Martin Garitano. Gipuzkoako ahaldun nagusia

«EAJ bere egiten saiatuko da orain arte kritikatzen aritu dena»

Garitanok uste du Bilduk «konpondu» egin dituela aurreko legegintzaldian polemika iturri ziren gaiak eta agerian geratu dela oposizioaren «jokoa».

jokin sagarzazu
Donostia
2014ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ez du argitu nahi ahaldun nagusi izateko hautagaia izango den edo ez. Ziur da, halere, Bilduk eutsi egingo diola gobernuari. Hiru urte egin ditu horren buruan Martin Garitanok (Bergara, 1963). Lanpetuta dabil, eta galderei amaitu aurretik erantzuten die ia, itzulingururik gabe. Herriko auziko epaia jakin aurretik egindakoa da elkarrizketa.

Autokritikarako joerarik ez duzuela dio oposizioak. Egitekotan, zertan egingo zenuke?

Guk joera handia daukagu autokritikarako; batzuetan, gehiegi. Baina ni oso pozik nago. Lau urte lehenago hemen polemika iturri ziren gaiak konpondu ditugu: ez dira egingo erraustegia, Hondarribiko aireportuko pistaren luzatzea, Jaizkibelgo superportua...

Baina zertan huts egin duzue?

Egia da ezin izan ditugula aurrera atera esku artean genituen proiektu guztiak; hori gertatu da, gehienbat, diru kontuagatik. Aurrekontuen erdia gizarte politiketarako jarri dugu; ez gara iritsi toki guztietara. Udalei ezin izan diegu nahi bezala lagundu.

Agintaldi honetan nabarmendu duzue zerga sistemaren erreformarena, eta, bereziki, fortuna handiena. EAJk eta PSEk eginiko akordioa dela eta, badirudi horrek ez duela aurrera egingo.

Neurri batean ez. Baina zerga hori dela-eta diru kopuru handia bildu dugu aurten. Eta horrek erakusten du beste diputazioek ere bide bera erabili beharko dutela, sistema publiko indartsu bat mantendu nahi badute. Nik uste dut gizarteak hori ulertzen duela, eta nahi duela. Nekez esplika daiteke kontrakorik.

Aurrekontuetarako akordioak egin dituzue EAJ eta PSErekin. Udazkenean hasiko zarete datorren urtekoekin; zailtasun gehiago aurreikusten dituzu?

Ez. Lehenengo ikusi behar dira, gero negoziatu, eta aldaketak egin behar badira; gu prest gaude. Baina ez daukat dudarik berriro aterako ditugula. Eta ez bada horrela, ez da tragedia bat izango.

Hondakinen eztabaidak higatu ala mesede egin dizue?

Oposizioak gaizki kudeatu du gaia. Gobernu honen aurkako elementu gisa erabili nahi izan du, baina ez dute higatu, ezta gutxiago ere. Ikusten ari gara atez atekoa ezarri den herrietan polemika desagertu egin dela.

Badirudi zuen plana, osorik behintzat, legealdia amaitu aurretik ez duzuela martxan jarriko, ez bada azken orduan, aurreko gobernuak berearekin egin zuen bezala. Zergatik?

Gu ez gabiltza presaka eta korrika. Markatutako epeak betetzen ari gara, eta legegintzaldiaren amaierara iritsiko gara kudeaketa plan berria abian dela, ez osorik amaituta, baina bai martxan.

Aurreko urtean, esan zenuen 2014rako itxita egongo zirela zabortegi guztiak. Orain, 2015a amaitu baino lehen.

Administrazioan epeak luzatu egiten dira, eta, are gehiago, oposizioak laguntzen ez badu. Baina datorren urtean itxiko ditugu.

Hauteskundeak baino lehen?

Hori ezin daiteke esan, obrak-eta ez direlako gai zientifiko bat.

Finean, ez dago finantzaketa arazo bat horren guztiaren atzean?

