EAJren barne prozesua iritsi da azken portura. Sei hilabeteko bide luzearen ondoren, asteburuan egingo dute IX. Batzar Nagusia. Alderdia gara lelo gisa hartuta, Donostiako Atano III.a pilotalekuak hartuko du batzarra. Euskadi Buru Batzarreko presidentearen kargu aldaketa izango da gai zerrendako puntu nagusietako bat: Aitor Estebanek hartuko baitio lekukoa Andoni Ortuzarri. Harekin batera, baina, EBB osatuko duten gainerako hamalau kideak ere izendatuko dituzte, eta haren ekintza politikoa egituratuko duten txostenak ere onartuko dituzte.
Mireia Zarate EBBko idazkariak gogorarazi duenez, azken hauteskunde zikloan erakunde nagusietako botere guztiari eutsi dio EAJk, eta hurrengo urteetan ere «lidergo» horri eutsi nahi dio alderdiak, «Euskadik behar duen askatasuna, bakea, oparotasuna eta justizia soziala lortzeko». Horretarako, alderdikide guztien babesa behar dutela eta, Zaratek batzarrean parte hartzera deitu ditu alderdikideak.
Larunbatean, 10:00etan hasita, txosten politikoei aurkeztutako zuzenketak eztabaidatuko dituzte ordezkariek, eta, egokitzat jotzen badute, behin betiko onetsiko dituzte. Eztabaidagai izango dituzten bost txosten horien izenburuak hauek dira: Euskadi, Nazioa Europan; Askeago izateko Nazio oparoa eraikitzea; Mundu hobe, jasangarri eta baketsu batera irekia den Nazioa; Bere Herriaren zerbitzura dagoen Alderdia; eta Antolaketa demokratikoa.
Era berean, ebazpen proposamenak eztabaidatuko dituzte, eta prozesuan jasoko diren jakinarazpenak irakurri. Batzokietan eta lurralde batzarretan eztabaidatu dituzte txostenak azken asteotan, eta zuzenketak ere proposatu dituzte. Ortuzarrek berak joan den asteburuan jakinarazi zuen 10.000 zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkietela alderdikideek txosten horiei, baina zehaztu zuen erdibideko zuzenketa «ia guztiak» adostuta dauzkatela, eta «aho batez» onartuko dituztela larunbatean.
AHTaren eztabaida
Horietako batek eman du zeresana azken orduan, hain justu ere: AHTaren eta Nafarroaren arteko lotura Ezkiotik egin behar dela iritzi dion zuzenketa bat aurkeztu baitu alderdiaren Gipuzkoako adarrak. Modu horretan, batzar nagusiaren bitartez finkatu nahi du afera horretan zer ildo hartuko duen alderdiak, eta, ondorioz, EBB berriak eta Eusko Jaurlaritzak, azken erabakia Madrilek hartu ez dezan.
Zaratek baieztatu du alor sozioekonomikoari buruzko txostenari lotuta dagoela AHTari buruzko zuzenketa, Askeago izateko Nazio oparoa eraikitzea izenekoan
Nolanahi ere, zuzenketarena azken asteetan lurraldeen artean piztu den talkaren jarraipena baino ez da. Joan den astean Donostiako alkate Eneko Goiak Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezi aurpegiratu baitzion jarrera «berekoia» izatea, iritzita Gasteizko loturak ez diola «herri ikuspegiari» erantzuten.
Zaratek ez du xehetasunik eman nahi izan, baina baieztatu du alor sozioekonomikoari buruzko txostenari lotuta dagoela AHTari buruzko zuzenketa, Askeago izateko Nazio oparoa eraikitzea izenekoan. Txostenak dio abiadura handiko trena martxan jartzeko lanak «amaitzeko beharra» dagoela, Frantziarekin eta Europako iparraldearekin lotura behar duela azpimarratuta. Baina ez du aipamenik egiten Nafarroako lotuneari buruz. Bada, Gipuzkoako jeltzaleek nahi dute Ezkioren aldeko aipamena hor jasota geratzea.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohiarena da txosten hori aurkezteko ardura, eta Zaratek adierazi du hark emango duela behin betiko erabakiaren berri. Izan ere, adierazi du txostenak oraindik «zabalik» daudela, eta larunbatean ezagutaraziko dituztela behin betiko testuak. «Batzar Nagusiak berak erabakiko du zer eztabaidatuko den eta txostenetan zer hitz jasoko diren».
Baina Arabak kosta ahala kosta eragotzi nahi du zuzenketa hori txostenean jasotzea. Nolanahi ere, Ramiro Gonzalez lasai azaldu da, eta ez du eztabaidan sakondu nahi izan. Arabako ahaldun nagusiak zehaztu du EAJk datu guztiak eskuan dituenean hartuko duela erabakia, eta hala dagokionean: «Erabat ziur nago EAJk irizpide tekniko objektiboekin aztertuko dituela mahai gainean dauden aukera guztiak». Eitb-ren arabera, Arabak ere zuzenketa bat aurkeztu zuen, Gasteizko lotunea defendatuz. Azkenean, ordea, erdibideko bat adostu dute eta hori da larunbatean eztabaidatuko dutena.
Estebanen lehen aldia
Biharamunean, hilaren 30ean, Aberri Batzarrak EBBko presidentea eta 2025etik 2029ra bitarteko burukideak izendatuko ditu, 10:30ean hasita. Baina dena esanda dago hor: Aitor Estebanek hartuko du alderdiaren lema, hura baita hautagai bakarra. Izendapena egin ondoren, lehen hitzak eskainiko ditu Estebanek Atanon. Ortuzarrek ere agur hitzaldia egingo du.
Estebanekin batera, hauek osatuko dute Euskadi Buru Batzar berria: Maitane Ipiñazar, Andoni Busquet, Manuel Tejada, Miren Martiarena, Markel Olano, Ion Gambra, Joseba Diez Antxustegi, Javier Ollo, Jose Berriozabal, Iñigo Ansola, Maria Eugenia Arrizabalaga, Unai Hualde eta Pantxoa Bimboirek.