Apur bat hobetu dituzte PISA txosteneko datuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek. Zientzietan 487 puntu atera dituzte, 2015. urtean baino lau puntu gehiago (483). Nafarroakoek, ordea, nabarmen egin dute behera: 492 puntu (2015eko azterketan 512 atera zituzten). Matematikan, berriz, 499 puntu lortu dituzte EAEko ikasleek, aurrekoan baino zazpi gehiago (492), eta horretan ere behera egin dute nafarrek: 503 puntu, 2015ean baino hamabost puntu gutxiago (518).
Gaur argitaratu du 2018ko PISA azterketa OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak; 79 herrialdetako 15 urteko ikasleekin egin dituzte probak. Hiru urtean behin egiten dute ikerketa hori Hegoaldean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan dauden ikasleekin; zientzietan, matematiketan eta irakurketan dituzten gaitasunak aztertzen ditu. Hego Euskal Herriko 5.463 ikaslek hartu dute parte oraingoan, 176 ikastetxetakoek, publiko eta itunpekoetakoek. Azterketak joan den urteko apirilean eta maiatzean egin ziren, 2002. urtean jaiotako estudianteekin.
Kontuan izatekoa da duela hiru urteko emaitzak harridura eragin zutela. EAEn, inoizko emaitzarik txarrenak izan zirelako zientzietan eta matematiketan; eta Nafarroan, berriz, hiru arloetan 500 puntuak gainditu zituztelako, eta inoizko emaitzarik onenak lortu zituztelako matematikan eta irakurketan. Oraingoan, berriz, zertxobait hobetu dira EAEko puntuazioak, eta nabarmen okertu dira Nafarroakoak.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak datuen «irakurketa positiboa» egin du, «hobekuntza bat dagoelako». Haren arabera, «gutxi dira duela hiru urtekoekin alderatuta emaitzak hobetu dituzten herrialdeak», eta, gainera, nabarmendu EAEn «txikia» dela emaitzarik onenen eta txarrenen arteko aldea. Esan du orain ISEI-IVEI Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeari dagokiola PISA txostena beste adierazle batzuekin erkatzea eta balorazioak egitea.
Irakurketa datuak ez dituzte argitaratu Hego Euskal Herrian eta Espainian, hainbat institututan egindako probetan «irregulartasunak» aurkitu dituztelako. Azaroan eman zuen albistea OCDEk, Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin akordio batera heldutakoan; Espainia da datuok argitaratuko ez dituen bakarra. Arrazoia, «kontuan hartzeko moduko ikasle kopuru batek» ez zuela proba behar besteko seriotasunarekin egin. Ordenagailuz egindako testean, erantzunak ausaz eta presaka eman zituzten: hainbat ikaslek 25 segundotan osatu zituzten 20 galdera, behar besteko esfortzua egin zutenek 50 segundo eta bi minutu artean erabili zituzten bitartean. Beste batzuek erantzun guztiak «bai» edo guztiak «ez» erantzun zituzten. OCDEk adierazi zuen jokabide hori ez zela eremu guztian zehar gertatu, baina ez zuen zehaztu zer lurraldetan eragin zuen nagusiki. Beraz, ezin da jakin Euskal Herriari eragiten dion ala ez.
Beheranzko joera
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan apur bat gora egin arren, beheranzko joera bat nabari da datu historikoei begira: 2003an, etsamina EAEn egin zen lehen aldian, matematikan 502 puntu lortu zituzten ikasleek, eta 484 gaitasun zientifikoetan. Emaitzarik onenetatik urrun daude egun: matematikan 510 puntu erdietsi zituzten 2009an, eta zientzietan 506, 2012an.
Nafarroan, berriz, gorabeheratsuagoa izan da bilakaera, baina puntuazio handiagoak izan dira, oro har. 2006tik daude bertako emaitzak, eta matematikan beti izan dira 510etik gora, 2018ra arte: 2015ean lortu zuten puntuaziorik handiena (518), eta orain atera dute txikiena (503). Zientzietan, antzera: 510 punturen bueltan izan dira ikasle nafarrak (puntuaziorik handiena, 2012an, 541), baina oraingoan nabarmen jaitsi dira 500 puntuen langatik: 492.
Edonola ere, Hego Euskal Herriko ikasleek OCDEren batezbestekoa (489) gainditu dute matematikan. Zientzietan (489) bi puntu azpitik geratu dira EAEkoak, eta hiru puntu gainetik nafarrak.
Aurreko txostenak erakutsi zuen beherakadaren ondoren, neurriak iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak —matematikan 13 puntu egin zuten behera, eta zientzietan 23—. Irakasleen prestakuntzan, irakasteko moduetan eta ikasleen ulermenean arreta handiagoa jarriko zutela esan zuen Uriartek, eta unibertsitateekin hizketan hasi ziren irakasle izateko ikasketetan sarbideko proba bat ezar zezaten. Proba lehen aldiz euskarri digitalean egin izanak ere eragina izan zuela arrazoitu zuten. Txosten osoa urtarrilean argitaratuko da.
Japonia eta Estonia nagusi
OCDEk zerrenda batean sailkatzen ditu herrialdeak eta eskualdeak, emaitzen arabera. Aurten, Japonia nagusitu da matematiketan, eta Estonia zientzietan.
Frantziako datuetan, 495 puntu atera dituzte matematikan, eta 493 zientzietan. Espainiakoetan, berriz, 481 puntu matematikan, eta 483 zientzian. Frantziako datuak, beraz, OCDEren batezbestekoaren gainetik daude, eta Espainiakoak, azpitik.