EAJ Raxoirekin elkarlanean aritzera deitu du PPk

Barredak eskatu dio EAJri egonkortasunaren alde egiteko, «zeharka Bilduri eta Kataluniari» begiratu gabe»

joxerra senar
Iruñea
2013ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Leopoldo Barreda PPko eledunak bidegurutze honetan jarri du Eusko Jaurlaritza berria: «Edo herritarrei bizkarra ematen die eta denari kontra egiten dio, edo herritarrekin dago, Espainiako Gobernuarekin elkarlanean». Haren esanetan, bigarren hautuaren alde egiten badu, EAJkbadu aukera EAEko PPrekin itun batzuk egiteko. «Hautatu beharra dauka, ez delako posible bi eremuetan jokatzea, egun batean arduratsu izatea eta bestean arduragabe, egun batean ezegonkortasuna ereitea eta bestean erabaki ekonomikoak hartzea», ohartarazi du.

Krisiari aurre egiteko aurrekontu «serioak» egiteko eskatu dio Iñigo Urkulluren gobernuari; aurreko lehendakari jeltzale Juan Jose Ibarretxe baino serioago, alegia: «Ibarretxe baino serioago jokatu beharko luke. Ibarretxek ez zuen minutu bat ere galtzen negoziatzeko». Barredak azaldu du ez dela bildu jeltzaleekin eta Jaurlaritzak hartutako lehen neurriak kritikatu ditu.

Amaitu berri den urteari begira, «gogorra» izan dela nabarmendu du, baina Espainiaren erreskatearen aukera «urrundu» dela deritzo. Haren ustez, «erreformaren bidetik» jarraitu behar da, eta bide horretan euskal herritarrek «lehen lerroan» egon behar dute neurri horiek babesten eta bultzatzen. Nolanahi ere, haren ustez, EAEren 2012ko datu ekonomiko txarrak Patxi Lopezen gobernuaren «ezegonkortasun politikoari eta paralisi sakonari» zor zaizkio. «Raxoiren gobernuari oposizioa egitea aukeratu zuen».

Haren irudiko, EAJren Eusko Jaurlaritzak bide hori saihestu egin beharko luke. «Hautatu beharra dauka krisiari aurre egiten dion eta konponbideak bilatzen dituen, edo zeharka Bilduri, Kataluniari eta Eskoziari begiratzen dion». Haren ustez, Jaurlaritzaren aukera «serioa» da Espainiako Gobernuaren politikei men egitea.

Batasunaren desegiteaz ere hitz egin du Leopoldo Barredak: «ETAren inguruneko beste antolamenduen ildotik doa, Segi edo Askatasuna bezala. Urrats instrumentala da». Barredak «betikoa» sumatu du faltan: «ETAk eragindako kaltean izandako parte hartzea aitortzea eta terrorismoa gaitzestea». Esanguratsutzat jo du «ETAren ingurunea desegitea, ETA ezik».

Ezker abertzaleak fase politikoak aipatzea «bere irakurketari, bere burbuilari» erantzuten diola deritzo Barredak. «Batasuna bersortu nahi ditu, ETArekin hautsi gabe, hemen ezer gertatu ez balitz bezala. demokraziarako urratsik eman gabe garai berri batera doaz», kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.