EAEko trans legea: aurrerapauso asko eta hutsune bat

2012ko legea bigarrenez aldatzea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak, adostasun handiz: EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute moldaketa. Txalo artean jaso dute trans eta LGTBI eragileek: pozik agertu dira arauaren aurrerapausoekin.

TRANS LEGEA
Eusko Legebiltzarreko bilkurara bildu dira gaur LGTBI eta trans kolektiboetako kide asko, lege aldaketa babestera. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2024ko otsailaren 15a
16:00
Entzun

Lege perfekturik ez da, baina Eusko Legebiltzarrak gaur trans pertsonen eskubideen inguruan onartu duen legeak baditu aurrerapauso ugari, eragileen ustez. «Gauza asko falta dira, baina beste gauza asko lortu ditugu lehen zirriborrotik azken testura», adierazi du Brayan Altimasberesek, Loratuz Lotu trans helduen elkarteko kideak. Batez ere pertsona ez-binarioen «ahanzturan» hutsune handia ikusten duen arren, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokitik ere arauaren balorazio positiboa egin du Klaudia Ugartek: «Hainbat arlotan aurrera egin du. Asko itxaron dugu lege hau birformulatu den arte». Lege ona dela uste du Bea Severrek ere, baina Naizen adingabe transexualen familien Hego Euskal Herriko elkarteko kideak gizartearen bultzada eskatu du: «Ezin da paperean geratu, legearen pedagogia egin behar da».

2012ko ekainean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko legea, eta bigarren aldaketa du oraingoa. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztu zuten araua moldatzeko proposamena 2022an, eta bidean EH Bilduren babesa ere lortu du, hainbat zuzenketa erantsi ostean. «Adostasun zabalarekin», lau alderdion aldeko botoekin onartu dute gaur lege aldaketa —legegintzaldi honetan onartuko den azkena—, Ekai Lersundi gazteak bere buruaz beste egin zueneko seigarren urteurrenean; eta txalo artean hartu dute osoko bilkuraren aretoa bete duten trans eta LGTBI kolektiboetako kideek.

Hona hemen legeak dakartzan aldaketa nagusiak, eta eragileek horiei buruz emandako iritzia.

1

Trans kontzeptua

Trans hitzaren erabilera orokortu egin du legeak, izenburutik hasita: pertsona transak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko legea izango da. Ez da «tontakeria bat», Altimasberesen arabera: «Transexual eta transgenero hitzak, kolektiboko hainbat pertsonarentzat, patologizatzaileak dira, medikalizaziotik sortu baitira. Trans kontzeptuak, aldiz, ez-binarioak ere biltzen ditu barnean, intersexualak, trabestiak… Zabalagoa da». Hitzek boterea dutela gogoratu du Ugartek: «Aktibistok trans terminoa hobesten dugu. Legean hori erabiltzea oso positiboa da, eta bat dator arauaren nahiarekin: gauzak hobetu nahi ditu».

Testuak argi dio «sexu edo genero identitatearen autodeterminazio askerako eskubideak» izan behar duela transekiko jardunaren ardatz: «Eskubide hori ezin izango da mugatu, murriztu, zaildu edo baztertu, eta arauak beti interpretatu eta aplikatu beharko dira eskubide hori askatasunez eta osorik baliatzearen alde». Hala, administrazioek ez diete eskatuko txosten medikorik edo psikiatrikorik; nahikoa izango da erregistroko aldaketa eskatu izana.

2

Osasun arreta

Legearen atalik luzeenetako bat da transen osasun arretari buruzkoa, eta, kolektiboentzat ere, zentrala da arlo hori. Testuak nabarmentzen du transen errealitatea ezingo dela «patologia gisa tratatu, ez zuzenean ez zeharka». Brayan Altimasberesen arabera, ordea, egun oztopo asko gainditu behar dituzte: «Oro har, psikiatrarengana bidaltzen gaituzte, konbentzitzen saiatzen dira… Prozesuaren hasieran pertsona transok oso galduta egoten gara, beldurtuta, eta gure sisteman medikuak ia arrazoi du denean. Argi geratu behar da legeak ez duela behartzen psikiatrarenera joatera». Hori dela eta, «oso garrantzitsua» da legeak transen arretarako osasun gida eguneratzea agintzea, eta kolektiboekiko lankidetzan egin behar dela adieraztea: «Oraindik oso sistema patologizatzailea dugu; Gurutzetako [ospitaleko] osasun gida goitik behera aldatu behar da, eta pertsona transen beharretara egokitu. Guk ez dugu uste, adibidez, urtebeteko hormonazio prozesu bat pasatu behar denik mastektomia egiteko».

