EAJk adierazi du Espainian eta Europan eragiteko gaitasunari eusten diola

Ortuzarrek «kalkuluak» egiten dituztenak kritikatu zituen EAJren Batzar Nagusian. Atutxak ere uste du ez dutela eragiteko gaitasunik galdu

EAJren zuzendaritzako kideak, Andoni Ortuzar buru dutela, igandean, Barakaldoko BECen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
EAJk asteburu honetan egindako VIII. Batzar Nagusiak zenbait lerroburu utzi ditu, eta horietako bat izan da jeltzaleek bilkura erabili dutela Euskal Herritik kanpoko botere guneetan eragiteko gaitasuna aldarrikatzeko. Historikoki hori izan da EAJren jarduera politikoaren ezaugarri nagusietako bat, jeltzaleek behin baino gehiagotan nabarmendu dutena, baina, orain, EH Bilduk ere Espainiako Gobernuaren aurrean solaskidearen estatusa lortuta, badirudi lehia moduko bat dagoela bi indar politikoen artean, eragiteko gaitasunik handiena nork izango, eta Espainiako 2022ko aurrekontuen negoziazioan agerikoa izan da hori.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak Batzar Nagusiaren ekitaldi politikoa baliatu zuen EAJk Madrilen duen eraginkortasuna laudatzeko, azken bolada honetan eraginkortasun hori txikitzen ari direla diotenen aurrean: «Laster ikusiko duzue hori ez dela horrela», esan zien Barakaldoko BECen (Bizkaia) bildutako alderdikideei.

Gainerako alderdiak kritikatu zituen Ortuzarrek, haren esanetan, EAJ agintean ordezkatzeko «hemendik bi, hiru edo zortzi urterako kontuak» egiten ari direlako. EAJren buruzagiaren arabera, «errespetu gutxi» erakusten dute horrelako kalkuluak egiten dituztenek, «orain tokatzen ez delako eta konpondu beharreko beste arazo batzuk daudelako», baina, gainera, uste du kontu horiek alferrikakoak direla: «Izotzaren gainean egindako kalkuluak dira. Gero udaberriko beroa iritsiko da, eta izotza urtu egingo da, kalkuluak eta guzti».

«EAJren lekuan»

Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak ere gai horretaz hitz egin du Batzar Nagusiaren ostean eman duen lehenengo elkarrizketan. Deitoratu du «beste batzuek alternatiba izateaz» berba egiten dutela «bakar-bakarrik beren burua EAJren lekuan kokatu nahi dutelako», eta erantsi du horrek ez dituela jelkideak kezkatzen: «Abagunea aski garrantzitsua da, eta baditugu beste zeregin batzuk, gizartearekin batera landu beharrekoak».

Atutxak goretsi egin du EAJk Espainiako eta Europako erakundeetan izan duen eragina. Ortuzarrek bezala, hark ere uste du EAJk ez duela eragiteko gaitasunik galdu: «Tradizioz, euskal ahotsa izan gara Espainiako Kongresuan eta Senatuan, ez euskal ordezkari bakarrak ginelako, eragiteko gaitasun handiena geuk genuelako baizik. Egia da EH Bilduk lortu duela azken bolada honetan eragile aktibo bilakatzea, baina EAJ da Legebiltzarrean onartutako politika asko bultzatzen dituena».

VIII. Batzar Nagusian, EAJk erabaki du urtarriletik aurrera «entzute aktiboko» prozesu bati ekingo diola zenbait gairen inguruan gizartearen iritzia jakiteko, eta prozesu horretan erabiliko duen dokumentua ere aurkeztu du. Figura berri bat ere sortu dute: EAJko kide izan gabe alderdiaren «bidelagunak» izango direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.