EAEko instituzioak ez dira elkartuko Mendekotasun Legea defendatzeko

Arabako eta Bizkaiko aldundiek «fronte bateratua» egiteari uko egin diote, eta haien eskumenak aldarrikatu

De Andres, Bilbao eta Garitano, Finantzen Euskal Kontseilura sartu aurretik, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publiko nagusiek ez dute Mendekotasun Legea defendatzeko «fronte bateraturik» egingo. Eusko Jaurlaritzak ideia horren alde egin arren, Arabako eta Bizkaiko aldundiek ez dute bat egin ideia horrekin. Mendekotasunaren zaintza aldundien eskumena dela nabarmendu dute biek, eta hori errespeta dezala galdegin diote Jaurlaritzari.

Arabako eta Bizkaiko aldundietako ordezkariek Gizarte Zerbitzuen Instituzio arteko Organoaren bileran azaldu dute haien desadostasuna; bilera horretan, Jaurlaritza, hiru aldundiak eta Eudeleko ordezkariak bildu ziren atzo. Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legeari egingo dizkion aldaketen aurka elkartzea proposatu zuen Gemma Zabaleta Gizarte Gaietarako sailburuak, baina ez zuten horrelakorik eztabaidatu, aipatu bi aldundien kontrako jarreragatik. «Eusko Jaurlaritzak bere eskumenenganako errespetua eskatzen du, eta aldundiok ere gureenganako errespetua eskatzen dugu», adierazi du Marta Alaña Arabako Gizarte Gaietarako diputatuak.

Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Eudel erantzun bateratuaren alde agertu dira, baina hutsean geratu da asmoa. Horiek horrela, Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Gaietarako diputatuak Eusko Jaurlaritzak izan dezakeen parte hartzea gogorarazi du. Mendekotasun Legearen laguntzak «gotortzeko» aldundien ahalegina nabarmentzeaz gain, Eusko Jaurlaritzari ere ahalegin bat eskatu dio; zaintzaileen kotizazioak ordaindu beharko lituzkeela azaldu du, irailaren 1etik Espainiako Gobernuak ez baititu ordainduko.

Orain arteko eskaintzari eutsi

Mendekotasun Legeari egindako murrizketei nork bere kabuz erantzungo dien arren, administrazio gehienek jarrera bertsua dute alor horretan. Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek aurreratu dute orain arteko eskaintza mantenduko dutela, eta ez dituztela abiaraziko Madrilgo Diputatuen Kongresuan onartutako aldaketak. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ideia hori berretsi zuen atzo, eta gastu horri aldundiaren aurrekontuarekin aurre egingo diotela gaineratu zuen.

Arabako Foru Aldundia da murrizketen aurkako jarrera argia erakutsi ez duen bakarra. Hasierako balorazioan, legearen aldaketak «zaintzaileen profesionalizazioari» mesede egingo ziola esan zuen Alañak eta jakinarazi du murrizketen inguruan izango duten jarrera oraindik aztertzen ari direla. Dena den, Arabako biztanleei lasai egoteko eskatu die hori aztertu bitartean.

Eusko Jaurlaritzak, bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Legea ezartzeko «ibilbide orria» mantentzeko galdegin die aldundiei. Adierazi du lege hori ezarriz gero murrizketak eten eta laguntza «zabalagoa» bermatuko dela. Hain zuzen ere, lege horrek zerbitzu eta laguntzen garapen bateratua dakar Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Azkenik, Zabaletak berriro mahai gainean jarri du finantzaketari buruzko eztabaida: «Euskadik ez du gastu arazo bat, baizik eta diru sarrera arazo bat», eta gaineratu du Gizarte Zerbitzuen Instituzio arteko Organoan ordezkaritza duten guztiek parte hartu behar dutela eztabaida horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.