EAJ eta Zabaltzen-en arteko Geroa Bai koalizioak Uxue Barkos du hautagai

«Oraingoan zailagoa» bada ere, Kongresura «nafarren ahotsa» eraman nahi dute proiektu berriarekin

Maria Solana, Manu Aierdi, Uxue Barkos eta Koldo Martinez, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Argitu da zalantza. EAJ alderdiak, Zabaltzen elkarteak eta Atarrabia Taldeak ez dute Nafarroa Bai marka erabiliko, eta hartara izen berri batekin lehiatuko dira azaroaren 20ko hauteskundeetan. Geroa Bai izena hartuko du koalizioak. Espero bezala, Kongresurako zerrendaburua Uxue Barkos izango da, baina oraindik zerrendak ixteko dituzte, Senaturako hautagaiaren erantzun ofizialaren zain daudelako. Barkosek aitortu du Aralarrek Amaiur koalizioarekin bat egiteko egindako urratsa erabakigarria izan dela hautagai izateko eskaerari baiezkoa emateko orduan. Diputatua lortzea oraingoan «zailagoa» izango dela aitortu du, baina ilusioz eta gogoz hartu du erronka Barkosek.

Iruñean ezagutarazi dute koalizioaren izena. Agerraldian, Uxue Barkosen alboan, EAJko, Zabaltzen-eko eta Atarrabia Taldeko hainbat ordezkari izan dira: besteak beste, Manu Aierdi, Unai Hualde, Koldo Martinez, Patxi Leuza eta Maria Solana.

«Geroa Baik etorkizunera begiratu nahi du, iraganean pilatutako esperientziaz ahaztu gabe». Halaxe aurkeztu du koalizioa Kongresurako zerrendaburuak, Uxue Barkosek. Haren hitzetan, erronka berri honek «Nafarroa pluralaren ahotsa» eraman nahi du Kongresuko talde mistora. Azpimarratu du Geroa Baik subjektu gisa aintzat hartzen duela Nafarroa, «eta ez objektu edo truke gisa». UPNk eta PPk osatutako proiektuarekin alderatuta «erabat desberdina» dela nabarmendu du, baina, era berean, Amaiur koaliziotik ere bereizten dela azaldu du.

Erasoetatik aldendu

Dena den, Barkosek argi utzi nahi izan du «erasoetatik aldentzeko» asmoa dutela eta ez duela hitz egin nahi arerioekin dituzten ezberdintasunez: «Kanpaina honetan ez zaie arerioei eraso behar, proposamenak modu positiboan kaleratu behar dira, gizarteak erronka garrantzitsuei aurre egin behar dielako». Amaiurrek eta Geroa Baik eremu abertzaleko botoa lehian izango ote duten galdetuta, Barkosek erantzun du bataren zein bestearen programen artean aukeratu beharko dutela herritarrek.

Geroa Baiko hautagaiaren hitzetan, Aralarrek aste honetan jakinarazi die hurrengo hauteskundeei begira ezingo dutela Nafarroa Bairen marka erabili. Barkosen hitzetan, 2003an NaBai sortu zuten lau alderdiek zereginak euren artean banatu zituzten, eta Aralar arduratu zen marka erregistratzeaz. Zortzi urte geroago, sorrerako gertaera hartaz baliatzea aurpegiratu dio Aralarri, eta kritikatu du alderdi horrek izena eman bazuen ere NaBairen markaren jabegoa koalizio osoarena dela. Dena den, jakinarazi du ez dutela «eztabaida antzuetan» sartu nahi eta ez dutela NaBairen izena lehia politikorako baliatuko.

Azaroaren 20an Geroa Baik Kongresuan eserleku bat lortuz gero, berriro Madrilgo legebiltzarreko lana Iruñeko Udalekoarekin partekatu beharko du Barkosek. Bere garaian, bi jarduerak aldi berean kudeatzea gogorra egiten zitzaiola esan zuela gogorarazi diote kazetariek, eta Barkosek adierazpen hura berretsi du. Dena den, berriro ere hautagai izateko eskaera onartzeko orduan, gaineratu du orain «nondik norakoak» aldatu egin direla eta Aralarrek Amaiurrekin bat egiteko erabakiak baldintzatu duela.

Azaroaren 20ko hauteskunde emaitzek argituko dute apustu politikoan nork asmatu duen. Barkosek onartu du erronkak bere arriskuak dituela. Duela lau eta zortzi urte bezala, berriro ere Kongresuan eserleku bat lortzea eskatu diote koaliziokideek. «Maiatzaren 22an Nafarroako Gobernuaren alternatiba gisa aurkeztu ginen gizartearen aurrean, eta uste dugu proiektu horrek aurrerantz jarraitu behar duela». Norabide horretan, Geroa Bairen proiektua «koherentea» dela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.