86 funtzionariok EAEko espetxeetan lan egiteari utzi zioten joan den astean, lekualdaketa eskatuta. Beste zazpi funtzionariok hiru hilabete barru utziko dute lanpostua. Hala, espetxeetako funtzionarioaren egoeraren berri jakiteko asmoz, Alderdi Popularrak eskatu zuen Pablo Martinez Larburu EAEko Espetxe Zerbitzuen zuzendariak agerraldia egin zezala Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean. Martinez gaur izan da batzordean, eta adierazi du normala dela langileek lekualdaketa eskatu izana, «urrunetik» etortzen direlako.
Oro har, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan lan egiten duten funtzionarioen %12 inguruk utzi dute edo utziko dute lanpostua. «Batzuk Leondik, Asturiastik, Caceresetik [Espainia]... etortzen dira; nekatu egiten dira joan-etorriak egiteaz. Konpentsazioa oso handia ez bada, ohikoena izaten da jendeak egoera aztertzea», zehaztu du Martinezek. Funtzionarioak Espainiako Gobernuaren menpeko espetxeetara lekualdatu dira. Espetxe Zerbitzuen zuzendariak iragarri du nahi izatekotan EAEko espetxeetara bueltatzeko aukera izango dutela, lekualdatze lehiaketetan parte hartuz.
Martinezek kritikatu egin du zenbaitek espetxeen kudeaketaren irudi «tremendista» hedatu nahi izatea, eta salatu du horrek ez diela mesederik egiten arlo horretan lan egiten dutenei.
Jaurlaritzak behin-behineko langileekin beteko ditu hutsik geratutako postuak, lan eskaintza publikora deitu arte. «Zerbitzu eginkizunen bidez beteko ditugu hirurogei lanpostu inguru, eta beste 29, berriz, bitarteko langileen zerrendaren bidez», zehaztu du Martinezek. Alderdi Popularreko Santiago Lopezek Martinezi leporatu dio behar beste ez planifikatzea eta «inprobisazioz» aritzea, urte amaieratik bazekitelako langileek alde egin behar zutela. Kontrakoa adierazi du zuzendariak: «Hutsune horiei aurre egin ahal izango diegu hilabeteak daramatzagulako hori lantzen; ez dago inprobisazioa, planifikazioa baizik».
Langileak bi astez trebatuko dituzte, «oinarrizko jakintzak» eskuratu ditzaten. Hala ere, Martinezek aitortu du «gorputza hain garrantzitsua» den lanpostuetan «patioan egonez» lortzen dela eskarmentua, «parez pareko harremana izanez».
240 langileko lan poltsa
2022ko abuztuan, deialdi bat egin zuten bitarteko langileen lan poltsan sartzeko eskabideak aurkezteko. «Zalantza handiak izan genituen deialdiarekin, historikoki gizarte hau uzkur izan baita estatuko segurtasun indarretan parte hartzeari zegokionez, baina 804 pertsonak eman zuten izena», gogoratu du. Sindikatuekin adostu zuten langileek trebakuntza jaso beharko zutela lan poltsan sartu ahal izateko. Hortaz, gaur egun 240 langile inguru dira poltsa horren parte.
Martinezek iragarri du asmoa dutela laster lan poltsa gehiagotarako deialdiak egiteko, eta espero duela bestea bezain arrakastatsuak izatea. «Estigma ezabatzen lagunduko du horrek», azaldu du. Izan ere, azpimarratu du espetxeetako beharginen lanari «balio handiagoa» emateko beharra dagoela, eta adierazi «lanbidea duintzeko» konpromisoa duela: «Segurtasun zaindariak bizikidetza agente bihurtu behar ditugu, espetxeetan bizikidetza eta errespetua behar baitira».
Lan karga handiak eta langile falta salatu izan dituzte langileek urte hauetan. Bide beretik, Lopezek batzordean jakinarazi duenez, langileek «sistematikoki» egin izan dituzte. aparteko orduak Martinezek ukatu egin du aparteko orduak «egiturazkoak» izatea: «Egia da puntualak baino gehiago direla, langile nahikorik ez zegoenez beharrezkoak izan baitira, baina ez nuke esango egiturazkoak direnik».
«Egia da [aparteko orduak] puntualak baino gehiago direla, langile nahikorik ez zegoenez beharrezkoak izan baitira, baina ez nuke esango egiturazkoak direnik»
PABLO MARTINEZ LARBURUEAEko Espetxe Zerbitzuen zuzendaria
Eusko Jaurlaritzak 2021eko urrian jaso zuen espetxeen eskumena. Martinezek adierazi duenez, azpiegituren egoera «eskasa» zen orduan. Besteak beste, aipatu du Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelak «zahartuta eta hondatuta» zeudela.
«Gaur egungo egoera ez da ona, eta transferentzien aurretik ere ez zen hala, ez langile taldeari dagokionez, ezta instalazioei dagokienez ere», adierazi du Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak. Haren ustez, ezinbestekoa da lan baldintzak sindikatuekin negoziatzea eta espetxe eredu propioa sortzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak aztertzea. «Eusko Jaurlaritzak esfortzu handiagoa egin behar du», azpimarratu du. Esan du hizkuntza eskakizunak kontuan hartu behar direla lan poltsetan, eta langileak «birgizarteratzean trebatzeko ahalegin serio bat» egin.
EAJko Xabier Barandiaranek eta PSE-EEko Miren Gallastegik txalotu egin dute Eusko Jaurlaritza eredu propioaren alde egiten ari den lana. «Beharbada egoera ez da perfektua, baina norabide egokian planteatuta dago», esan du Barandiaranek. «Eredu propioa» izatea lagungarria izango da euskal gizarteak «[Espainiako] estuaren kudeaketarekin izan duen distantzia» apaltzeko, haren ustez.
«Hainbat urte behar dira eredu propio bat indartzeko», adierazi du Gallastegik. «Eredu horrek bermatu egingo ditu espetxean dauden guztien eskubideak. Uste dut EAEk badituela tresna nahiko espetxe eredua arrakastatsua izan dadin».