EAEko PPk "nortasun propioa" izan nahi du, eta, hori lantzeko, irailean konbentzio bat egingo du, Alfonso Alonso erkidegoko alderdiko presidenteak jakinarazi duenez. "Mezua gaurkotu" gura du, eta forutasuna eta konstituzionalismoa "irmo" defenditzeko xedea dauka abertzaletasunaren alternatiba eraikitzeko.
EAEko PPren zuzendaritzak pasa den ostegunean aztertuko zituen maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetako emaitzak, Gasteizen. Jada ez da gehien bozkaturiko alderdia Araban eta Gasteizen; Bizkaian bi batzarkide galdu ditu; eta Gipuzkoan lehen zuen bakarrari eutsi egin dio. Foru bozetan duela lau urte 114.000 boto izatetik 80.000 izatera pasatu da. "Ez ziren desiatutako emaitzak izan", aitortu du gaur Alonsok, Gasteizen, hedabideen aurrean.
Irailaren 13an eta 14an egingo du konbentzioa, Donostian. "Argi" definitu nahi du EAErako duen posizio politikoa, abertzale ez diren herritarrek "baliagarri eta beharrezko" ikus dezaten.