EAJk aliantza egingo du CiUrekin eta CCrekin batera Europako bozetarako

Andoni Ortuzarrek baieztatu du «bidearen zatirik handiena» eginda dagoela CiUrekin akordioa lortzeko

Duran i Lleida eta Ortuzar, joan den urtean Sabin Etxean egindako bileran. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2014ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Europako Parlamenturako bozetara bat eginda aurkeztuko dira EAJ, Kataluniako CiU eta Kanaria uharteetako CC alderdiak. Jose Maria Pelegri Unio Democratica de Catalunya alderdiko idazkari nagusiak azaldu du duela bost urte aukeratutako «formula tradizionala» errepikatuko dutela hiru alderdiek. Jakinarazi duenez, Galiziako, Balearretako eta Valentziako beste alderdi batzuekin ere harremanetan daude, hautagaitza handitzeko asmoz. 2009ko Europako hauteskundeetan Europaren Alde koalizioan elkar hartuta aurkeztu ziren CiU, EAJ, Koalizio Kanariarra, Alderdi Andaluzista, Bloc Nacionalista Valencia, Unio Mallorquina eta Unio Menorquinak.

EAJk ez du oraindik ofizial egin koalizioa osatuko dutela, baina Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak adierazi du «bidearen zatirik handiena» eginda dagoela CiUrekin akordioa lortzeko. Jakinarazi duenez, koalizioaren xehetasun praktikoak zehaztea baino ez zaizkie falta bi alderdiei, eta laster biltzekotan dira. Ortuzarren hitzetan, «nahiko samurra» izango da akordioa erdiestea, aurreko hauteskundeetatik eskarmentua badutelako.

ERCk CiUrekin aliantza osatzea baztertu eta Kataluniako alderdi abertzaleek hauteskunde zerrenda bakarra aurkezteari uko egin ostean, CiU eta EAJren arteko aliantza egiteko aukerak are eta indar handiagoa hartu du azken egunotan. Eta, ERCk CiUrekin joatea baztertu eta aldi berean, EH Bildu koalizioarekin batzeko aukera mahai gainean jarri da. Negoziatzen ari direla eta hainbat bilera egin dituztela aitortu dute bi aldeek, baina hartu-eman horien ondoren ERCko iturriek zabaldu dute «zail» ikusten dutela EH Bildurekin batzea. Kataluniako alderdiaren kontseilu nazionalak otsailaren 1ean hartuko du Europako hauteskundeetarako behin betiko erabakia.

Akordiorako aukera zabalik dagoen arren, oraingoz ez dagoela ezer lotuta esan zuen larunbatean Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak. ERCrekin ez ezik, BNGrekin ere harremanetan dago koalizio abertzalea, eta azken erabakia aurki jakinaraziko dute aldeek.

Mayor Oreja ez da aurkeztuko

PPren barne tentsioak azaleratu egin dira berriro, baita Europako hauteskundeei begira ere. Izan ere, Jaime Mayor Orejak iragarri du ez dela atzera aurkeztuko PPren zerrendaburu gisa. Alderdiko iturriek jakinarazi dutenez, Mayor Orejak uko egin dio maiatzeko bozetan zerrendan joateari. Mayor Orejak eman zion erabakiaren berri Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari joan den urtarrilaren 9an. Erabakiaren arrazoien berri emango du Mayor Orejak berak agiri baten bidez.

Mayor Orejaren erabakia, baina, ez da PPk hartu duen kolpe bakarra. Izan ere, Alejo Vidal-Quadras Europako Parlamentuko presidenteorde eta PPko zuzendaritzako kideak alderdia utzi eta VOX alderdi berrian sartuko da. Vidal-Quadrak azaldu duenez, PPko zuzendaritzarekin izan dituen «desadostasunek» bultzatu dute alderdia uztera. Zuzendaritzatik jaso dituen erantzunak behin eta berriz «isiltasuna eta arduragabekeria» izan direla salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.