EAEko Fiskaltza joan-etorriak mugatzearen eta etxeratze aginduaren kontra agertu da

Txosten bat prestatu du Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 10ean indarrean jarri nahi duen dekretuari buruz, eta kontra agertu da zenbait puntutan. Bilerak lau lagunera mugatzea, aldiz, legezko ikusten du.

Ertzaintzaren kontrol bat, apirilean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
mikel p ansa
2021eko maiatzaren 5a
15:11
Entzun

Fiskaltzak ez ditu argi ikusten Iñigo Urkullu lehendakariaren asmoak. Iruditzen zaio ezinezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan, probintzietan eta herrietan ere sartu-irtenak mugatzeko asmoa eta etxeratze agindua arautzea, behin alarma egoera bukatuta. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari txostena igorri dio fiskalak, Jaurlaritza prestatzen ari den dekretuaren zirriborroari buruz; Jaurlaritzak maiatzaren 10ean sartu nahiko luke indarrean dekretu hori, alarma egoera bukatzeak sortuko duen lege hutsunea betetzeko. «Oinarrizko eskubideak mugatuko dituzten neurriak ezin dira ezarri jende multzo zehaztugabeentzat, indarrean dauden osasun legeetan oinarrituta».

Atzo, asteartean igorri zion Jaurlaritzak dekretuaren zirriborroa Auzitegi Nagusiari. Dekretuak lege babesik ote lukeen jakiteko tramite bat da. Administrazioarekiko auzien salak aztertuko du dekretua, bihar, osteguna. Beranduenez, ostiralean eman beharko luke epaia auzitegiak, eta epaitegiko iturriek hala izango dela ziurtatu dute. Eusko Jaurlaritzaren Labi batzordea ostiralean bertan bilduko da.

Bitartean, fiskalak hartu du jarrera, eta uste du mugikortasuna mugatzeko eta etxeratze aginduak ezartzeko eskumenik ez duela Jaurlaritzak, alarma egoeraren lege babesik gabe. Jende bilerak mugatzeko, ordea, ikusten du aukera fiskalak. Iruditzen zaio neurri horrek ez duela urratzen herritarren biltzeko eskubidea, eta ebatzi du ez lukeela epaitegien baimenik beharko taldeak lau pertsonara mugatzeko.

Jendearen joan-etorriak mugatzeko neurriak erabat lotuta daude alarma egoerarekin juridikoki, fiskalaren aburuz, eta ezinezkoa da halako eskubide murrizketak ezartzea alarma egoerarik ez bada. Fiskaltzaren jarrera hori orokorra izango bide da Espainiaren administraziopeko lurraldeetan. Fiskalak uste du «salbuespen» gisa ulertu behar direla neurri horiek, eta salbuespen legediekin soilik ezar litezkeela, osasun larrialdiko araudiak ez duela horretarako biderik ematen.

Espainiako inguruko erkidego batzuek iragarria dute joan-etorriak libre utziko dituztela igandetik aurrera, eta Nafarroako Gobernuak berak ere hala jakinarazi du. Polemika ere sortu da horren harira, Miguel Angel Revillak esan baitu Urkulluk itxiera perimetralari eusteko asmoa zuela jakinarazi ziola; lehendakariak, ordea, gaur ukatu egin du Revillari halakorik esan izana. Bihar fiskaltzaren jarrera nagusiko balitz, euskal lurraldeen artean zirkulatzeko aukera izango da urritik aurreneko aldiz, igandetik aurrera.

Jaurlaritzak aurkeztutako zirriborro horren arabera, intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 200 kasu positibokoa den kasuetan ezarriko lirateke joan-etorriak mugatzeko neurriak. Herriak, berriz, itxiko lituzkete intzidentzia tasa metatuak 400eko langa gaindituko balu. Etxeratze agindua 22:00ak eta 06:00ak bitartean mantendu nahi du Jaurlaritzak, bestalde, eta jende bilerak lau pertsonatara mugatu (bizikideak zenbatu gabe).

Bilboko epaile dekanoa, jarrera berean

Indarrean diren neurri murriztaile guztiak mantentzea ezinezko ikusten du Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak, behin alarma egoeraren «aterki juridikoa» galduta. EAEko fiskalak bezala, epaile dekanoak ere interpretatzen du eskubide oinarrizkoen murrizketa horiek egin ahal izan direla alarma egoeraren legeak horretarako aukera ematen zuelako, baina behin legea indarrik gabe geldituta, horiei eusteko modurik ez du sumatzen. Igandetik aurrera sortuko den egoera, beraz, «zalantzazkoa» ikusten du.

Horren aurrean, Uriartek uste du gutxienez segurtasun juridiko handiagoa emango duela Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukerak. Espainiako Gobernuak onartutako agindu baten arabera, autonomia erkidegoek aukera izango dute Gorenean kasazio helegite bat hartzeko, haiek erabakitako neurriak bertan behera uzten badituzte beren eremuetako auzitegi nagusiek. Nafarroan auzitegiek neurri batzuk onartzea eta Hegoaldeko beste hiru probintzietan neurri antzekoak ez onartzea eta antzeko egoerak saihesteko balioko du horrek, Gorenak jarriko duelako neurri guztientzako irizpidea. Baina Gorenak helegiteei erantzuteko ere denbora beharko da, eta oraindik inork ezin du ziurtatu igandetik aurrera zer gertatuko den zehazki neurri batzuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.