EAE Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 19 urte bitarteko mutilen %22,5ek maskulinitate tradizionalarekin bat egiten dute, Emakundek erran duenez. Horren jatorrian manosferaderitzon esparru digitala dagoela uste dute: «Ekosistema digitalean geroz eta ugariagoak dira berdintasunaren aurkako narratiba misoginoak, eta horren ondorio da jarrera hori». Bertze adin tarteetako gizonekin alderatuta, gazteenek nabarmen egiten dute eredu tradizionalaren alde, azaldu dutenez.
Maskulinitatearen kutxa Euskadin. Maskulinitatearen eraikuntza, jarrerak eta inpaktua euskal biztanlerian izeneko ikerketaren ondorioak dira horiek, gaur goizean Gasteizen aurkeztutakoak. Reina Sofia FAD Juventud fundazioak egin du txostena, Emakundek eskatuta. Zehazki, Euskadin gizonekin eta maskulinitateekin berdintasunaren alde lan egiteko estrategiak izeneko jardunaldia antolatu du Emakundek; Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ireki dute saioa. Bertan, 2030eko Gizonduz estrategiaren barruan garatuko diren lan ildoak aurkezteaz gain, Emakundek eskatutako ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte.
Bi dira ikerketaren ondorio nagusiak: batetik, emakumeak gizonak baino «transgresoreagoak» direla genero estereotipoak hausteari dagokionez, eta, bertzetik, belaunaldi gazteenek barneratzen dituztela gehien maskulinitate hegemonikoari lotutako ideiak.
Genero arrakalari dagokionez, dokumentuak dio gizon gehienak ados daudela maskulinitateari buruzko ideiekin; emakumeak, ordea, bertze aldean daude. Feminitatea aztertzeko orduan, ikerlariek ikusi dute emakumeek presio sozial handiagoa sentitzen dutela bertzeak emozionalki babesteko. Halere, genero estereotipoak hausten dituzten zenbait datu ere badaude: emakumeek presio sozial handiagoa sentitzen dute tristura edo antsietatea ezkutatzeko orduan.
Adin arrakala
Ikerketan 15 eta 65 urte bitarteko herritarrek parte hartu dute, eta adin tarte zaharrenekoak kokatu dira urrunen ohiko maskulinitate hegemonikotik. Are, 20 urtetik beherako mutilak daude hurbilen maskulinitate hegemonikoaren jarreretatik. Horren gibelean zer arrazoi dauden aletu dute ikerketan: gazteen lan testuingurua, komunikazio ekosistema digitala, eta adin taldeen arabera bereizitako sozializazio prozesuak.
Gazteen sozioekonomiari dagokionez, ikerketak dio adierazle ugari daudela «EAEko gazteak gizarte talde kalteberenen artean kokatzeko». Eta, ondorioz, prekaritateak bultzatuta egiten dutela maskulinitate eredu tradizionalaren alde.
Manosfera izeneko esparru digitala da mutil gazteenek maskulinitate tradizionalaren alde egiteko bertze arrazoietako bat. Feminismoaren, LGTBI kolektiboaren eta migratzaileen kontrako diskurtsoak dira nagusi sare horretan. Gazteriaren iruditeria kolektiboan eragina dute diskurtso horiek guztiek, eskuin muturrerantz lerratuta baitaude.
Ikusi gehiago
Sozializazio prozesua azaltzeko, Gazteen Euskal Behatokiaren datuak eman dituzte: lan merkatuan sartzeko orduan emakumeen eta gizonen artean desberdintasunak daudela hautematen dute 15 eta 19 urte bitartekoen %33 inguruk, baina ehuneko hori %42,2koa da 20-24 urtekoen taldean, eta %45,1ekoa 25-29 urte bitartekoen artean. «Hori ez jakiteak azal dezake, agian, gizonik gazteenek zergatik jotzen dituzten alferrikako edo bidegabetzat zenbait berdintasun politika. Nolanahi ere, nabarmendu beharra dago adin talderik zaharrenekoek okupatzen eta sostengatzen dituztela oraindik egitura patriarkala erreproduzitzen jarraitzen duten botere egiturak. Egungo gazteen sozializazio testuingurua helduek zehaztu dituzten botere egituren isla baino ez da», dio txostenak.
