EAJk Emakumeen Nazioarteko Eguna izan du ardatz gaur, kanpainaurrearen barruan Bilbon egin duten agerraldian. Imanol Pradales lehendakarigaia, Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburua eta Joseba Diez Antxustegi Arabakoa han izan badira ere, alderdiko dozenaka emakumek hartu dute oholtza eta nagusitasuna gaurko ekitaldian. Mireia Zarate EAJren EBBko idazkariak eta Sabino Arana fundazioko presidenteak zedarritu du alderdi jeltzalean emakumeek egindako bidea, Emakume Abertzale Batza gogora ekarrita.
Ehun urte beteak ditu, eta esan du haiek hasitako bideak emakumeak ahalduntzen lagundu duela. Geroztik alderdian hainbat urrats egin direla ere ekarri du gogora. «Diskretuki, zalapartarik gabe, EAJn egin ohi dugun moduan, alderdiak genero ikuspegia aplikatu du gure lan politikoan, bai eta erakundeetako ordezkaritzan ere».
Datu bat eman du, horren erakusgarri: 1980an Eusko Legebiltzarreko 75 legebiltzarkideetatik lau baino ez ziren emakumeak. Haietatik hiru, EAJkoak. Gaur egun Eusko Legebiltzarrean emakumeak gizonak baino gehiago direla azaldu du, egindako bideaz jabetzeko. Horrez gain, Eusko Legebiltzarreko emakumezko lehen presidentea jelkidea izan zela esan du: Izaskun Bilbao. Eta Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumezko lehen ahaldun nagusiak ere hala direla: Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza.
Baina, era berean, aitortu du bidea dagoela egiteko oraindik. «Kosta egin zaigu aurrera egitea. Gizartearen isla gara, eta hari ere kostatzen zaio aurrera egitea. Baina indar berriekin egingo dugu aurrera». Bidea egiten lagundu dutenak omendu, eta bidea urratzen segitu behar dela berretsi du.
«Berdintasuna gizarte aurreratu baten ezinbesteko zutabea da. Ezin da hitzezko kontu soila izan. Berdintasuna erabakiak dira, ekintzak, konpromisoak».IMANOL PRADALES EAJren lehendakarigaia
«Berdintasunaren trainerua»
Pradalesek bere ama ekarri du gogora, Rosi Gil, eta bere erreferente nagusitzat jo. Pradales Santurtziko Mamariga auzoko semea da, Bizkaikoa, eta gogoratu du artean umea zela bere amak emakume talde bat sortu zuela beste emakume batzuekin batera, eta talde hura aitzindaria izan zela. «Emakume borrokalariak ziren: ahotsa eta iritzi propioak zituzten, irizpidea, antolatzeko eta kudeatzeko askatasuna». Ederrak izena zuen talde hark: «Egin zuten aurrerapausoak mugarri bat ezarri zuen. Herri hau ez litzateke den bezalakoa izango haiengatik ez balitz. Asko zor diegu bidea ireki dutenei».
Uste du feminismoa egungo gizartean izan litekeen iraultzarik handienetakoa dela. «Berdintasuna gizarte aurreratu baten ezinbesteko zutabea da. Ezin da hitzezko kontu soila izan. Berdintasuna erabakiak dira, ekintzak, konpromisoak». Horregatik, «berdintasunaren trainerura» igotzeko deia egin die gizonei. Zaintzarekin, kontziliazioarekin eta begirada aldatzearekin konprometituta jarduteko eskatu die.