Araba, Bizkai eta Gipuzkoako justizia administrazioa urrun dago oraindik euskararen normalizaziotik: gaur-gaurkoz ia ezinezkoa da auzi oso bat euskaraz egitea, eta herritarren hizkuntza eskubideak «sistematikoki» urratzen dira. EH Bilduk atzo egin zuen salaketa Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, legez besteko proposamen batean. Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduren legebiltzarkideak adierazi zuen azken hamarkadetan «oso urria» izan dela Jaurlaritzak justizia euskalduntzeko egindako lana, eta egotzi zion «borondaterik» ez izatea «konpromiso sendoagoak» hartzeko. Bi eskaera egin zizkion: «kezka» agertzeko euskararen aurkako epaien harira, eta, auzi judizialak osorik euskaraz egiteko proiektu pilotuak martxan jartzeko hainbat barrutitan.
Osoko bilkuraren gehiengoak, baina, atzera bota zuen ekinbidea, eta EAJk eta PSEk hitzartutako zuzenketa bat onetsi. Bi taldeek aitortu zuten euskarak ez duela egoera normalizatua justizia administrazioan, baina baztertu egin zuten euskalduntze prozesua «bizkortzea». Eva JuezEAJko legebiltzarkideak ohartarazi zuen «azkarregi joateak» atzera egiteko arriskua dakarrela, eta aurrerantzean ere euskalduntze prozesua «pausoz pauso» egitea babestu zuen. Sozialistek ere babestu zuten eskaera.
Jeltzaleek eta sozialistek azpimarratu zuten oraindik «bide luzea» dagoela egiteko herritarrek arreta aukeratzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko duten eskubidea bermatzeko. Adostutako zuzenketan, baina, ez zuten neurri zehatzik proposatu egoera iraultzeko. Justizia administrazioan koofizialtasunaren aldeko «apustu irmoa» egitea babestu zuten, eta ontzat jo zuten justizian euskara normalizatzeko planaren neurriak garatzea.
Saez de Egiluzek «euskararen alde egoteko» bakarrik ez, euskararen alde egiteko» eskatu zien EAJ eta PSEri, bai eta etorkizunean «auzi guztiak epaitegi guztietan» euskaraz egiteko konpromisoa bere gain hartzeko ere.
EP-IUren izenean, Gustavo Angulokaurrera egiteko ezinbestekotzat jo zuen justizia euskalduntzeko planen ebaluazioak egitea. PP+C's-k eta Voxek, berriz, ukatu egin zuten hizkuntza eskubideak urratuak daudela.
EAEko justizia «bizkorregi» euskalduntzea baztertu dute
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du auzi judizialak euskara hutsean garatzeko eskea. EH Bilduk proiektu pilotuak eskatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu