Udal eta foru hauteskundeak. Araba

EAJk alokairu sozialeko bi mila etxebizitza eraiki nahi ditu Gasteizen

Artolazabalek iragarri du Zabalganan eta Salburuan egingo dituztela. Amurrion adinekoen eguneko zentro berria egin nahi du Molinuevok

Jose Antonio Suso EAJren ABBeko presidentea, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko bide orri bat ondu du Gasteizko EAJk datorren legealdirako. Lau oinarri ditu: alokairu soziala sustatzea, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlana bultzatzea, etxebizitzak birgaitzea eta «larrialdietarako» etxebizitzak eraikitzea. Hauteskunde programak xehatuak ditu neurri horiek denak, eta atzo goizean, Beatriz Artolazabal Gasteizko alkategaiak horien berri eman zizkien komunikabideei, Zabalgana auzoan. Zerrenda osatzen duten hainbat hautagaik eta Jose Antonio Suso EAJren Araba Buru Batzarreko presidenteak lagunduta eman zituen azalpenak.

Artolazabalek uste du hiriak «barrurantz hazi» behar duela, dentsitatearen galerari eta lurzoruaren «neurriz kanpoko» kontsumoari aurre eginez, auzoak elkarren artean «josiz» eta hiri «kohesionatuagoa eta iraunkorragoa» eraikiz. Azaldu zuen hiri eredu hori garatzeko konpromisoa duela EAJk, eta euren helburua dela auzoei «bizitza» handiagoa ematea eta baliabideen kudeaketa «arrazionalagoa» eta hiri espazioaren «kalitate handiagoa» sustatzea. Herritarren, eragile ekonomiko, sozial eta sektore profesionalen kezkak entzunda ondu dute jeltzaleek etxebizitzaren inguruko programa, Artolazabalek azpimarratu zuenez.

Batetik, alokairu sozialeko 2.000 etxebizitza merkaturatuko dituztela hitzeman zuen. Zabalgana eta Salburua auzoetan eraikiko dituzte, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. «Lurzorua doan eskuragarri jarriko dugu, eta Gasteizko bizilagunei lehentasuna emango diegu», azaldu zuen.

Era berean, Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmena garatzeko konpromisoa hartu zuen. Hitzarmen horri esker, jakinarazi zuen alokairuko babes ofizialeko 543 etxebizitza eraikitzen hasi direla, udalak Jaurlaritzari emandako lurzoruekin beste 417 eraiki ahal izango direla eta erabilerarik ez duten 62etxebizitza berrituko dituztela.

Horrez gain, iragarri zuen etxebizitzak birgaitzeko programak martxan jarriko dituela 21 Zabalgunea elkartearen bidez, eta, horrela, auzoak «biziberritzen» lagunduko duela, besteak beste Zaramaga auzoa.

Gazteei begira, berriz, etxebizitza kolaboratiboak sustatuko ditu Artolazabalek, «aldi baterako etxebizitza eskuragarria izateko aukera emateko». Etxebizitzak birgaitzeko laguntza programak garatzeko konpromisoa ere hartu zuen: «Programa horiek zorrotz kudeatzen jarraituko dugu familiei etxebizitzak birgaitzeko laguntza emateko».

Amurrion, zentro berria

Bestelako esparruan jarri zuen fokua atzo Amurrioko EAJren alkategai Txerra Molinuevok. Goizean egin zuen ekitaldian azaldu zuen mendekotasuna duten adinekoen arta hobetzea dela bere lehentasuna, eta xede hori lortzeko Landazuriko eguneko zentroa eta etxebizitza komunitarioa errealitate bihurtzeko konpromisoa duela.Gaur egun, funtzio hori betetzen duten Villa Fe eraikinak eta San Mames Etxeak, baina alkategaiaren helburua da horietan eskaintzen den zerbitzua Landazurin bateratzea, adinekoen erreferentzia gunea izan dadin: «Adinekoen kolektiboa oso zabala da Amurrion, eta gure betebeharra da kalitatezko laguntza baliabideak eskaintzea, gustura eta ongi zainduta sentitzeko».

Proiektua hainbat fasetan egin nahi du EAJk: eguneko zentroa egingo dute aurrena, eta etxebizitza komunitarioa gero. Molinuevok azaldutakoaren arabera, solairu bakarreko eraikin berri bat eraikiko dute 25 erabiltzailerentzat, eta mugitzeko gaitasuna mugatua dutenei egokitutako zenbait zerbitzu izango ditu: tartean, jantokia, baratzeak eta lorategia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.