EAJ, EH Bildu eta EP adostu egin dira Atristainen espetxeratzea salatzeko

Auzitegi Gorenaren erabakiari «arbitrario» iritzi diote. Foro Sozialak txalotu egin du akordioa

Diez, Gorrotxategi eta Arzuaga, atzo, Eusko Legebiltzarrean. DAVID AGUILAR / EFE.
gotzon hermosilla
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi GorenakGiza Eskubideen Europako Auzitegiaren irizpideak aintzat hartu ez izanak, eta, ondorioz, Xabier Atristain espetxeratu izanak erreakzio soka luzea ekarri du, eta, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko indar politiko nagusiak ados jartzea lortu du. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk adierazpen bateratua izenpetu dute, eta, horretan, «harridura» eta «kezka» agertu dute erabakiaren inguruan. Uste dute Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia «arbitrarioa» dela, eta «ziurgabetasun juridiko sakona» eragin duela.

EAJko Joseba Diezek, EH Bilduko Julen Arzuagak eta EP-IUko Miren Gorrotxategik aurkeztu dute agiria. Hiru indar politikoen artean, parlamentarien %77 ordezkatzen dituzte Eusko Legebiltzarrean. Gogorarazi dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak plazaratutako epaia «argia, irmoa eta bete beharrekoa» zela, eta, hortaz, harrigarria begitandu zaie Espainiak sententzia hura aintzat hartu ez izana.

«Errespetuz hartu genuenGiza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren aurka Atristain auzian emandako epaia, zeinaren arabera Atristaini epaiketa justu bat izateko eskubidea urratu zitzaion, inkomunikazio erregimenaren aplikazioaren ondorioz. Sententzia horri jarraituz, Atristain aske geratu zen», azaldu dute hiru taldeek.

Hala ere, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki du Estrasburgotik iritsitako epaia aintzat ez hartzea. Erabaki «arbitrario» horrek«ziurgabetasun juridiko sakona» eragin du, hiru taldeen ustez.

«Kezka» ere adierazi dute hiru taldeek, «alternatibak egonda ere Atristain berehala espetxeratzeko agindua» eman dutelako.

Foro Sozialak «txalotu» egin du adierazpena, eta nabarmendu du «legebiltzarkideen gehiengo zabal batek erdietsitako akordioa» izan dela, «Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Atristain auziari buruz emandako epaia betetzeko eskatzeko, eta, aldi berean, Auzitegi Gorenaren azken epaiaren arbitrariotasuna salatzeko».

Foro Sozialak uste du inkomunikaziopean atxilotutakoei abokatu laguntza ematea «oinarrizko eskubidea» dela, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berretsi duen moduan.

Hortaz, Atristain espetxeratu izana «epailetzaren sektore oso ideologizatu baten erabakia» izan dela pentsatzen du Foro Sozialak: «Sektore hori beste esparru batzuetan ere presentzia duen lobby baten parte da, baina sufrimendu gehiago eragitea baino ez dute lortzen».

EArentzat, «kezkagarri»

Eusko Alkartasunak ere «oso kezkagarritzat» jo du Gorenaren erabakia, uste baitu Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia «argia» zela. EAren ustez, Gorenak eragotzi nahi du «Espainiari ezarritako zigorra bete behar izatea». Esan duenez, Atristainek ez zuen «epaiketa justurik» izan, eta, ondorioz, Estrasburgok plazaratutako epaia «nahitaez» bete behar da.

Urtarrilaren 18an ebatzi zuen Estrasburgok Atristainen eskubideak urratu zituztela. Otsailaren 17an, Espainiako Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen, epaia nola aplikatu behar zen erabaki bitartean. Gorenaren erabakia asteazkenean iritsi zen, eta, hurrengo egunean, berriro espetxeratu zuten Atristain, Auzitegi Nazionalaren aginduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.