EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Donostian udaltzain izateko ez dagoela euskaraz B2 maila eduki beharrik

Epaitegiak bertan behera utzi du Donostiako Udalak bi udaltzain lanpostutarako jarritako euskara eskakizuna. Aukera dago Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko.

Donostiako administrazioarekiko auzietako epaitegiaren erabakiaren ostean egindako protesta, urtarrilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostiako administrazioarekiko auzietako epaitegiaren erabakiaren ostean egindako protesta, urtarrilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko irailaren 16a
14:34
Entzun

Epaileek ekinean jarraitzen dute euskararen aurka: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Donostiako Aurrebabes unitateko bi udaltzain lanpostutarako jarritako euskara eskakizuna.

Horrenbestez, berretsi egin du Donostiako administrazioarekiko auzietako hirugarren epaitegiak joan den abenduan emandako ebazpena, eta atzera bota du Donostiako Udalak hari jarri zion helegitea. Hain zuzen, ebazpen horretan erabaki zuten unitateko kide guztiek ez zutela zertan euskaraz jakin, Donostiako Udalak hori eskatzen bazuen ere.

Horrela, Donostiako epaitegiak arrazoia eman zion salaketa ipini zuen pertsona bati. Haren esanetan, euskaraz B2 maila edukitzea eskatzeak oinarrizko eskubide bat urratzea zekarren, «funtzio eta kargu publikoetara baldintza berdinetan sartzeko eskubidea». Ebazpenaren arabera, administrazioak bilatu behar du modua herritarrak berarekin euskaraz komunikatu ahal izateko, baina hori ezin da «diskriminatzailea» izan euskaraz ez dakitenek administrazio publikoan lan egin ahal izateko. Beraz: «Ezin da euskara eskatu kargu publiko guztietara sartu ahal izateko, badaudenean herritarrak hizkuntza koofiziala ezagutzen ez dutenak —eta ez daude horretara derrigortuta—». Guztiek euskaraz jakin gabe ere zerbitzua euskaraz eman daitekeela gaineratu zuten.

Oraingoz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia ez da behin betikoa; aukera dago Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko.

Ekin eta ekin

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebazpen bat baino gehiago eman ditu euskara eskakizunen aurka. Hain zuzen, orain bi aste, atzera bota zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan behin-behinean udaltzain laguntzaile izateko osatu zuten lan poltsa bateratura sartzeko ezarri zuten euskara eskakizuna.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.