Maskulinitatearen kutxa
Ikerketan «maskulinitatearen kutxa» delako kontzeptua neurtu dute, zeinak balio duen «pertsonek maskulinitatearen ikuspegi tradizional eta kontserbadorearen inguruan duten hurbiltasuna edo urruntasuna» azaltzeko. Hain zuzen, gizonen %7 eta emakumeen %2 inguru daude kokatuta kutxaren barnean, «gizontasuna modu larrian» babesten dutelako. Kutxa ertzean daude ia gizonen erdiak, eta emakumeen ia laurdenak. Kanpoan daude, berriz, gizonen %43 eta emakumeen ia %74.
Oro har, herritar gutxi daude kutxaren barnean. Halere, bertan dauden gizonetatik %22,5 belaunaldi gazteenetakoak direla ohartarazi du txostenak, eta gainerako adin tarteetan kopurua ez dela %10era iristen. Kutxaren barruan dauden horiek diote beren ongizate maila bertzeena baino txikiagoa dela. Ideia hori hainbat aldagairen bidez aztertu eta gero, zera ondorioztatu dute ikerlariek: «Kutxaren barruan kokatzeak desoreka dakar egungo genero harremanen eta itxaropenen testuinguruari begira, eta horrek ondoez sakona sortzen du. Ohiko maskulinitate hegemonikoa gorpuzteko gogoa oso problematikoa da gaur egun; horrek frustrazio handia dakar, eta bizitza zoriontsu eta bete bat garatzea oztopatzen du».
Kutxaren ertzean daude inkestatutako herritarren %37: kategoriarik handiena da gizonen artean. Adinari dagokionez, 30 urtetik beherakoen %55 baino gehiago eta 60 urtetik gorakoak, daude bertan, oro har. Ikerketaren arabera, ezinezkoa da jakitea etorkizunean pertsona horiek guztiak kutxaren barnean edo kanpoan egonen diren. Izan ere, kutxaren barnean kokatzeko baieztapenekin ez daude guztiz ados, baina ez dituzte irmoki gaitzesten.
datuak
%4,5Maskulinitatearen kutxaren barruan. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %4,5 daude maskulinitatearen kutxaren barnean. Horiek dira maskulinitate tradizionalarekin bat egiten dutenak.
%37,1Maskulinitatearen kutxaren ertzean. EAEko biztanleen %37 maskulinitatearen kutxaren ertzean daude. Hau da, kutxaren barnean kokatzeko baieztapenekin ez daude guztiz ados, baina ez dituzte irmoki gaitzesten.
%58,4Maskulinitatearen kutxatik kanpo. EAEko biztanleen erdiak baino gehiago maskulinitatearen kutxatik kanpo daude, eta maskulinitate berdinzaleetatik hurbil.
Ohiko maskulinitate hegemonikotik aldentzen diren horiek daude kutxatik kanpo, eta, orokorrean, hor dago EAEko herritarren gehiengoa, inkestaren arabera. Sexuaren arabera aztertuz gero, nabarmena da arrakala: hamar emakumetik zazpi daude kutxatik kanpo, eta hamar gizonetik lau soilik. Gizon horiek genero rolak gaitzesten dituztela dio ikerketak, eta gainerako taldeetako gizonak baino askoz feministagoak direla. Gainera, gizon horiek modu independenteagoan ulertzen dituzte bikote harremanak.
Bertze bi taldeetan dauden gizonek ez bezala, kutxatik kanpo dauden horiek indarkeria matxista gaitzesten dute, eta arazo bat dela nabarmendu.