EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi du LEP lan eskaintza publiko bateko euskara eskakizunak «neurriz kanpokoak» direla. Horrela, Bilboko auzitegi batek iaz emandako epaia berretsi du. Epaia ez da irmoa, eta Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du kasazio helegitea aurkeztuko duela.
Hain zuzen, epaitegiak iaz ebatzi zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren lan eskaintza publiko horretarako euskara maila jakin bat eskatzea «neurriz kanpokoa» zela. Are: gazteleraz soilik dakitenentzat «diskriminatzailea» dela ziurtatu zuen. Lan eskaintza publikoa 2021ekoa da, 77 lanpostukoa, administrari lanetarakoa; 71 lanpostutarako eskatu zuten euskara maila jakin bat. Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea jarri zuen, baina hura atzera bota du orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak; horrenbestez, errepikatu egin beharko dute prozesua.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak azaldu du erabakiaren zergatia. Haren esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiak ez die herritar guztiei bermatu lanpostu publikoetara «baldintza berdinetan» sartzeko eskubidea. Areago: uste du euskaraz ez dakiten hautagaiak «gutxietsi» egin dituztela eta euskara eskakizunak «gehiegizko pisua» izan duela LEPa antolatzeko garaian.
Halaber, epaitegiaren esanetan, euskaraz jakitea ez da ezinbestekoa euskarazko arta emateko: «Administrazioa elebiduna izateak ez du esan nahi nahitaez unitate horri atxikitako langileek EAEn ofizialak diren bi hizkuntzak jakin behar dituztenik».
Erreakzioa, berehala
Erabakiak erreakzio erreskada eragin du. Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez adierazi du bere iritzia eta jarrera. Nabarmendu du ebazpena «errespetatzen» duela, baina ez dago ados: «Gure ustez, ez dute behar bezala interpretatzen, ez funtzio publikoaren arloan, ez hizkuntzaren arloan aplikatu beharreko araudia, eta ez dituzte aldundiaren argudioak jaso, ez funtzio publikoari dagokionez, ez hizkuntza arloari dagokionez».
Horrenbestez, helegitea jartzea erabaki dute. Izan ere, aldundiak ziurtatu du bermatu nahi duela arta euskaraz eta gazteleraz ematea: «Funtzionario publikoek Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuak hizkuntza ofizial bietako edozeinetan erabat emango dituztela bermatu nahi da». Halaber, zehaztu dute hautaketa prozesuek ez dutela zalantzan jartzen euskaraz ez dakitenek ere parte hartu ahal izatea: «Hautaketa prozesuan bertan dagokion hizkuntza eskakizuna lortzea ahalbidetzen da». Eta «gaitasun handiena» duten langileei eman nahi dizkiete lanpostuak: «Begi bistakoa da bi hizkuntza ofizial dituen lurralde batean bi hizkuntza ofizial dakizkienak meritu eta gaitasun handiagoa duela hizkuntza bakarra dakienak baino».
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak ere euskara eskakizunen aurkako auzibideak izan ditu hizpide gaur Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Zehazki, azken ebazpenaz aritu da, eta epaitegiaren jarrera gaitzetsi du: «Izan dut ebazpenaren berri, eta ez gaude ados. Min ematen digu, irizten diolako euskara gaztelera bezain indartsu dagoela». Alabaina, Bengoetxeak gogorarazi du hizkuntza gutxitua dela: «Hizkuntza gutxitua da; beraz, diskriminazio positiboa behar du».
Oldarraldi judiziala
Euskalgintzaren Kontseiluak ere hartu du hitza. Gogorarazi du ez dela epai bakana, oldarraldi judizial baten emaitza baizik: «Euskalgintzaren Kontseiluak bere kezka adierazi nahi du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizial honek dagoeneko 500 lanpostu publiko baino gehiago jarri dituelako kolokan». Gaurkoa «bereziki larria» begitantzen zaie, ordea: «Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bildutako salaketa ugariek adierazten duten bezala, herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak ez daude bermatuta Bizkaiko Foru Aldundian. Horri konponbidea jartzera bideratutako deialdi hau bertan behera uzteak urraketak betikotzea lekarke ezinbestean». Izan ere, Kontseiluaren esanetan, bi hizkuntza ofizialak dakizkiten langileak soilik dira gauza herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko: «Langile elebidunek, bi hizkuntza ofizialak ikasteko ahalegina egin dutenek, zerbitzu hobea eskaintzeko gaitasunak dituzte».
Horiek horrela, Kontseiluak babesa addierazi dio Bizkaiko Foru Aldundiari, sektore publikoa euskalduntzeko neurriak bultzatzen jarrai dezan, baita sententziari kasazio helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eraman dezan ere, «herritarren eskubideak eta hizkuntza politika egiteko administrazioaren eskumena ukatzen dituelako». Halaber, Kontseiluak aurreratu du sententzia euskarofoboari erantzungo diola; datozen egunetan emango dute mobilizazioen berri.