Trantsizio prozesua nola egin azaltzen du osasun gidak. Arreta hori ematean, «askatasunez adierazitako sexu identitatea aitortua izateko eskubidea» izango dute transek, adingabeak zein helduak izan, legeak dioenez: «Pertsonak bere garapen fisiko, mental eta sozialean lagungarri zaion osasun-arreta modu osasuntsu eta osoan jaso ahal izan beharko du, batez ere pubertaroaren etapan». Ildo horretan, Bea Severrek txalotu du aitortu egin dela haurrek entzunak izateko eskubidea dutela: «Hala egin behar da edozein prozesutan, bereziki gurasoek ez dutenean onartzen edota adingabeak erabakiak hartu behar dituenean; adibidez, pubertaroa blokeatu ala ez erabakitzean, entzun beharko dugu adingabe bakoitza nola dagoen, nola bizi duen ahotsa aldatzea edo ilea ateratzea aurpegian, ezinegonik eragiten dion, zer nahi duen...».

«Prozesuaren hasieran pertsona transok oso galduta egoten gara, beldurtuta, eta gure sisteman medikuak arrazoi du ia denean. Argi geratu behar da legeak ez duela behartzen psikiatrarenera joatera».

BRAYAN ALTIMASBERESLoratuz Lotuko kidea

Zuzeneko arreta zabaltzea ere aurreikusten du legeak: egun Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) dago Genero Identitatearen Unitate bakarra, baina Gipuzkoan eta Araban ere arta eman nahi dute: «Gutxienez trans arloan lehen mailako arreta emateko zerbitzu bat ezarriko da lurralde historiko bakoitzean», dio legeak. Gurutzetaraino joan behar ez izatea aurrerapausoa handia da Altimasberesentzat: «Ekonomikoki ez da bideragarria denentzat, eta pentsatzekoa da neurri horrek itxaron zerrendak murriztuko dituela». Severrek erantsi du arta hori lehen arretan jasotzeak «normalizazioa» ere ekarriko duela, baina badu kezka bat: «Kostatzen ari zaigu langilearen soslaia zehaztea: nahi genuke gizarte hezitzaile bat izatea, edo sexologo bat, baina ez psikiatra. Dena den, garrantzitsua da zer jarrerarekin hurbiltzen den errealitate honetara».

Era berean, osasun sistema publikoaren barruan transei eskainiko dizkieten zerbitzuak, tratamendu hormonalak eta ebakuntzak zerrendatu ditu legeak, eta bertan sartu dituzte, besteak beste, kamiseta konpresoreak, protesiak, ahotsa modulatzeko arreta foniatrikoa edota arreta psikologikoa. Loratuz Lotuko kideak azaldu du psikologoak «bidelagun» behar dituztela: «Laguntzeko egon behar dira, ez epaitzeko guk esaten duguna egia den ala ez. Trans kolektiboan bere buruaz beste egiten duten pertsonen kopurua oso handia da, beraz, prozesu laguntzaileak behar dituzte askok. Baina ezinbestekoa da formakuntza eta sentsibilitatea».

3

Intersexualak

LGTBI siglen azken hizkia dira intersexualak: jaiotzean ez dauzkate gizonen edo emakumeen ezaugarriekin bat datozen ezaugarri biologiko edo anatomikorik. Ugartek salatu du «babesik gabeko» kolektibo bat izan dela. Izan ere, oso zabaldua dago jaioberriei genitalak aldatzeko kirurgia egitea, baina halakoak debekatu egin ditu legeak, Espainian iaz onartutako arauaren ildo beretik: «Debekatuta dago medikoki beharrezkoa ez den genitalen aldaketa edo kirurgia estetiko oro egitea, bai eta beste edozein prozedura mediko kaltegarri ere, pertsonaren sexu edo genero identitatea zein den identifikatzen ez denean».

4

Hezkuntza

Hezkuntza sistema «errespetuzkoa» izatea nahi du legeak: helburu gisa ezarri du «pertsona transei beren errealizazio pertsonala eta soziala ahalbidetuko dien hezkuntza bermatzea». Horretarako, besteak beste, ikastetxeetako bizikidetza planen barruan berariazko protokolo bat txertatzea ezarri du, haur transak diskriminatzea saihesteko.

Bea Severrek gogora ekarri du jada badagoela protokolo bat, «berrikusteko fasean»: «Arazo asko daude ikasleen behar zehatzen inguruan: izena aldatu nahi duen, zein aldagela erabili nahi duen… Protokoloak esparru orokorrak dira, baina halakoak ere jaso behar dira. Aurrez egiten ari ginen gauzak islatuko ditu legeak». Hezkuntzaren eremuko kexuak ere jaso dituzte Ikusgunen, Ugartek azaldu duenez: «Adibidez, zentroek ez dituztela haur transak errekonozitzen nortasun agiria aldatzen ez duten bitartean. Ez da bidezkoa, baina gehiegitan gertatzen da. Eta legeak dio hori ezin dela gertatu».

