Europako Parlamenturako bozak eginda, bi urteko hauteskunde zikloa itxi da Hego Euskal Herrian —Espainiako Gobernuaren egonkortasunak ez badu besterik esaten—, eta EAJ prest dago Eusko Jaurlaritza berria abiatzeko, PSE-EErekin gobernu akordioa egin ondoren; baina jeltzaleek zain daukate boto galera handia eragin dion estrategiari buruzko hausnarketa prozesu garrantzitsu bat. EBBko presidente Andoni Ortuzarrek berak iragarri du urtea bukatu aurretik estrategiari buruzko ponentzia bat onartu beharko duela alderdiak; EBB berritzea ere badago prozesu horren barruan. Ezinegona dago Sabin Etxean, eta, harago, oinarrien artean; izan ere, azken bozek berretsi egin dute EAJren nagusitasuna ezbaian dagoela.
Azken lau hauteskundeen emaitzak osorik aztertuz gero, gainbehera handia islatzen baitu aroak. Joan den igandeko bozetan jeltzaleek botoen erdiak galdu dituzte, 185.000 hain zuzen (-%11,5), eta ez dira gailendu Hegoaldeko hiriburu bakar batean ere, ezta lurralde bakar batean ere. Iñigo Urkullu lehendakariak pandemiaren gordinean deitutako bozetan hasi ziren botoak galtzen jeltzaleak. 2020an, 50.000 galdu zituzten, baina izurriteak —eta jeltzaleek hiru eserleku gehiago lortu izanak— galarazi egin zuen azterketa zorrotz bat egitea aldagai horren inguruan.
2023ko udal eta foru hauteskundeetan iritsi zen lehen eroriko handia: EAJ %3,8 jaitsi zen botoen ehunekotan; 90.000 boto baino gehiago. Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduk sorpasso egin zion (bost batzarkide gehiago), baina, PSEri eta PPri esker, Foru Aldundiari eutsi zion, Eider Mendoza ahaldun nagusi izendatuta. Gasteizko alkatetza ere galdu zuen PSEren mesedetan (Maider Etxebarria), nahiz eta hautagai bozkatuena EH Bildurena izan zen, Rocio Vitero.
Alarma hotsa ozendurik
Bi hilabete geroago, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak iritsi ziren, uztailean, eta kolpea 110.000 botorena izan zen, %8ko ehunekoan. EH Bilduk jeltzaleek baino kongresukide bat gehiago lortu zuen Madrilen. Aurtengo apirilean, berriz, EAJ izan zen bozkatuena Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, baina %4,5eko ehunekoa galduta, eta koalizio independentistarekin berdindurik eserlekuetan (27na). Testuinguru horretan, aurreko igandeko galera handiak (185.000 boto) alarma hotsa ozendu du Sabin Etxean, hautagaien berrikuntza ez baita nahiko izan erdigune politikoari eusteko.
Zer-nolako tartea dauka EAJk sakoneko aldaketak egiteko, PSErekin batera urratutako bide ezagunean aurrera egiten duen bitartean? Galdera horri erantzun diote bi analistak BERRIAn, eta biak bat datoz: tarte oso estua. «Europako hauteskundeek aurretik zegoen joera bat berretsi dute EAJri dagokionez: beheranzko joera». Iker Iraola (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) Soziologian doktorea da, eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea; haren ustez, EAJk «botoak erakartzeko gaitasuna» galdu du. «Haren indarra zen erdigune politikoan egotea, eta leku desberdinetatik botoak jasotzea, besteak beste, PSEtik eta PPtik. Hori ez da horrela jadanik». Iraolak dio «segur aski» balizko boto jeltzale asko abstentzioan geratu direla, %50ekoa izan baita ez alferrik, «baina beste asko» beste alderdi batzuetara joan zaizkiola, «EH Bildura ere bai».
«EAJren indarra zen erdigune politikoan egotea eta leku desberdinetatik botoak jasotzea. Hori ez da horrela dagoeneko».
IKER IRAOLAEHUko soziologoa
Doktoreak uste du EAJ eroso zegoela erdigunean, eta «EH Bilduk ere zentrora» egin duela. Bi alderdi horien artean «lehia handia sortu da» boto emaileak erakartzeko. Iraolaren irudiko, koalizio abertzaleak ez du «oraindik» EAJk lortu zuen gaitasuna botoak erakartzeko, baina ziurtatu du «EAJtik, ezker konfederaletik eta PSEtik ere» botoak eskuratzen dituela, «agian ez gehiegi oraindik azken alderdi horretatik».
