Pozik hartu dute EAJn Espainiako Gobernuko Sustapen ministro Ana Pastorrek herenegun Bergaran (Gipuzkoa) egindako iragarpena: 2019rako AHTaren EAEko sarea —Euskal Y deitua— egiteko lanak amaituta egongo direla haren ahotan entzutea lasaigarria izan da jeltzaleentzat. Baina ez dute mesfidantza ezkutatu nahi. «Estatuko aurrekontuak orain dela hilabete bat onartu ziren, eta horietan murrizketak daude Euskal Y-rako», ohartarazi zuen atzo Bilbon Isabel Sanchez Robles diputatu jeltzaleak. «Aurrekontuek ez dute aurtengo aski diru, ez eta trena 2019an martxan jartzeko hurrengo urteetan beharko liratekeen kredituetarako konpromisorik ere». Horregatik, adi egongo direla esan zuen, emandako hitza bete dadin —obren kronograma eta dirua prest dituztela esan zuen ministroak Bergaran—. «Espero dugu ez izatea hauteskundeetako kalkuluei begira plazaratutako berri bat».
Ana Pastorrek Bergaran egindako iragarpenak Euskal Y-ari falta zitzaion azken bultzada dirudi, baina benetan aldaketa handia ekarri du; izan ere, Espainiako Gobernuak azkenaldian usu adierazi du ez zuela aski baliabiderik obrei ekiteko. EAJk sarri egin izan dizkie galderak PPko kideei egitasmoari buruz, eta noranzkorik gabeko bide batean zirudien azpiegiturak. Oraintxe hiru hilabete egitasmoaren gaineko konpromiso publiko bat eskatu zietela oroitarazi du diputatu jeltzaleak, eta ukatu egin zietela. Hortik susmoak. Horregatik, jeltzaleek ekintza zehatzak ikusi nahi dituzte egitasmoaren alde. Sanchez Roblesek oroitarazi du, esaterako, Pastorrek agindu duela datozen hiru hiletan egingo direla urratsak Bergarako loturako —Euskal Y-aren «bihotza» dela diote— obra guztiak hasteko, baina hori nola egikarituko den ez dagoela argi. «Egun, ez du horretarako aurrekonturik».
Horiek argitzeko, EAJko diputatuek obrak egiteko plangintzari eta aurrekontuei buruzko argibideak eskatuko dizkiote Pastor ministroari Espainiako Kongresuan. Ez dute nahi esperantza faltsurik. «Beligeranteak izango gara, konpromisoa bete dadin», azaldu du Sanchez Roblesek. Orain arte azpiegiturari buruzko informazioa eskatu eta «sistematikoki» ukatu dietela salatu du, eta jarrera aldaketa espero dutela.
Ana Pastor Eusko Jaurlaritzako Ingurumen ministro Ana Oregiren ondoan azaldu zen Bergarako agerraldian. Hark ere oroitarazi du lanen martxari gertutik erreparatuko diola administrazioak, bete daitezen. Hala ere, nabarmendu du Madrildik ministroak ekarritakoa «egiteko moduko» plangintza iruditu zaiela Eusko Jaurlaritzan, eta «doia».
Gasteizen, lurperatu gabe
Euskal Y-aren lanak bultzada handia hartzera doazela esan dute, baina badaude oraindik azpiegituraren hainbat ezaugarri garrantzitsu zehazteko; egiteko daude, esaterako, tren lasterra hiriburuetan sartzeko obren proiektuak. Badira egitasmo zenbait, ordea. Ana Oregi sailburuak atzo elkarrizketa batean azaldu zuen, esaterako, Espainiako Sustapen Ministerioari proposamen bat igorri diotela Gasteizen tren lasterrarentzat geltoki berri bat egiteko; Dato kalearen inguruetan egongo litzatekeela jakinarazi du —Juanjo Nanclares zubiaren eta zezen plazaren artean—, eta 2019rako martxan legokeela. Lehen fase horretan, bederen, lurperatu gabea litzateke. Tren lasterra hiriko gainerako garraiobide publikoekin lotuta egoteko egin nahi dute azpiegitura berria. Zaharra ez luketela botako esan du, hala ere, Oregik; eraikin historikoa da, eta eraikin babestuen artean dago. Javier De Andres diputatu nagusiak azaldu du prest dagoela proiektua aztertzeko.
Airean daude Euskal Y-ak izango dituen loturak ere; esan duten gisan 2019an martxan jartzen badute, aldaketarik ezean, uharte antzeko bat izango da trenbidea; izan ere, oraindik argitzeko dago Parisekin eta Madrilekin nola lotuta egongo den. Edo lotuta egongo den. Parisek «zalantza handiak» ditu Akize-Hendaia zatia egiteko, eta Madrilekin lotura lasterra ere kolokan dago; Gasteiz eta Burgos arteko zatian ez dira oraindik hasi obrak. Oregik atzo aitortu zuen 2019an «bi abiaduratan» egin beharko dela Gasteiz-Madril arteko bidea tren lasterra hartuta ere, Burgoserainoko zatia ez baita egokituta egongo abiadura handirako.
EAJk adierazi du adi egongo dela Madrilera begira, AHTa egin dadin
Ohartarazi du Pastorrek agindurikoa betetzeko dirurik ez dagoela aurrekontuetan.Gasteizko tren geltoki berrirako plan bat badu Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu