maiatzaren 22-ko hauteskundeak

EAJ eta H1! Araban elkarrekin batzar nagusietan eta zazpi herritan

Batzar nagusietan eta Agurain, Kanpezu, Oion, Guardia, Eltziego, Zuia eta Zigoitian Hamaikabateko kideak EAJko zerrendetan joango dira, independente gisa. Gasteizen H1!-ek ez du zerrendarik aterako, baina programa akordioa lortu dute bi alderdiek.

2011ko apirilaren 14a
19:14
Entzun

Arabako akordioaren berri atzo eman ostean, EAJk eta Hamaikabatek (H1!) gaur zehaztu dute herrialdean non aurkeztuko diren elkarrekin maiatzaren 22ko hauteskundeetan: batzar nagusietan eta zazpi herritan -Agurain, Kanpezu, Oion, Guardia, Eltziego, Zuia eta Zigoitian-. H1!-eko kideak EAJko zerrendetan joango dira, independente gisa.

Astelehenean bukatuko da zerrendak aurkezteko epea, eta bi alderdiek esan dute balitekeela Arabako beste herri batzuetan ere adostasunera heltzea.

Gasteizen H1!-ek ez du zerrendarik aterako, eta programari buruzko akordioa lortu dute EAJk eta biek.

Bi alderdiotako Arabako presidenteek eman dute hitzarmenaren berri prentsaurrekoan, gaur: Iñaki Gerenabarrena EAJkoak eta  Iñaki Beraza Hamaikabatekoak. "Abertzaletasun historiko eta instituzionalaren artikulazioa" bilatu dute, esan dutenez, "lidergo politikoa eta soziala berreskuratzeko".

Gipuzkoan eta Bizkaian akordiorik ez

EAJk duela hilabete batzuk Arabako akordio horren eskaintza bera proposatu zion Hamaikabati EAE osorako —EAJ Nafarroan NaBai 2011 koalizioan aurkeztuko da—. Gipuzkoako H1!-ek baztertu egin du aukera, herrialde horretan besteetan baino indar handiagoa duela iritzita. Iñaki Galdos eta Pello Gonzalez dira Hamaikabateko buru nagusietakoak Gipuzkoan, eta biak legealdi honetan herrialdeko diputatu dira. 2007ko bozetan, baina, EAtik aurkeztu ziren —gero sortu zen H1!—.

Duela lau urteko bozetan Araban gauzak oso estu joan ziren: PPk irabazi zituen, 39.765 botorekin; PSE-EEk 39.596 bildu zituen, EAJk 39.055. EA bere kasa aurkeztu zen: 8.692 boto. Hirugarren geratu arren, EAJk lortu zuen ahaldun nagusi postua —Xabier Agirre—, EAren babesari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.