Ez. Hori ere ari gara lantzen, eta laster ezagutaraziko dugu.

Zuen planean, ez dira falta industriako hondakin batzuk tratatzeko azpiegiturak?

Ez. Gure plana integrala da, aurrekoa ez bezala.

Eta non eraikiko duzue inerteen planta? Markel Olanok (EAJ) dio nahita ari zaretela ezkutatzen informazio hori.

Gisa horretako biltegiak ezin dira ezkutatu. Beste gauza bat da oraindik ez dugula erabaki non kokatuko dugun. Erabakitakoan, mundu guztiak jakingo du.

Noiz?

Uda-udazken hauen bueltan.

Hondakinen politiken alorrean, ulermen handiagoa duzue Eusko Jaurlaritzarekin Gipuzkoako EAJrekin baino?

Horretan, guri dagokigu ardura eta, beraz, Jaurlaritzarekin ez daukagu tratu berezirik. Eta Gipuzkoako EAJrekin daukagun diferentzia nagusia da tresna politiko gisa erabiltzen duela gaia.

Zeri iritzi duzu Ingurumen Sailak 2014tik 2020ra indarrean jarri nahi duen planari buruz?

Gu ari gara Europak agintzen duen zuzentarauaren ildotik.

Iritzirik izango duzu ,ezta?

Erraustegia bere barruan duen plan batekin ez dugu bat egiten.

Baina errauste planta aipatu ere ez du egiten txostenak.

Europak debekatzen duelako.

Plan hori adostasunak lortzeko helduleku bat izan daitekeela uste duzu?

Europak bide bat markatzen digu, eta gu bide horretatik goaz. Guk ateak zabal-zabalik dauzkagu gure plana beste alderdiekin negoziatzeko, baina ez dute nahi.

Eta jarreraz aldatuko dute?

Orain arte kritikatzen aritu dena bere egiten saiatuko da EAJ. Hemendik urte batzuetara, inork ez du ulertuko zergatik planteatu zen erraustegi bat Gipuzkoan.

Atzera egin zenuten Etxegarateko bidesariarekin, oposizioak hala bultzatuta. Denek bat egiten zenuten, ordea, Deskargakoarekin. Berriki esan duzue hori ez duzuela jarriko. Zergatik?

Ez dugu iritzia aldatu. Abiadura handiko errepide sare guztirako 25 euro hileko topea jarri nahi genuen, baina Batzar Nagusiek atzera bota zuten. Hortaz, Etxegaraten ez da jarriko bidesaririk. Orain, Deskargan nahi dute, baina guri ez zaigu justua iruditzen, Debagoieneko herritarrak bakarrik zigortu egiten ditugulako.

Bitartean, Bidegiren zuloak hor jarraitzen du.

Bai, baina hori ere kudeatzen ari gara, eta aurrera aterako dugu.

Gipuzkoako Kutxaren kontrol publikoari eusteko aukera guztiak aztertzeko txosten juridiko bat eskatu duzue. Ez al zarete azken erabakia atzeratzen ari?

Esaten dute ez dela posible, kontrol pribatuetara pasatu behar dela Kutxaren kontrola. Guk esaten dugu ez dela horrela. Eta gu ez gara erabakia atzeratzen ari; haiek dira presaka dabiltzanak, abendura arteko epea dugulako.

Baina erabakia hartuta dago; zuk esana da.

Gipuzkoako Kutxan ez. Lehenengo urratsak egin dituzte, baina ez dago hartuta.

Benetan uste duzu aukerak daudela hori gelditzeko?

Azterketa serio eta proposamen sendo bat jartzen bada mahai gainean, nekez pribatizatu ahal izango dute. Edo nekez azaldu ahal izango dituzte pribatizaziorako arrazoiak.

Opor fiskalen auzian, diozunez,argitu behar dira erantzukizun politikoak; zuk argi dituzu jada.

