Hizkuntza ereduak eta Euskararen Legea propio aipatzea eta, ondorioz, 1982an onartutako lege horrek gurasoei seme-alaben irakas hizkuntza aukeratzeko egun ematen dien eskubideak lehengoan jarraitzea. Horixe izan da EAEko Hezkuntza Legearen gaineko eztabaidetan gatazkatsuena, eta, itxura batean, hor aldaketarik egin gabe onartuko dute asteazken honetan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Ondoren, osoko bilkuran onartu beharko dute. Azken bozketa hori abenduaren 21ean izatea espero da. Gaur, atariko urratsa egin da: legearen gaineko batzordearen txostenari oniritzia eman diote, eta hor lehengoan jarraitzen dute aldaketa horiek.
Legeak bidea irekiko du, berez, eskolek beren hizkuntza proiektu propioak landu ahal izateko, eta bermatu egin nahi da ikasleek hizkuntzetan jasoko duten ezagutza maila, irteera profilak ezarrita; euskaraz, propio, B2 maila lortu beharko dute derrigorrezko ikasketak bukatzean.
Hizkuntza ereduen gaineko aipamenarekin, eta Euskararen Legean ezarritako printzipioak ere gogoratuta, xede hori ezingo da lortu, EH Bilduren iritziz, eta horrek ekarri du, hein handi batean, desadostasun nabarmenetariko bat legearen inguruan. Zuzenketa horiek PSE-EEren eta EAJren ekimenez sartu ziren. Ezustea izan zen, aurrez Eusko Legebiltzarreko talde politiko gehienek legearen atariko gisa lortu zuten itunean gaiaren gaineko adostasuna zegoela ematen zuelako, eta hizkuntza ereduak propio aipatu gabe legea ontzeko era egon zitekeela ematen zuelako.
Behin zuzenketaren gainean sozialistek eta jeltzaleek akordioa lortuta, azkenera arte negoziatzen aritu dira egoera onbideratzeko, baina akordio hori ez da zabaldu. Bakarrik geratu dira bi talde politikoak zuzenketa horren defentsan, eta legea ere biek onartuko dute.
Euskalgintzak ere, bere zabalean, ezinegona azaldu du zuzenketa horiek ekar ditzaketen ondorioak direla eta. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argudiatu du halako gatazka eragin duen zuzenketa legearen zioen azalpenean agertzen dela, eta garrantzia kendu nahi izan dio. Eta aintzat hartzeko ñabardura da hori; zuzenketa hori legearen sarrerako testuan agertzen da, eta gero ez du garapenik legearen artikuluetan.
Hala ere, hizkuntza ereduak aipatze hutsak kezka eragin du. A eta B ereduak egun bazterrekoak dira, familia gutxik hautatzen dituzte beren seme-alabentzat, baina horien bidez euskara maila ona lortzea oso zaila da. A ereduan ikasgai soila izaten da euskara; B ereduan ikasgai zenbait izaten dira euskaraz.