EAJk barne antolaketa berritzeko prozesua hasiko du irailean

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak iragarri du irailaren 29an eginen dutela Alderdi Eguna, eta orduan jakinaraziko dituztela alderdiko batzar nagusiaren datak eta ildorik garrantzitsuenak. Sei hilabete iraunen du hausnarketa prozesuak.

Andoni Ortuzar EBBko presidentea gaur, Bilbon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Andoni Ortuzar EBBko presidentea gaur, Bilbon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko uztailaren 31
16:45
Entzun

EAJren barne antolaketan aldaketak eginen dituzte laster. Hala iragarri du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak. Zehazki, datorren irailaren 29an Forondan (Araba) eginen duten Alderdi Egunean abiatuko dute prozesua, orduan jakinaraziko baitituzte alderdiko batzar nagusiaren datak eta ildorik garrantzitsuenak. «Forondatik mezu argi eta sendoa atera behar da, mezu argia alderdi honen alde eta herri honen etorkizunaren alde», borobildu du. Sei hilabete iraunen du prozesuak, eta, hala, 2025eko martxoaren amaieran EBBko kide berriak hautatuko dituzte. Ortuzarrek ez du argitu presidente lanetan jarraituko ote duen; zehaztu duen bakarra izan da prozesu horretan alderdiaren «etorkizuneko bidaiari ekiteko pertsona egokienak» hautatuko dituztela. Haatik, justu urtebete da Ortuzarrek berak atea zabaldu ziola EBBko presidentetza uzteko aukerari.

Alderdiaren sorreraren 129. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute, Bilbon, eta han egin ditu adierazpen horiek Ortuzarrek. Harekin batera, ekitaldian izan dira, bertzeak bertze, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, eta Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietako presidenteak, Ana Otadui eta Irma Basterra, hurrenez hurren. Ortuzarrek azaldu du Alderdi Egunerako hautatu duten leloak —Alderdia gara— asmo argia duela: «Hilabete garrantzitsuak datoz, hilabete garrantzitsuak alderdi honentzat. Harrotasunez esaten dugu alderdikideen erakundea garela, non batzarrek erabakitzen duten. Bada, aukera paregabea daukagu orain horrela dela erakusteko. Erabakitzeko boterea, aukeratzeko boterea, gure batzokietan egongo da. Zuen eskuetan, zuen borondatean. Eta dena hasiko da irailaren 29an, Forondan», zehaztu du.

Agerraldian azken urteko balantzea ere egin du Ortuzarrek, eta aitortu aurtengoa urte «politikoki bizia eta zaila» izan dela, baina jeltzaleek lortu dutela beren helburuak erdiestea, bi batez ere: Eusko Jaurlaritzako lehendakaria EAJkoa izatea, eta alderdiak Europako Parlamentuan lekua izatea. «Aurkitu ditugun oztopoak gorabehera eta alderdi gisa ditugun arazoak gorabehera, gaur gure artean daukagu Euskadiko lehendakaria, EAJko lehendakari berria, bere gobernuarekin elkarlanean urrats sendo eta ausartak egiten ari dena, pausu onak, norabide onean, gure aberriak dituen erronkei heltzeko», gehitu du. Horrez gain, uste du lortu dutela EAJren presentzia Europako Parlamentuan bermatzea, eta «pozik» daude; Oihane Agirregoitia eurodiputatuaren lana azpimarratu du, eta «muturrek eta populismoek zehaztutako» agenda politikoari aurre egiten ari zaiola nabarmendu.

«Populismoen» kontra

Markel Olano legebiltzarkide jeltzalea, berriz, Mutrikun (Gipuzkoa) izan da gaur goizean, eta hark ere Europako politika eta «populismoak» izan ditu hizpide. Alderdiak «ongizate estatuaren defentsan» duen «konpromiso eta determinazio irmoa» berretsi ditu Olanok. «Maite dugu gaur egungo gure herria, ez iragan idealizatu bat. Harrotasunez esan dezakegu azken hamarkadetan herri honen ongizatearen eta autogobernuaren oinarriak jarri ditugula. Oinarri sendo horietatik abiatuz, aurrera begiratu behar dugu. EAJ da herri honek aurrera egin dezan indar eragilea, aurrerakoiak gara», borobildu du.

Eredu horren bertze aldean «eskuin eta ezker muturreko populismoak» daudela erran du, eta horiek «erakunde demokratikoen eta gizartearen arteko konfiantzaren hausturatik» elikatzen direla. «Krisi ekonomiko eta sozialak sortzen direnean, gizartearen zati handi batek ez du sinesten erakunde demokratikoek gaitasunik dutenik horiei aurre egiteko. Alternatiba autoritarioak eta populistak sinesgarriagotzat jotzen dituzte», zehaztu du. Testuinguru horretan, jeltzaleek bi erronka nagusiri aurre eginen dietela dio: «Ongizate estatua defendatzea eta gure nortasuna indartzea». EAJren proiektuak ekarpenak eginen dituela azpimarratu du, baina «erakundeen eta gizarte antolatuaren arteko aliantzak sustatzea» ezinbertzekoa zaio: «Politika egiteko modua aldatzea, zeinetan lankidetza den kontzeptu nagusia, auzolana».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.