EAEko Hezkuntza Legearen «aukerak» xehatu ditu Hik Hasik

Gaiari buruz argitaratutako monografiko batean, aztertu du legeak zer ate ireki ditzakeen euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean.

Monografikoaren aurkezpena, gaur; Ainhoa Azpirotz hizketan. JON URBE / FOKU
Monografikoaren aurkezpena, gaur; Ainhoa Azpirotz hizketan. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2024ko ekainaren 12a
17:00
Entzun

Eusko Legebiltzarrak iazko abenduan onartu zuen EAEko Hezkuntza Legea. Eztabaida luze eta korapilatsuen emaitza izan zen. Orain, Hik Hasik lege horri buruzko monografiko bat landu du propio, aztertzeko lege horrek zer «aukera» zabaldu ditzakeen euskal hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean, eta irudikatzeko aurrera nola egin daitekeen aukera horiek «baliatuta»: EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak. Gaur egin dute aurkezpena, Hernanin (Gipuzkoa). 

Hik Hasiko ordezkari Ainhoa Azpirotzek argi utzi ditu legearen mugak. Batetik, ez delako Euskal Herri osorako: «Zatiketa administratiboak Euskal Herri osorako hezkuntza sistema garatzea galarazten digu gaur-gaurkoz». Bestetik, murritza iruditzen zaielako: «Ez da behar genuen legea, lege ausartago bat behar genuen, irmoagoa, euskaldunagoa, sozialagoa eta inklusiboagoa». Baina legea aurrebide ere izan daitekeen ustea dute. «Badakartza aurrerapausoak ere, eta aurrerapausoak urrats estrategiko eta esanguratsu bilakatzeko lanean jarraitu behar dugu». Hainbat alorretako adituen ikuspegiak jaso dituzte monografikoan, lau ataletan banatuta:

Gobernantza berri bat

 

Hik Hasiren ustez, etorkizuneko hezkuntza irudikatzeko orduan xedeetako bat da hezkuntza prozesuak «ingurune soziokulturalean integratzea». Alde horretatik, EAEko Hezkuntza Legeak hainbat aurrerabide egiteko oinarriak jarri dituela jaso dute monografikoan. Legearen hainbat artikulutan atzeman dituzte horretarako bideak. Besteak beste, nabarmendu dute gobernantza esparruan sartzen diren erakundeak zein diren zehaztean «udalak» aipatzen direla, eta baita udal eskola kontseiluak eta eskola kontseiluak ere.

Oinarri horiek hezkuntza gobernantzarako «elkarlan kultura berri baten» ernamuina izatea da orain erronka, Hik Hasirenzat. Huheziko irakasle Olaia Jimenez izan da monografikoan parte hartu duten adituetako bat, eta tokiko erakundeen garrantzia nabarmendu du. «Udalak ez dira hezkuntza administrazio, baina badira administrazioak, eta legeek aitortutako eskumenez baliatzea dagokie», azaldu du. «Aurrerantzean, hezkuntza mailako erabakiak udalei bizkar eman gabe hartu beharko lirateke, era koordinatuan eta elkarlanean».

Adibideak badira. Esaterako, Maite Usabiaga zinegotziak Bergarako Udalarena aurkeztu du gaurko agerraldian, udal gobernuaren izenean. 2021ean hezkuntza mahaia nola eratu zuten azaldu du, «hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eragileak» batu zituztela, eta lanketaren xede nagusiak «segregazioaren» aurka egitea eta «herri kohesioa, aniztasuna eta parte hartzea sustatzea» izan direla. Iaztik, martxan jarri dituzte asmo horietan sakontzeko «ekintzak». 

Euskara euskal hezkuntzan

 

Hizkuntza ereduei lehengoan eutsi die EAEko Hezkuntza Legeak. Horixe izan da legearen gairik arazotsuenetako bat akordioa lortzeko bidean. Hik Hasik nabarmendu egin nahi izan ditu, hala ere, legeak ekarri dituen onerako hainbat aldaketa. Hain justu ere, legean jasotzen da ikasleek euskaraz ere «gutxienez» B2 maila lortu behar dutela derrigorrezko hezkuntza amaitzean, eta horrek «azpimarra» merezi du,  Hik Hasiren iritziz.

Hik Hasiko talde eragileko Xabier Sarasuak eman ditu atal honetan plazaratu dituzten ideien gako nagusiak, eta legeak zedarritu duen bidean «ebaluazioa» ezinbestekoa dela nabarmendu: «Ebaluazioa hobetzeko tresna gisa ulertuta, betiere» Ikasleen euskalduntzea bermatzeko egin beharreko hobekuntzei lotuta, Hik Hasirentzat aintzat hartzekoa da garrantzia eman izana «hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko harmonia eta osagarritasuna bilatzeari» ere. Nabarmendu dute, ordea, legea aplikatzeko orduan «fin» aritu beharko dela hobekuntza horiek gauzatzekotan. Hor norabide bat ezartzeko asmoz, hamabost puntu zehaztu dituzte monografikoan.

Autonomia

 

«Sistema publiko, bateratzaile, sozial eta inklusiboa»: horixe da Hik Hasiren helburua. Alde horretatik, ikusi dituzte legean «berrikuntza» batzuk, «jauzi kualitatiboak» egiteko modukoak. Besteak beste, sortu asmo den Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa nabarmendu dute, iritzita haren bidez beharrezko oinarriak jarriko direla «sistema publiko berri bateratzaile baterantz eta inklusiorantz» joateko.

«Jauzia benetan esanguratsua» izan dadin, «kontrolak» arautu eta zehaztu behar dira, adierazi dutenez, ikastetxeek «betebeharrak benetan» betetzen dituztela ziurtatzeko, eta baldintzak ez betetzeak zer ondorio ekarriko dituen ezartzeko. Autonomia garatzeko dauden ereduak ezagutzeko helburuz, Europako egoera aztertu dute monografikoan, eta Maialen Oiartzunek eman ditu horri buruzko azalpenak, gaia propio aztertzen ari da-eta bere doktore tesian.

Ikasleak eta irakasleak

 

 

Bi gai nabarmendu dituzte atal honetan. Aurren-aurrena, egokitzat jo dute legeak «0-3 zikloa» beren-beregi aipatzea. «Abiapuntu ezin hobea da, errealitatean eta praktikan ziklo horren haustura gertatzen ari delako», azaldu du Azpirotzek. Izan ere, azaldu du usu haur eskoletan 0 eta 2 urte arteko umetxoak egoten direla gaur egun, eta ikastetxeek hartzen dituztela hortik aurrerakoak. Bestalde, DBHrako, nerabeen «ezaugarriak» kontuan hartuko dituen hezkuntza eredua eskatu dute.

EAEko Hezkuntza Legean irakasleen prestakuntzari begira zehaztutakoei dagokienez, alde positiboak ikusten ditu Hik Hasik, eta zuzendaritza taldeen antolaketari buruz adierazten direnetan ere bai. Heizeko lehendakari Iñigo Salaberriak aztertu du gai hori. «Gure nahia eta ekina da zuzendaritza izaera unipertsonaletik  zuzendaritza talderanzko bilakaerako trantsizioa egitearena», nabarmendu duenez: «Horretan baditugu hainbat ardatz legean».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.