benat sarasola

EAJ vs Baten Batzuk

2024ko apirilaren 20a
05:00
Entzun

EAJk mitina du jaiotzen ikusi ninduen Donostiako auzoan, eta zalantzati iritsi naiz Katalunia plazara, «hemen lanerako nago» adierazi nahi duen keinu mukerra entseatuz. Batere arrakastarik gabe, bistan denez. Auzoaren barrualdean zegoen burdindegikoa gerturatu zait, nola zahartu den hau ere, aulkian eseri eta berehala.

–Hara! Zu ere hemen?

Azalpenetan luzatzeko batere gogorik ez, are gutxiago inor zapuzten ibiltzekoa, eta komunikazio asertiboarekin saiatu naiz.

–Geroz eta gehiago gara.

–Ezta? Gauza bera esaten diot Joxe Mariri. Eta gazteak ere fuerte zatoztela.

Gazteak. Berak esan du.

Jada ez dago Indar berria eslogan blaspiñarriaren arrastorik, agertokiaren atzealdeko mezuak Irabaz dezagun Gipuzkoan! dio. Aurrekoan ez al zuten irabazi, ala? Konprobatu dut baietz, eta baita aurrekoan ere…

Izan ere, mamu bat dabil Katalunia plazan barrena, «Baten Batzuk» mamua. Hasieratik aipatu dituzte, eta haietaz gehiago ari dira hitz egiten ia jeltzaleez beraiez baino. Ondoan dudan gizon adoretsuari galdetu diot.

–Aizu, eta Baten Batzuk horiek zeintzuk dira ba?

–Betikoak.

–Betikoak?

–Gu guztiok aspalditik ezagutzen ditugun horiek.

Oholtzaren alde banatako harmailatxoetan figuranteak kokatu dituzte. Seniorrak alde batean, gazteak beste batean, paparrean Imanol Pradalesen pegatina dutela. Zenbait argibide eman dizkiete gazteei, hau eta bestea gertatzen denean hori eta hura egin behar duzue, eta baietz egin dute buruaz, esaneko, administrazioko esleipen libreko karguak izango balira bezala.

Bakartxo Tejeria izan da hitza hartzen lehena. Eginahalak egin ditu kartsuki hitz egiteko, ohi baino puntu bat gorago; ez gaude alferrik Donostian. Berehala aipatu ditu Baten Batzuk famatuak: «Baten batzuek kenkariak ezabatu nahi dituzte». Ondoko gizonari begiratu diot, ea pistarik ematen didan.

–Betikoak?

–Bai, Baten Batzuk.

Andoni Ortuzar igo da segidan. Aurkezleak «beti umoretsu, baina ideiak argi» dituen politikari gisa aurkeztu du, eta espektatibak handiak ziren, inondik ere. Euskal stand up-ak modan dauden honetan, erreferente gutxi Ortuzar lakorik. Egun hobeak izan ditu, ordea. Inkestetako zalantzatiez hitz egin du: «Jende normala dira, gu bezala». Inspirazio gutxirekin ibili da, pindar gezatuaz, baina, Todos quemos más abestia aipatu duenean jo du goia. El Consorcio musika taldeak kantatzen zuen abesti hura, eta zalantza geratu zait PSEri keinua ote zen. Eskerrak ondoko gizona dudan aldean.

–Gaur ez du Eneko Anduezak hitz egingo?

Sorbaldak jaso ditu, ez dakiela.

Gora Euskadi Askatuta batekin, goizeko bigarrena, amaitu du hitzartzea Ortuzarrek.

Teloneroen txanda bukaturik, Springsteenen unea ailegatu da. Aurkezleak Pradales «alderdi osoaren babesa jaso ondoren» dela hautagaia azpimarratu du. Hainbatek halako azkuratxo supituko bat sentitu dute eztarrian, marranta transitoris madarikatua, eta esfortzu alimalekoa egin dute eztultxoak entzun ez zitezen. Txaloak ozenagotu egin dira, badaezpada. Seguru igo da Pradales, ibili pedrosanchezarrekin, bizkarra tente, urratsa sendo; bizitza telebista plato bat da.

«Dezue» eta «Gipuzkun» bana bota ditu hasi eta berehala. Sinesgogorrik bazen plazan, orduantxe uxatu ditu zalantza denak. Eta berriro Baten Batzuk ditxosozkoak: «Looka aldatu dute baina ez utzi engainatzen, betikoak dira». Ondoko gizonak indarrez egin du txalo eta konplizitatezko keinu bat egin dit.

–Baten Batzuk, ezta?

Baietz egin dit, buruaz.

Promesetarako minutuak iritsi dira. Katalunia plazaren ertzean dagoen Bingo Txuri Urdin-etik kartoi batzuk atera dituzte eta publikoan partitzen hasi dira.

Anoeta Berria proiektua. Ixa markatu dut, ondo hasi gara. 50 milioi euro jarriko dituztela Anoetako kirol-gunea hobetzeko. 50 milioi euro, to. «Ea Iñaki Williams fitxatzen diguten, behintzat» bota du atzeko batek. Jendea kartoiei adi beha, bolaluma eskuan. «Bilduk Albacete Balompiéko lateral bat prometitu du» dio beste batek.

Ikerbasquek 500 ikerlari. Ixa markatu du ondoko gizonak.
Basque Quantum Konputagailu Kuantikoa. Ixa ondoko gizonak berriro, pozik.
Basque Research & Technology Alliance. Hau ez nik ez nire lagunak.
Basque Green Talent. Kale.
Basque Ecodesign Centre. Ezta ere.
Basque Circular Hub. Ixa!
Basque Automotive Manufacturing Center. Kale.
Net-Zero Basque Industrial Super Klusterra. Bigarren lerroko emakume perladun batek linea kantatu du.

Basque Tek Ventures.
Basque Microelectronics Hub.
BAPPA, Basque Plan of Physical Activity

Bingo!

Txaloak.

Asuntoa desmadratzen hasia dela jabeturik, «bukatzen ari naiz» zehaztu du Pradalesek. Ondoko gizonari bota diot ahapeka.

–Inork ez du Osakidetzaren kudeaketa inpekableaz ezer esango?

Sorbaldak jaso dizkit.

Ez du itxurarik, zeren arraunlari iragana gogoraraziz amaitu du Pradalesek, Kontxako banderan arraun egindakoa dela, eta Kontxa entzun dugularik, zerbait hautsi zaigu bihotzean, kra. «Poparian ibili eta irabaziko dugu!» itxi du Pradalesek tinko. Zutitu egin da ondoko gizona gogo biziz. Badirudi baietz, boza emango diola.

«Gora Eusko Alderdi Jeltzalea! Gora Euskadi Askatuta!» (ordena horretan)

Lehenago ez okurritzea ere! Hanka egin aurretik galdetu diot lagunari.

–Baten Batzuk horiek… ez ote dira Bildukoak izango?

 

mitina

  • Alderdia. EAJ.
  • Hizlariak. Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia eta Andoni Ortuzar EBBren lehendakaria.
  • Lekua. Katalunia plaza.
  • Eguna. Apirilaren 14a.
  • Ordua. 12:00ak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.