EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kartzela zigorra berretsi dio bikotekideari sexu erasoak egin zizkion gizon bati

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bortxaketa saiakera bateko zigorra berretsi du.

Eraso matxista baten aurkako elkarretaratzea, Gasteizen. IÑIGO URIZ / FOKU
Eraso matxista baten aurkako elkarretaratzea, Gasteizen. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne begiristain
2024ko azaroaren 6a
15:54
Entzun

Arabako Auzitegiak hemeretzi urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion gizon bati, 2022ko maiatzean bikotekidea bost egunez atxikitzeagatik eta hari sexu erasoak egiteagatik. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Arabako Auzitegiak ezarritako kartzela zigorra.

Zigortuaren defentsak helegitean argudiatu zuen Arabako Auzitegiak babesik gabe utzi zuela gizona, emakumea ez zutelako galdekatu ahozko epaiketan. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak babestu egin du Arabako Auzitegiaren jokabidea: epaiketan erreproduzitu egin zuten emakumeak instrukzio garaian —emakumeen kontrako indarkeriaren epaitegian— egindako deklarazioaren bideoa. Emakumeak epaiketan deklaratu behar ez izateko, aintzat hartu zituzten medikuek emakumearen egoerari buruz egindako txostenak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, akusatuaren defentsa eskubidea ez zen «guztiz bete», baina ez zen «murriztu», instrukzio garaian emakumea galdekatzeko aukera izan zutelako eta hala egin zutelako.

Nafarroan, berriz, bertako Justizia Auzitegi Nagusiak lau urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra berretsi dio gizon bati, iazko apirilean emakume bat bortxatzen saiatzeagatik, Iruñean. Jatorrizko sententzian, Nafarroako Auzitegiko Arlo Zibil eta Penaleko Aretoak kartzelatik ateratakoan bost urtez zaintzapean egotera ere zigortu zuen. Hala ere, kartzela zigorraren ordez zigortua kanporatzea erabaki zuen, «aljeriarra izateagatik eta egoera irregularrean egoteagatik».  

Zigortuaren defentsak helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. Aske uzteko eskatu zion. Auzitegiak, ordea, zigorra berretsi du, uste baitu frogek eta lekukotzek berretsi egiten dutela emakumeak esandakoa.

Bi eraso Gasteizen

Gasteizen, bertako udalak jakinarazi duenez, asteburuan bi sexu eraso salatu dituzte. Gasteizko Udaleko bozeramaileen batzarrak biak gaitzetsi ditu, adierazpen instituzional baten bidez. Gainera, biharko elkarretaratze batera deitu dute: 12:00etan izango da, Gasteizko Plaza Berrian, eta bost minutuko isilunea egingo dute. Gasteiz: eraso matxisten aurka lelopean deitu dute bilkurara.

Gasteizko Udalak indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa aktibatu zuen kasuen berri izan zuenean, gertakari horiei buruzko ikuspegi ahalik eta osoena eta ziurrena izatearren. Halaber, laguntza eskaini die hala biktimei nola biktimen hurbilekoei, eta haien eskura jarri ditu baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak.

Udalak jakinarazi du bat egiten duela mugimendu feministak antolatzekoak dituen protestekin, eta herritarrei horietan parte hartzeko gonbita egin die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.