GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzan eta beste erakundeetan PSE-EEk eta EAJk lortutako akordioa Madrilgo Diputatuen Kongresura eramatearen alde agertu da PSEko bozeramaile Jose Antonio Pastor.
Atzo, bere alderdikide Eneko Anduezarekin batera eginiko prentsaurrekoan, zortzi hilabeteko koalizio gobernuaren inguruko balantzea egin zuen Pastorrek. Gainontzeko alderdiekin akordioak egiteko prest dagoen «gobernu ireki» gisa definitu zuen eurena, eta PSEk bide horretan eginiko lana goraipatu: «Lehen zuzenketak zirenak gobernuaren konpromiso dira orain».
Akordioak lortzeko orduan oposizioko hiru indarrek izandako jarrera kritikatzeko ere baliatu zuen aukera Pastorrek. Presoak eta Katalunia EH Bildurentzako zama bilakatu direla argudiatu zuen, Podemos-Ahal Dugu bere «zaharrek» Madrilen egiten dituzten errepliken menpe dagoela, eta PPk nahi bai, baina ezin duela.
Espainiari begira, EAJ-PSE akordioak estatuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko «inkomunikazio hesia» hausteko balio izan duela adierazi zuen. Abiadura handiko trenaren azpiegitura, Ertzaintzaren lan eskaintza publikoa eta kupoa jarri zituen EAEn bide bat irekitzen ari den adibidetzat. Rajoyren gobernuaren aurrean sor daitezkeen ekinbide alternatiboetan, EAJren babesa lortzearen alde egin zuen Pastorrek, besteak beste gazteen erreskaterako plan bat eta langileen estatutua aurrera ateratzeko.
EAJ-PSE akordioa Madrilera luzatzea nahi du Pastorrek
Sozialisten bozeramaileak EAJ-PSE akordioaren zortzi hilabeteko balantze «positiboa» egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu