EAJ eta PP elkarlanerako ituna prestatzen ari direla uste du Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak. Horixe erakusten duela azkenaldian bi alderdiak izaten ari diren jarrerak, harremanek eta bilerek. Pastor sinetsita dago lanean ari direla Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJk irabazten baditu PP «lehentasunezko bazkide» izan dadin. Eta esan du horrexegatik bildu zelaherenegun Iñigo Urkullu Antonio Basagoitirekin. Azken orduko ezustekorik ezean, EAJren lehendakarigaia izango da Urkullu, eta PPrena Basagoiti, eta, berri agentziek zabaldu dutenez, egoera ekonomikoari eta ETAren amaieraren kudeaketari buruz aritu ziren biak asteazkeneko bileran.
Baina ez hori bakarrik. Urkullu Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin izatekotan den bilera ere prestatu zuten herenegun EAJko eta PPko buruek. Bi alderdien arteko akordioak lantzeari begirakoa izango da Urkullu eta Raxoiren arteko «bilera sekretua», Pastorren hitzetan. Eta harreman berezi hori bi esparrutara zabaltzekotan direla deritzo, gainera: EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazten baditu PP hartuko duela bazkide, eta, aldi berean, EAJ Espainiako Gobernuaren lehentasunezko babesle izango dela.
Hala izateko saioan ikusten du Urkullu. PPren gobernua egiten ari den murrizketa bortitzen inguruan EAJ izaten ari den jarrera bigunak horri erantzuten diola uste du Pastorrek: «Raxoiren neurriak EAEren konpetentziak urratzen ari diren arren eta ongizatea zein autogobernua zauritzen ari diren arren, Urkullu ez da oso kritiko ari». Gauzak horrela, «hurrengo lehendakari izan nahi duenari», Urkulluri, dituen «lagun arriskutsuen» inguruan hausnartzeko eskatu dio.
Eskumako politika bera
Baina ez du uste EAJk norabidez aldatzeko asmorik duenik. Areago, «Espainia gobernatzen duen eskumaren eredu bera» duela iruditzen zaio. Hortaz, ohartarazi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak EAJk irabaziko balitu Urkulluk Raxoiren murrizketa guztiak berdin-berdin ezarriko lituzkeela: «Urkulluk Raxoiren politika ezarriko luke Euskadin, baina euskal labelarekin».
Beste aldean, Espainiako Gobernuak EAJ «nazio mailako politika gaietan, Espainiako ekonomiaren garapenean eta ETAren amaieraren kudeaketan» inplikatu nahi duela esan dute berri agentziek, PPren iturriak aipatuta. Urkullu Raxoirekin bilduko dela baieztatu dute, eta Moncloan izango dela batzarra, aurki.
Pastorrek, berriz, esan du lehendakariak ez duela agenda «EAJren eta PPren hauteskunde presengatik aldatuko», eta bozak «dagokienean» egingo direla.
EAJ eta PP bozen osterako ituna prestatzen ari direla dio Pastorrek
PPko iturriek baieztatu egin dute Iñigo Urkullu Mariano Raxoirekin batzartuko dela aurki Moncloa jauregian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu