EAEn etxebizitzarik ez duten pertsonen erdiak atzerritik etorritakoak dira

Lautik hiru gizonezkoak dira eta, batez beste, 30 eta 45 urte artekoak

Asier Iturriagaetxebarria.
2006ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Gizonezkoa, lehen edo bigarren mailako ikasketaduna eta bikotekiderik gabea. Horixe da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxerik ez duten pertsonen batez besteko soslaia. Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) etxegabekoen azterketa egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen aldiz. Horretarako, egunero gizarte zerbitzuak erabiltzen dituzten 1.800 pertsonetatik 1.000 laguni inkesta egin diete, alegia, normalean etxeetan bizi ez direnei, ez berena edo senideena den etxean, ez alokairuan, ez etxea okupatuta. Azterketaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden etxegabeen %48 atzerritarrakdira (Eustatentza atzerritarrak dira Hego Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik, Galiziatik eta Espainiatik kanpokoak). Era berean, bi urte baino apur bat gehiago daramatzate Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizitzen.

Josu Iradi Eustateko zuzendariak zehaztu zuenez, afrikarrak dira etxegabe atzerritar gehienak (%61); eta afrikarren artean, Marokokoak dira gehienak. Horien atzean Hego Amerikakoak eta Europakoak datoz: Bolivia (%4) eta Errumania (%8).Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitzarik ez duten pertsonen %75 gizonezkoak dira. Gizonezkoak emakumeak baino helduagoak dira batez beste: gizon gehienak 30 eta 45 urte artekoak dira eta emakumeak 18 eta 29 urte artekoak. Iradik aipatu zuenez, etxerik ez duten atzerritarrak bertakoak baino gazteagoak dira. Esaterako, atzerritik etorritako etxerik gabeko pertsonen %86k 45 urte baino gutxiago dituzte.Adinaz gainera, bada beste alde handi bat etxerik gabeko gizonen eta emakumeen artean. Gizonen %50 aterpetxeetan eta egoitzetan bizi dira. Emakumeek, ordea, nahiago dituzte pisuak, erdiak baino gehiago horietan bizi direlako. Bestalde, gizonen %14k esparru publikoak eta ezohiko ostatuak erabiltzen dituzte lo egiteko. Emakumeek nahiago dituzte leku seguruagoak, %1ek bakarrik egiten duelako lo leku ez finkoetan edo kalean.

%14 unibertsitate ikasketadunak

Etxerik gabeko pertsonei buruz orain arte izan den irudiaren deskripzioa egin zuen Iradik, eta inkestak estereotipo horren zenbait puntu ezeztatzeko balio izan duela aipatu zuen. Esaterako, etxerik ez duten pertsonak ikasketa gabekoak direla uste da, baina Eustaten azterketaren arabera, etxebizitzarik gabekoen erdiak baino gehiagok lehen edo bigarren mailako ikasketak dituzte. Era berean, %14k unibertsitate ikasketak dauzkate.

Batez beste, 386 euro jasotzen dituzte hilean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitzarik ez duten pertsonek. %12 inguruk lan egiten dute, eta hortik jasotzen dituzte diru sarrerak; baina beste asko langabezian daude (%72,5), eta horiek beste diru sarrera mota batzuk dituzte: %17k erantzun du Gizarteratzeko Gutxieneko Errentatik jasotzen dutela dirua eta beste %10ek kaleko jendeak emandakotik lortzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.