Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Bizkaia

EAJ nagusitu da Bizkaian, eta PSEk buelta eman die aurreko galerei

Elkarrekin Podemosek 60.000 boto galdu ditu, eta, horrekin batera, diputatu bat. EH Bilduk eutsi egin dio bere diputatuari. Espainiako eskuina ordezkaririk gabe gelditu da

EAJ nagusitu da Bizkaian, eta PSEk buelta eman die aurreko galerei.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

EAJ izan da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako garailea Bizkaian. Historikoki herrialdean izan duen nagusitasuna batzuetan lausoturik gelditu da bozak Espainiakoak izan direnean eta Espainiako logikak eta joerak gailendu direnean —2016ko hauteskundeetan, esaterako, Elkarrekin Podemos izan zen lehenengo indarra Bizkaian—. Oraingoan, baina, horrek ez dio eragin EAJri: boto kopuruan zein ehunekoan asko hazi da —botoen 99,53 zenbatuta, 234.338 boto, %34,38—, hiru diputatu lortu ditu —aurrekoan baino bat gehiago—, eta argiro eutsi dio lehen postuari.

PSE-EE izan da bigarren indarra, 135.442 boto eta bi diputatu lortuta —aurrekoan baino bat gehiago—. Ziklo negatibo luze batetik zetorren PSE-EE, eta oso emaitza eskasak izan zituen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, udaletakoetan —Bizkaian zituen alkatetza garrantzitsu ia guztiak galdu zituen— eta Espainiakoetan. Orain, baina, esan daiteke Espainiatik datorren logikak funtzionatu egin duela: eskuinari gobernuaren presidentetza kentzeko lehia horretan, PSE-EE asko hazi da Bizkaian, batez ere Bilbon eta inguruko herrietan. Ezkerraldean, esaterako, historikoki izan duen nagusitasuna berreskuratu du, eta lehen indarra da Barakaldon, Portugaleten eta Sestaon: horrek esan nahi du udal hauteskundeetan lehia bizia egongo dela herri horietan alkatetza lortzeko.



Dudarik gabe, Bizkaian Elkarrekin Podemos izan da galtzaile nagusia, PPrekin batera. 120.599 boto eta bi diputatu lortu ditu —diputatu bat galdu du—, eta horrek erakusten du baduela oinarri finko bat eta gutxieneko hautesle kopuru bat, baina, orobat, argi gelditu da duela hiru urteko emaitzak aski puztuta zeudela; asko jaitsi da, are lehenengo indarra izan zen herrietan ere.

EH Bilduk eutsi egin dio bere diputatutari, eta, gainera, hazi egin da; botoetan —23.300 boto gehiago— eta, garrantzitsuagoa dena, ehunekoan —%10,89tik %13,36ra—. Horrek erakusten du hazkundea ez dela soilki parte hartze handiagoaren ondorio, eta gorantz datorren indar bat dela.

PP, ordezkaririk gabe

PPrentzat erabateko porrota izan da atzoko hauteskunde eguna Bizkaian. Zeukan diputatua galdu du, eta, horrekin batera, ia botoen erdiak ere bai; ia 80.000 boto izatetik (%12,71) 50.000 botoen langara ez iristera igaro da (%7,27). Adibidez, Getxon, PPren indarguneetako batean, ia 3.700 boto galdu ditu, oraindik bigarren indarra bada ere —%24,56 lehen, %15,28 orain—.

Bitxia bada ere, eta Espainian ez bezala, ez dirudi Bizkaian C's-ek botorik kendu dionik PPri, duela hiru urteko emaitzak errepikatu baititu: 20.685 boto lortu zituen 2016an, eta 21.133 orain. Voxek, berriz, 15.740 boto izan ditu Bizkaian. Bi indarrak guztiz bazterrekoak dira orain ere Bizkaian.

Hego Euskal Herriko emaitzak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.