100 eta 100.000 euro arteko isunak etxeko animaliei tratu txarrak emateagatik. Besteak beste, neurri hori onartu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak etxeko animaliak babesteko lege berrian, EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren botoekin, eta Elkarrekin Podemos-IUren eta Voxen abstentzioekin. EP-IUren iritziz, «motz» geratzen da legea, eta Voxek uste du «estatu osorako» onartu beharko litzakeela halako lege bat.
Legea, nagusiki, etxeko animaliei buruzkoa da, nahiz eta animalietan jatorria duten produktuen ekoizpenari ere eragingo dion zeharka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, denera, 390.000 txakur erregistratuta daude, 27.000 katu, 900 hudo eta ekoizpenerako bi milioi animalia inguru: ardiak, behiak, zaldiak eta abar. Legeak animalia horiek babesteko, edukitzeko eta salerosteko neurriak ezartzen ditu, erregistratuta egon edo ez. Ondorioz, kanpoan geratu dira zezenketetan, arrantzan edo ehizan erabiltzen diren animaliak.
Animalien osasunaren eta ongizatearen arduradunak jabeak izango dira. Animalien beharren arabera zaindu beharko dituzte, haien bizialdi osoan. Beraz, zaindu ezin dituztenean, beste arduradun edo jabe bat topatu beharko dute.
24 orduz bakarrik
Zehazki, legeak dio ezin dela animalia bat bakarrik utzi 24 ordu baino gehiago —txakurrak, 12 ordu gehienez—. Animaliak sakrifikatzeko neurriak ere gogortuko ditu lege berriak, eta haiek erregistratzera eta identifikatzera ere behartuko ditu jabeak. Hamar egun izango dituzte jabe aldaketak eta heriotzak jakinarazteko, eta, txakurrak izateko, erantzukizun zibilerako seguru bat ere kontratatu beharko dute.
Azkenik, legeak dendei eta tabernei ere eragingo die: «Ohiko baldintzetan animaliak sartzea onartu beharko dute, lotuta eta kontrolatuta; salbuespenak dira produkzio, salmenta eta biltegiratze guneak», dio onartutako testuak.