Iaz guztira %8,4 murriztu zen berotegi gasen isuria Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2022ko isurien kalkuluarekin alderatuta. Ihobek aurreratutako datuak dira, eta, 2005. urtearekin alderatuta, gasen isuriaren murrizketa are handiagoa da: %33koa. 1990. urtean baino %18 gas gutxiago ere bota ziren atmosferara iaz. Energiaren Euskal Erakundearen, REE Red Electrica Españolaren eta emisio eskubideen salerosketako enpresen isurien datuekin kalkulatu dute kutsadura globala.
Egin dituzten kalkuluen arabera, 16,9 milioi tona CO2 isuri ziren atmosferara iaz guztira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Aurreko datuak kontuan hartuta, gutxi gorabehera 1,5 milioi tona CO2 gutxiago isuri dira. Horrez gain, Ihobek datu horiek goraipatu ditu, azaldu baitu hazkunde ekonomiko betean murriztu dela kutsadura: «Nabarmentzekoa da 2023. urtean %1,8 handitu dela BPG barne produktu gordina, eustatek egindako kalkuluen arabera».
Datu horiek kontuan hartuta, Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Planak 2024rako ezarritako helburuaren azpitik dago jada emisioen murrizketa, 2005etik 2024ra %30 murrizteko helburua jarri baitzuten 2021ean. Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko legearen arabera, berriz, 2030erako %45 apaldu behar dira emisioak, 2005eko datuak oinarri eta abiapuntu hartuta.
Beherakadarik handiena, kontsumoan
Ekonomia sektoreka aletu ditu Ihobek isurien bilakaerak, eta, eman dituzten datuen arabera, kontsumoarekin zerikusia duten sektoreek gutxitu dituzte gehien emisioak. Hala, energia sektorearen isuriak %26 apaldu direla azaldu du Ihobek, batez ere ziklo konbinatuko zentralen bidezko argindar sorkuntzak behera egin duelako. Kontuan hartuta kutsadura handiena eragiten duen sektorea dela, isurien beherakada absolutuaren parterik handiena hortik dator: 2022tik isuri ez diren 1,5 milioi tona CO2-tik 1,4 milioi tona sektore horri dagozkio.
DATUAK
-%33
KARBONO ISURIEN BILAKAERA 2005ETIK 2023RA Azken 18 urteetan, guztira %33 gutxitu dira berotegi gasen isuriak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
-%26
ENERGIA SEKTOREAREN EMISIOEN JAITSIERA 2022TIK 2023RA Energia sektorea izan da isuriak gehien gutxitu dituen sektorea, eta haren ondorioz murriztu dira gehien emisio globalak: 1,5 milioi tonatik 1,4 sektore horrek murriztu ditu.
-%18
ETXEBIZITZEN ISURIEN BILAKAERA AZKEN URTEAN Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitzek ere asko murriztu dituzte isuriak, %18 urtebetean soilik, 2022tik 2023ra.
Herritarren bizilekuetan ere nabarmen gutxitu dira berotegi gasen isuriak, %18. Hala ere, isuri globalen kontuetan ez du pisu handirik sektore horrek; hori dela eta, 2022tik 2023ra 0,1 milioi tona CO2 gutxiago isuri ditu sektore horrek. Ihobek ez du arrazoi zehatzik eman jaitsiera hori azaltzeko, faktore askok eragiten baitute horretan. 2021eko eta 2022ko gasaren eta argindarraren prezioen igoera handiak energia aurrezteko edo kontsumoa murrizteko neurriak hartzera bultzatu zuen jendea, baita energetikoki eraginkorragoak diren sistemak ezartzera ere, eta badirudi horien inertzia nabari dela etxebizitzen isurien murrizketan.
Garraio sistema guztiak batuta, txikia izan da murrizketa, %1ekoa. Hala, 30.000 tona CO2 gutxiago isuri zituen sektore horrek iaz 2022arekin alderatuta. Ihobek azaldu du gasolinaren kontsumoa %13,7 handitu dela, baina gasoilarena, berriz, ia %5 murriztu dela. Izan ere, gasolio auto gero eta gutxiago saltzen dira, eta gasolina bidezkoak, berriz, gehiago. Hala ere, gasoila erabiltzen duten ibilgailuak dira erregai gehien kontsumitzen dutenak, pisu handia garraiatzen dutenek erregai hori erabiltzen baitute —kamioiek, autobusek eta furgoneta handiek, besteak beste—. Hori dela eta, gasoilaren kontsumoaren murrizketak pisu handiagoa du isurien gutxitzean.
Industrian, beherakada txikia
Manufaktura enpresek %3 gutxitu dituzte karbono isuriak 2022tik 2023ra —0,1 milioi tona CO2 gutxiago—, Ihobek kalkulatutakoaren arabera. Esplikatu dute ekoizpen sektoreak %7 gas gutxiago kontsumitu duela, eta horri egozten diote emisioak gutxitu izana. Zerbitzuen sektorean, berriz, isuriak gutxi gorabehera %5 apaldu direla kalkulatu dute —0,02 milioi tona CO2 isuri gutxiago—, bereziki berokuntzarako %8 gas gutxiago kontsumitu dutelako. Energia aurrezteko neurriengatik eta sistema eraginkorragoak instalatzeko laguntzengatik gertatu da beheraldi hori bereziki: galdara eraginkorragoak, fatxaden berritzeak, leiho hobeak instalatzea...
Hondakinen sektoreak, gutxi, baina %1 murriztu ditu isuriak, eta nekazaritza izan da isuriak handitu dituen sektore bakarra, %4. Hala ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sektore nahiko marjinala da nekazariena; horregatik, soilik 0,03 milioi tona CO2 gehiago isuri ditu 2022arekin alderatuta. Arrazoi zehatzik ez dute eman bilakaera horiei buruz.