Langile publiko guztiak trebatu beharra aipatzen du arauak, baina propio hezkuntzaren arloan «ezinbestekoa» dela esan du Severrek: «Ezin duzu akonpainamendu bat egin ez badiozu denbora pixka bat eskaintzen ikasteari zertaz ari garen. Eta askotan oso galduta daude eskoletan». Ildo horretan, unibertsitateetako esparru akademiko guztietan «transen arloari buruzko prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa sustatzea» ere jaso du legeak.

«Ezin duzu akonpainamendu bat egin ez badiozu denbora pixka bat eskaintzen ikasteari zertaz ari garen. Eta askotan oso galduta daude eskoletan».

BEA SEVERNaizeneko kidea

5

Memoria

Erakunde publikoak pertsona transen eta trans mugimenduaren memoria berreskuratzeaz eta zabaltzeaz arduratuko dira, testuaren arabera. Horretarako, eragileekin batera, oroimenerako guneak sortuko dituzte, eta memoriarako egun bat ere ezarriko dute. Neurriok txalotu egin ditu Altimasberesek: «Ezin dugu ahaztu trans kolektiboak sufritu duena». Memoriarako egun hori zehazki noiz izango den erreglamendu bidez zehaztuko du Jaurlaritzak, baina badituzte proposamenak: Loratuz Loturen eta Ikusguneren ustez, ekainaren 10ean izan beharko litzateke, Francis Vadillo trabestia hil zuten egunean; Naizenen aburuz, gaurko egunez izan beharko litzateke, Ekai Lersundi gazte trans ondarroarraren heriotza oroitzeko.

6

Lan arloa

«Ezin izango da inor diskriminatu bere sexu edo genero identitatean oinarrituta lan merkatura sartzean», dio legeak. Hala, lan arloko diskriminazioaren aurka plan handi bat landu beharra adierazi du legeak, eremu publikoan zein pribatuan aplikatzekoa: «Orobat jaso ahal izango dira klausula proposamenak, lan hitzarmenak negoziatzen, egiten eta onartzen parte hartzen duten eragileek kontuan hartu beharrekoak. Plan hori egiteko, pertsona transen elkarteek eta sindikatu eta enpresa esanguratsuenek parte hartuko dute».

Egitasmo hori begi onez ikusi dute eragileek. «Pertsona transek jasaten duten diskriminazioaren aurka egitea errazten du. Oso interesgarria da erakunde publikoen eta sindikatuen artean sustatu nahi den elkarlana», esan du Ugartek.

7

Ez-binarioak

Ez-binarioak kontuan ez hartzea da legearen hutsunerik handiena, eragileen ustez. Emakume edo gizon identitateekin identifikatzen ez diren pertsonak «legetik kanpo» utzi dituztela salatu dute Loratuz Lotuk eta Ikusgunek: «kontraesana» iruditzen zaie «trans kolektiboaren genero autodeterminatua gizon-emakumera soilik mugatzea». «Osasun gidaren aipamenetan, adibidez, ez dira ez-binarioak agertzen. Ez dira subjektu eskubidedunak», esplikatu du Altimasberesek. «Kezkagarria da medikuntzaren edo identitatearen arloetan ez egotea ezer, batez ere oztopo handiak dituztelako tratamenduak jasotzeko», erantsi du Ugartek.

«Legea anbiziotsuagoa izan behar zen. Izan ere, pertsona ez-binarioak gure eguneroko errealitatearen parte dira; oraindik ahazturik geratuko dira».

KLAUDIA UGARTEIkusguneko kidea

Lege testu osoan behin baino ez dituzte aipatu pertsona ez-binarioak: hezkuntzaren alorrean, «hausnarketa egitea bultzatuko» dute espazioen bereizketaz, gune mistoak sortzeko aukerez-eta, «pertsona ez-binarioen eskubideak errespetatuko direla bermatzeko». Aipamen hori ez da nahikoa, Ugarteren hitzetan: «Anbiziotsuagoa izan behar zen. Izan ere, pertsona ez-binarioak gure eguneroko errealitatearen parte dira; oraindik ahazturik geratuko dira». Gai horretan, gainera, legea «zaharkituta» jaioko dela uste du: «Non gauden erakusten digu; baina, segur aski, denbora gutxi barru lege hau berriz aldatu beharko da, arau ez-binario bat lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.