Bai. 2001ekoa da Europaren epaia, eta, ordutik, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako diputazioek ez dute agindutakoa bete nahi izan. EAJk, PPk eta Confebaskek erabaki zuten kasurik ez egitea. Horrek eragin du orain 31 milioiko isuna ordaindu behar izatea.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak dio zuena ere badela erantzukizuna.

Gure ardura izan da diputazioan sartu eta hurrengo hilean Bruselara joatea, han esatea prest ginela legez kanpoko laguntza horiek berreskuratzeko, eta plan bat aurkeztea; eta eredugarria izan da. Laguntza horien %80 berreskuratu dugu urte eta erdian. EAJ gobernuan egon den hamar urteetan, %20.

Zein iritzi duzu Mondragon Korporazioak Fagorren auzian beteduen egitekoari buruz?

Gure nahia da Debagoienan enplegu hori bermatzea, eta kalitatezkoa izatea. Gure hautua izango litzake Fagor lan kooperatiba bat izatea; baina ez bada, gutxienez, kalitatezkoa izatea.

Eta susmoa duzu ez dela hala?

Gaur egun sortzen ari den enplegua ez da kalitatezkoa; ez hemen,ez inon.

Azpimarratu duzue Gipuzkoan proportzio handiagoan egin duela behera langabeziak. Baina sortu den enplegu hori ere ez da kalitatezkoa. Ala bai?

Datu objektibo bat da. Baina guk ez dugu hemen paradisu bat irudikatu. Egoeraren larritasuna agerian utzi dugu, eta gu izan gara lehenak salatzen lanpostu horiek kalitate eskasekoak direla.

Oposizioak dio ez duzuela krisiari aurre egiteko planik. Horrek erakusten du baduzuela?

Errealitateak gezurtatu egin du oposizioak esaten duena. Bildurekin ez da hondamendia etorri, eta ikusi da Gipuzkoan baditugula enpresari eta langile konprometituak.

Bake prozesuan, aldebakartasunaren mugak ez al dira agertzen ari dira presoen auziarekin?

Bide hori da egun posible den bakarra. Blokeo egoera batean gaude, Espainiako Gobernuak ez duelako ausardiarik urratsak egiteko. Baina gizarteak bere egiten badu aldebakartasuna, mugitu egingo du. Eta hor ere beste alderdiok pausoak eman behar ditugu, baita jeltzaleek ere. Sozialistek, berriz, uniformizatu behar dute euren diskurtsoa.

Madrilen gobernu aldaketa izateak ekarriko du konponbidea?

Ez dira nahastu behar normalizazio politikoa eta bakegintza Espainiako Gobernuaren kolorearekin, baizik eta haren borondate politikoarekin.

Leporatu izan dizute ETAren biktimak behar bezala ez tratatzea.

Hiru urtean, ez naiz joan ETAren militante baten omenaldi bakar batera, eta egon naiz Jose Mari Korta eta Juan Mari Jauregiren omenaldietan. Kritika horrek ez dauka oinarririk.

Bakegintzari buruzko lantaldeko kide zara Batzar Nagusietan. Legegintzaldia amaitu aurretik jakingo al dugu han egindakotik zerbait?

Bai. Baina ez da lan erraza, sentsibilitate guztiek bat egitea zerbaitetan. PP ez dago taldean, nahiz eta informatua dagoen. Baina niri ez dagokit hori zuzentzea, PSEko Rafaela Romerori baizik.

Baina Romerok ez al zuen dimisioa eman, Sevillako presoak bisitatzea erabaki zenutenean?

Polemika egon zen horren inguruan, baina, azkenean, bertan behera geratu zen, Espetxe Zuzendaritzak ez zuelako baimendu. Beraz, ulertzen dut gauzek bere horretan jarraitzen dutela.

Ez zarete ordutik bildu, ala? Bilera gutxi egiten dituzue?

Ez gehiegi. Baina egon dira bilera ofizialak, baita taldeen artekoak ere, gauzak azkartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.