EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bi hilabetean prest izango du epaiketak euskaraz egiten hasteko plan pilotua

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ari diren 300 epaileen artean hogei bakarrik daude gaituta euskaraz jarduteko, baina euskarazko epaiketak egiten hasteko plana abian jartzeko epemuga jarri du auzitegiak.

Imanol Pradales eta Iñaki Subijana, asteon, elkarri eskua ematen. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Pradales eta Iñaki Subijana, asteon, elkarri eskua ematen. LUIS TEJIDO / EFE
2024ko urriaren 12a
17:30
Entzun

Hutsune agerikoa du euskarak justizian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude aurreratuen hizkuntza biziberritzeko urratsak, baina hor ere agerikoa da hutsunea. EAEko justizia administrazioan %45 dira dagokien hizkuntza egiaztatua duten langileak; helburua da %70 izatea 2033an. Epaile, fiskal eta letraduek ez dute inolako hizkuntza eskakizunik, eta horien artean oso apala da ezagutza. Hala ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak 2021ean kargua hartu zuenean jakinarazi zuen epaiketak euskaraz egiten hasteko plan pilotu bat abian jartzeko asmoa, eta, gaur Europa Press agentziak adierazi duenez, ezarri dute plan hori prest izateko epemuga: bi hilabete igaro baino lehen prest egongo da.

Informazio agentzia horrek berak eman du datua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ari diren 300 epaileen artean hogei bakarrik daude gaituta euskaraz jarduteko. Agerikoa da ezagutza falta. Hala ere, gaiaren gaineko kezka bada, eta areagotu egin da asteotan. Izan ere, lehengo hilean Europako Kontseiluak Espainiako Estatuari eskatu zion neurriak hartzeko epaiketak euskaraz egin ahal izateko. Bost urtean behin egiten duen balorazioaren emaitzetako bat izan zen, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu duten herrialdeek hartu dituzten neurriak aztertuta plazaratu zituen ondorio nabarmenenetariko bat.

Eta oihartzuna izan du. Lehengo astean izan zen urte judiziala abiarazteko ekitaldia Bilbon, eta han Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek hizpide izan zuen gaia, eta arloan «neurriak» hartzeko eskatu zuen. «Galdera da: inork irudika dezake ezin direla epaiketak gaztelaniaz egin? Epaile batek, abokatu batek, fiskal batek ez dakiela gaztelaniaz? Erantzuna ezezkoa da. Zergatik onartu behar dugu kontrakoa euskaran?».

Europa Pressek jakinarazi duenez, lan «zaila» da proiektu pilotu hori antolatzea. Aurren-aurrena, epaiketak euskaraz egiteko gaitutako epaileak identifikatzen ari dira, eta horien bidez zer lanketa egin daitekeen aztertzen. Epaileak bakarrik ez, ordea: epaiketetan beste profesional asko ere behar izaten dira, eta horien guztien euskara gaitasunaren gaineko argazki ahalik eta doiena lortzeko ahaleginetan ari dira. Aditzera eman dutenez, lehen asmoa epaiketak euskaraz egiten hastea da plan pilotu honen bidez, baina ez dute baztertzen zenbaitetan itzultzaileak erabili behar izatea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.