EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du udaltzain guztiek ez dutela derrigorrez euskaraz jakin beharko

Epaitegiak atzera bota ditu 2021ean osatutako udaltzaingoen lan poltsa bateratuan sartzeko ezarritako euskara eskakizunak, «neurrigabeak» direlakoan. Helegitea jar daiteke Espainiako Auzitegi Gorenean.

UDALTZAINAK
Udaltzain batzuk, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko irailaren 5a
10:54
Entzun

Beste eraso bat euskararen aurka. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du 2021ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan behin-behinean udaltzain laguntzaile izateko osatu zuten lan poltsa bateratura sartzeko ezarri zuten derrigorrezko euskara eskakizuna. Epaitegiaren arabera, «neurrigabea» da postu guztietarako euskara maila jakin bat eskatzea, eta udaltzain guztiek ez dute zertan euskaraz jakin.

Horrela, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Arabako Administrazio Auzitegiak 2022an hartu zuen erabakia. Epaileak ebatzi zuen ez zela beharrezkoa euskarazko B2 maila egiaztatzea lan poltsa horretarako sarbidea izateko. 2021eko deialdi publikorako oinarrien bigarren puntua baliogabetu zuen, eta agindu zuen B2 maila ez duten hautagai guztiak udaltzain izateko deialdian onartzeko. 

Hain zuzen, deialdiari UGTk jarritako helegitea onartu zuen Arabako Administrazio Auzitegiak. Sindikatuak helegitean argudiatu zuen 2021ean egindako deialdi publikoak «diskriminatu» egin zituela euskarazko B2 maila aurkezterik izan ez zutenak, uste baitzuen, herritarrei euren hizkuntzan zerbitzua eskaintzeko gai ez diren arren, gaituta daudela «zenbait lanpostu» betetzeko.

Arkautik helegitea jarri zuen Arabako Administrazio Auzitegiaren erabaki horren aurka; alabaina, orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du. Sententziaren arabera, «neurrigabea» da euskara maila jakin bat eskatzea: «Ez du zentzurik lanpostu batera sartzeko hizkuntza profil bat eskatzeak: baldintza neurrigabea da, eta gaztelera hitz egiten dutenak funtzio publikora eta kargu publikoetara sartzea mugatzen du, horretarako arrazoi objektiborik egon gabe». Polizia horiek egin beharreko lanak ere zerrendatuta daude epaian: hiriguneetan trafikoa bideratzea; ingurumen araudia betetzen dela bermatzea; eta «gatazka pribatuak» konpontzen laguntzea, hala eskatzen dietenean.

Auzitegiak beste epai bat ekarri du gogora, Irunen (Gipuzkoa) udaltzain izateko hamabi lanpostuko deialdirako hizkuntza eskakizunak atzera bota zituena. Bertan ebatzi zuen polizia guztiek ez zutela euskaraz jakin beharrik, Irunen euskara egunerokoan erabiltzen zutenak herritarren %8 baino gutxiago zirelako. Horregatik: «Ez da derrigorrezkoa Udaltzaingoko agente guztiek hizkuntza jakitea herritarrek administrazio publikoarekin hizkuntza horretan harremanak izateko duten eskubidea bermatzeko».

Halere, ebazpenak dioenez, bermatu beharra dago euskaldunek  administrazio publikoarekin euskaraz hitz egiteko duten eskubidea. Baina: «Nahikoa litzateke udaltzainen bikote bakoitzeko batek eta herritarrei arta ematen dieten agenteetako batzuek hizkuntza jakitea».

Gaur-gaurkoz, auzia ez dago itxita: aukera dago Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio helegite bat jartzeko. Eusko Jaurlaritzak sententzia irakurri ostean hartuko du erabakia.

Euskalgintzaren erantzuna

Erabakiaren berri izan eta berehala eman du iritzia Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Bertako zuzendari Agurne Gaubekaren hitzetan, beharrezkoa da lan poltsa horietan euskara eskakizunak ezartzea, euskarazko profila duten lanpostuetarako ezinbestekoa delako. Izan ere, hala egin ezean, ondorioak egoten dira: «Zenbait herritan gertatu da euskararen ezagutza duten agenteak eskatu eta Arkautikoek erantzutea ezagutzarik ez duten agenteak soilik geratzen direla». Beraz, Gaubekaren esanetan, udalek polizia horiek hartzen dituzte, eta «urraketak» egoten dira horregatik.

Hori ikusita, Gaubekaren irudiko, ezinbestekoa da polizia guztiei euskaraz jakiteko eskatzea, «herritarren eskubideak bermatzeko eta segurtasun zerbitzuen kalitatea hobetzeko».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (4)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.