Hegemoniaren lehian
Eva Silvan (Madril, 1975) politologoak, berriz, nabarmendu du EAJk baduela abantaila bat boto galera eteteko: bozen zikloa bukatu dela, «Pedro Sanchezek ez badu besterik esaten», eta hiru urteko tarte bat izango duela norabidea aldatzeko. EHUko irakaslea eta Silvan&Miracle aholkularitzako fundatzaileak argi dio beste alderdi bat dagoela EAJrekin «hegemonia politikoaren lehian»: EH Bildu. «EAJ ez da jadanik euskal gizartea hain argi islatzen zuen alderdi hura. Urte askoan euskal gizartea ulertzen jakin du, baina ziklo honetan boto emaileen zati bat joan zaio, abstentziora edo EH Bildura, eta, bozen arabera, PSEra eta PPra ere bai, boto duala aktibatu denean».
Silvan «harriturik» geratu zen aurreko igande gauean ikusita EAJk %11 baino gehiago galdu duela botoen ehunekoan. «EH Bildu %4 baino gehiago igo da, eta PSE, %6 inguru. Hor egon daiteke jeltzaleen galera». Eta, hala ere, politologoak uste du EAJk ez duela egin oraindik gainbeheraren azterketa sakon bat: «Zuzendaritzaren egitura edonon azaltzen da, Ortuzarrek ordezkatua. Hautagai berriak oso babesturik dituzte; Pradales ez dute plazara ateratzen kasik. Inork irudika dezake Sanchez edo Feijoo erdi ezkutuan, hauteskunde batzuk irabazi ostean?».
«Jeltzaleek azterketa prozesu bat egin behar dute, baina oraindik ez dute egin; EBBren berrikuntza zain dago».
EVA SILVAN Politologoa
Horren azalpena da, Silvanen ustez, «egin behar duten azterketa prozesua egiteko» dagoela oraindik, «EBBren berrikuntza zain» dagoela, alegia. Gogoratu du CISek bere azken txostenean galdetu duela nork islatzen duen hobekien euskal gizartea, eta EH Bildu azaltzen dela lehena erantzunen artean. «Oso esanguratsua da».
EAJren kontraesan nagusia
Ildo beretik, Iraola irakasleak esan du EAJ izan dela euskal ordezkaria Euskal Herritik kanpo, eta hori aldatzen ari dela. «Espainiako Kongresuan oso deigarria izan da EH Bilduren lehia ordezkaritza hori bereganatzeko, eta, orain, Europan, antzeko zerbait gerta daiteke». Edonola ere, EHUko adituak kontraesanak antzematen ditu EAJren esanen eta hartutako erabakien artean, eta hori oztopotzat jotzen du estrategia aldatzeko saio bati begira. «Indar berriaren ideia baliatu dute hauteskundeetan, hautagai berriak jarrita, baina EAJk ezin du izan aldaketaren indarra, ezin du izan indar berri bat eta, aldi berean, gobernuetan jarraitu aurreko eskema bertsuekin».
EHUko doktoreak dio PSErekin gobernuan jarraitzeak «jarraipena» helarazten duela nahitaez, eta horrek galarazi egiten diola «berrikuntzaren ideia» aurrera eramatea: «Azaleko berrikuntzatik harago joan nahi badu, ezin du jarraitu gobernuetan betikoekin gobernatzen, politika ezagunak egiten». Aliantzen politika aldatzeko, ordea, EAJk «ez du pizgarririk», Iraolaren arabera, eta lokarri hori askatzea zaila da.
Silvan politologoaren ustez, «erabakiak hartu behar ditu EAJk, ez baititu izaten aldaketa sakonak». Analistak dio jeltzaleei «izugarri» kostatzen zaiela gizarteari helaraztea ulertu dutela mezua. «Ez dute gobernu krisi bat egin Osakidetzari begira, adibidez». Silvanek dio «betikoek alderdia kontrolpean» duten ustea aski zabaldu dela, eta gizartea aldatu egin dela. «Pluralagoa da, euskaldunagoa, feministagoa, ekologistagoa, ez lehen bezain independentista; ez da hain homogeneoa. EAJk aldatu egin beharko du estrategia, nahitaez». Baina balizko aldaketa hori EH Bilduren ispiluak neurtuko du, haren arabera, «kudeaketa eredurako proposamen bat egingo baitu etengabe Eusko Legebiltzarrean, inbestidura saioan hasita».