EAJ: begi bat aliantzetan, bestea Madrilen

Jeltzaleek abiatu dute Espainiako Gorteetarako hautagaiak izendatzeko prozesua. Aldi berean, udalak eta aldundiak gobernatzeko negoziazioetan ari dira. Lehen indarrari gobernatzen uztea dago eztabaidan.

EAJk astelehenean egin zuen Euzkadi Buru Batzarraren bilera. MIGUEL TOñA / EFE
jon olano
2023ko maiatzaren 30a
16:52
Entzun

Hauteskunde batetik irteterako hurrengoan murgildu dira alderdi politikoak. Udal eta foru bozak igarota, alkateak eta ahaldun nagusiak aukeratzeko elkarrizketak hasi dituzte buruzagi politikoek, eta, orain, eztabaidagaia da lehen indarra izan denari gobernatzen utzi behar zaion edo aliantzak osatzea zilegi den lehen indarrak gobernatu ez dezan. Arreta, batez ere, Gipuzkoan, Gasteizen eta Iruñean dago.

Izan ere, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ziurtatu du Eider Mendozaren hautagaitza aurkeztuko dutela Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko: «Eider Mendoza ahaldun nagusi izango da boto gehien dituen hautagaia bada». Maddalen Iriarte EH Bilduko ahaldungai nagusiak azaldu du jada harremanetan jarri dela PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemosekin, «lehenbailehen gobernu aurrerakoia eratzeko». EH Bilduk 22 ordezkari lortu zituen igandean, EAJk hamazazpi, PSE-EEk zazpi, PPk hiru eta Elkarrekin Podemosek bi. Blokeka, beraz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek 24 batzarkide dituzte, eta beste hainbeste EAJk eta PSEk. Giltza, beraz, PPren hiru batzarkideetan dago. Euskal Autonomia Erkidegoko PP atzo zen biltzekoa, baina, aurretik, Alberto Nuñez Feijoo PPko Espainiako presidentea prest agertu da PPren botoak uzteko ahalik eta instituzio gehienetan EH Bilduk goberna ez dezan.

Aukera horren kontra agertu da, ordea, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea. «EH Bilduk argi du. Herriak hauteslekuetan adierazi du nor nahi duen alkate edo diputatu izatea, eta hori errespetatu egin behar da», esan du Euskadi Irratian: «Hala egiten ez duenak, ez du negozio ona egingo». Nafarroaz galdetuta, berriz, Otegik uste du PSNko Maria Txibitek izan behar duela gobernuburua, eta Joseba Asiron EH Bilduko zerrendaburua Iruñeko alkategaia: «Naturaltasun guztiarekin egin behar da hori. Hori ez bada horrela gertatzen, norbaitek azalpenak eman beharko dizkio herriari».

EH Bilduk kanpainan ere adierazi zuen PP eta UPN gobernuetatik ateratzeko asmoa, baina, Gipuzkoako kasura itzulita, Ortuzarrek Otegiri erantzunez justifikatu du lehen indarra ordezkatzeko gehiengo alternatiboak osatzeko zilegitasuna: «Zer eskatzen digu egiteko Iruñean? Guk Geroa Bain parte hartzen dugu eta oso argi daukagu, UPNren alkate baten eta Joseba Asironen artean, Joseba Asiron aukeratzen dugula. Ezin diezu gainerakoei gauza bat eskatu eta zerorrek beste bat egin».

Zerrendak

Udal eta foru hauteskundeetako hauteskundeen balorazioa egiteaz harago, ordea, alderdi politikoen epe laburreko beste zereginetako bat izango da Espainiako Gorteetarako zerrendak osatzea. Astelehenean, EAJko Euzkadi Buru Batzarrak jakinarazi zuen hasierako proposamena egingo duela eta ostegunean EAJren Uri Erakundeei jakinaraziko dietela. Uri Erakundeek beren Uri Batzarretan proposamenak aurkezteko aukera izango dute ostegunetik igandera bitartean. Herrialde Batzarrak ekainaren 9an egingo dituzte eta prozesua ekainaren 10ean amaituko da, Ezohiko Aberri Batzarra eginez.

Radio Euskadin, Ortuzar harrituta agertu da Sanchezek bozetara deitzeko hartutako erabakiarekin, eta abisu eman dio: «EAJ ez da PPrekin eta Voxekin egongo, baina, Sanchezekin egoteko, gauza asko aldatu beharko dira; adostutakotik oso gutxi bete du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.