Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko azken inkesta argitaratu du, eta, horren arabera, EAJ izango litzateke bozen irabazlea, 29 hautetsi lortuta: bi legebiltzarkide galduko lituzke 2020ko emaitzekin alderatuta, bat Gipuzkoan eta beste bat Araban. EAJk PSE-EErekin duen ituna berrituz gero, koalizio gobernua ez litzateke arriskuan egongo: izan ere, inkestaren arabera, PSE-EEk 11 hautetsi lortuko lituzke, orain baino bat gehiago, eta bien artean 41 legebiltzarkide izango lituzkete, orain baino bat gutxiago, baina gehiengo osoaren langa ezartzen duen kopurua (38) aise gaindituz.
EH Bildu oposizioko lehen indarra izango litzateke, 25 hautetsirekin: orain baino lau gehiago. Gipuzkoan bederatzi eserleku lortuko lituzke, orain baino bi gehiago, eta herrialde horretan lehenengo indarra izango litzateke, botoen %38,6 lortuta. Araban eta Bizkaian ere legebiltzarkide bana irabaziko luke koalizioak.
Inkestaren arabera, PSE-EEk irabaziko lukeen hautetsia Araban lortuko luke, eta lautik bostera pasatu. Elkarrekin Podemos eta Sumarren arteko koalizioak galera handia izango duela aurreikusten da inkestan, EP-IUk gaur egun dituen emaitzekin alderatuta: orain dituen sei legebiltzarkideetatik erdiak galduko lituzke. PPk zazpi hautetsi lortuko lituzke, orain baino bat gehiago, eta Voxek duen hautetsi bakarra galduko luke; beraz, ez luke ordezkaritzarik izango Eusko Legebiltzarrean.