Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak koronabirusaren krisiari eta haren ondorioz datorrenari aurre egiteko estatuaren «berreraikuntza sozial eta ekonomikorako» mahai bat sortu nahi du eragileekin, eta hasi du horretarako bilera saila Kongresuko taldeekin, baina EAJk iragarri du berak alor ekonomikora mugatu nahi duela horrelako akordio bat. EH Bilduk azaldu du «prest» dagoela hitz egiteko, baina gogorarazi du «Moncloako Itunak herri honi onurarik» ez ziola ekarri lehen.
«Garrantzitsuena aurrekontuen inguruko akordioa lortzea da», esan zuen atzo goizean Aitor Esteban EAJko diputatuak Euskadi Irratian. Arratsaldean antzekoa zioen, Sanchezekin modu telematikoan hitz egin ondoren. Jeltzalearen hitzetan, osasun krisiaren ostean «helburu nagusia ekonomiaren berroneratzea eta enpleguari eusteko ahalegintzea» izango da. «Hori da gobernuak abian jarri nahi duen alderdien mahaiaren zeregin nagusia».
Estebanek esan zuen mahai horrek eta alarma egoerak ezin dituztela autonomien eskumenak ordezkatu edo bereganatu «eta, bereziki, Euskadiko autogobernua. Ezinbesteko gertatzen da erakundeen arteko lankidetza sustatzea». Haren iritzian, Madrilek ezin du egoera baliatu «birzentralizaziorako».
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ETB1en deitoratu egin zuen Moncloako Ituna, «termino politikoetan eta ekonomikoetan» Euskal Herriaren kalterako izan zelakoan, eta nabarmendu zuen Espainiako Estatuaren «berreraikuntza beste balio batzuen gainean» egin behar dela. «Sanchezek argitu behar du zer egin nahi duen. Gobernua kanporatu nahi duten operazioak daude, Espainiako batasun sakrosantua zaintzeko».
Sanchez gaur hitz egingo du EH Bildurekin, 12:30ean, Mertxe Aizpurua Kongresuko eledunarekin. Martxoaren 16an ere mintzatu ziren biak , Sanchezek alarma egoera ezarri ostean egindako lehen bilera sail telematikoan.