dio Bilbaok. Orain euskal herritarren nortasuna hobeto ezagutzen dela, eta lagungarri dela hori: «Europan eta Europarekin lan egiteko aukera gehiago zabaltzen zaizkigu aurrera egiten jarraitzeko».
Europako Batasunean jarduteko apustu argia egiten du EAJk. EH Bilduk, berriz, dio aurrera begira horri buruz hausnartzeko unea iritsiko dela.
«Beste Europa bat» helburu
Bilbon egin zuen ekitaldia koalizioak atzo. Lan saioa egin ondoren, EH Bilduk Europako hauteskundeei begira landuko dituen ildo nagusien berri eman zuen Josu Juaristi zerrendaburuak.
Erabakitzeko eskubidea izango du programaren lerro nagusietako bat. Euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela defendatu nahi du Europan. Euskal Herriaren etorkizuna bertako herritarren esku dagoela aldarrikatu du Juaristik, baina ez hori bakarrik: «Unea iristen denean, Europako Batasunarekin eta nazioarteko beste erakundeekin zer harreman mota izan nahi dugun erabaki beharko dugu».
Izan ere, bestelako Europa baten aldeko apustua egiten du EH Bilduk, Juaristiren arabera. Ezkerreko beste indar batzuekin batera, «Europa justu, sozial, ekologista eta bakezale bat» eraiki nahi duela azaldu du. «Herrien eskubideak eta askatasunerako bidea bermatuko dituen Europa sozialerako bidea» egin behar dela uste du, eta, horretarako, «iraultza demokratikoa» beharrezkoa dela.
Bide horretan, finantza sistemak eta «krisiaren kudeaketa» kontrolatzeko tresnak aldarrikatu ditu, eta nazioarteko «beste harreman eredu batzuk» eskatu.
EAJk Bilbao eta Telletxea hautatu ditu zerrendaburu
Europan erabakimena defendatuko duela dio EH Bilduk, eta EBrekiko harremana erabakitzeko momentua iritsiko dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu