EAEko Hezkuntza Legea lantzeko prozesua: gorabeheraz betetako bi urte

Mugarri garrantzitsuak izan dira: 2021eko urrian, legea egiten hasi ziren Eusko Legebiltzarrean; 2022ko apirilean, talde politiko gehienen babesa lortu zuen legearen ernamuin izan behar zuen testuak. Ordutik, adostasun hori ahuldu egin da, pixkanaka.

Eusko Legebiltzarra. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua.
Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2023ko abenduaren 12a
19:40
Entzun

Eusko Legebiltzarrak argitaratu du EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren behin betiko testua. Abenduaren 21ean osoko bilkurara eramatea da asmoa, eta, iragarpen guztien arabera, han aurrera aterako da, EAJren eta PSE-EEren botoekin. Bi urte pasatxoko bidea izan da, gorabeheraz josia. Hona mugarri zenbait:

egunez egun

  • 2021eko urriaren 14a. Eusko Legebiltzarrak osoko bilkuran erabaki zuen Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legea aldatu eta hezkuntza sistemaren oinarriak ezartzeko prozedura bat hastea; hurrengo hamarraldietako hezkuntza politiken oinarria ezarri nahi zen. Legebiltzarrak Hezkuntza Batzordean gaia landuko zuen lantalde bat eratzeko bidea hasi zuen, aurrena akordio bat lortzeko, gero legearen ernamuina izan zedin.
  • 2022ko martxoaren 18a. Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek —EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk— hezkuntza itunaren gaineko azken zuzenketak onartu zituzten legearen oinarriak ezartzeko. PP eta Vox bakarrik geratu ziren akordiotik kanpo, eta asko nabarmendu zen horrek erakusten zuen indarra.  Apirilaren 7an osoko bilkuran onetsi zuten akordio hori.
  • 2022ko irailaren 14a. Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak. Itunean jasotako hainbat puntu ageri ziren: euskara izatea ardatza, besteak beste, eta ikasleek B2 maila lortu behar izatea DBH bukatzerako.
  • 2023ko apirilaren 25a. Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluan onartu zuen Hezkuntza Lege proiektua. Ordurako baziren eztabaidak eta desadostasunak haren edukiaren inguruan; segregazioari eta sare publikoaren eta itunpekoaren presentziari begira, bereziki, agerikoak ziren ikuskera ezberdinak. Euskalgintzak ere adierazia zuen duda hainbat ezaugarriren inguruan; hitzarmenaren berri izan zuenetik zen kritikoa, ez baitzuen berariaz zehazten zein izango zen hizkuntza eredu berria, eta zehaztapen gehiago behar zirela uste baitzuen.
  • 2023ko urriaren 3a. Amaitu zen lege proiektuari zuzenketak jartzeko epea, eta EAJk eta PSE-EEk ados jartzea lortu zuten: hizkuntza ereduei eustea erabaki zuten. Legearen zioen adierazpenean egindako aldaketa bat izan zen, gero legearen artikulatuan aipatzen ez dena. EH Bilduk berehala azaldu zuen desadostasuna, eta, tartean proposamenak eta akordiorako deiak egon badira ere, ez da iritzi bateraturik egon azkenean gaiaren inguruan. Elkarrekin Podemos-IUk azaldua zuen aurretik testuaren gaineko desadostasuna, gero eta era argiagoan.
  • 2023ko azaroaren 28a. EH Bilduren oinarriek berretsi egin zuten bezperan mahai politikoak lege proiektuaren aurka bozkatzeko egindako proposamena. Argi geratu zen ja legearen gaineko adostasun zabala hautsia zela.
  • 2023ko azaroaren 29a. Onartutako zuzenketekin, testu bat ondu zuten, eta onespena eman zioten Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean: babestu egin zuten EAJk eta PSE-EEk; aldiz, aurka egin zuten EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PPk eta Voxek.
  •  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.