Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko eskatu du Ikastolen Elkarteak. Bide hori urratzen hasteko, Heziberri 2020 egitasmoko hirugarren egitasmoa aurreratzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari; hau da, EAEko Hezkuntza Legea onar dezala. «Hobe gaur, bihar baino».
Hezkuntzan bizi den giroa mintzagai izan zuten Ikastolen Topaketan, atzo, EHUren Bilboko paraninfoan. «Mehatxu, erronka eta aukeraz betea» antzeman dute egoera, eta legearen baliagarritasuna nabarmendu dute. «Lege batek berez ez ditu arazo guztiak konponduko, ezta gai guztiak bideratuko ere, baina iparra definitze aldera erabat lagungarria izan daiteke».
Legearen baliagarritasuna lau puntutan laburbildu du Ikastolen Elkarteak: alde batetik, gizartea egituratzeko eta trinkotzeko balioko duela uste dute; beste alde batetik, hezkuntza sistema osoari lege baten babesa emango liokeela; horrez gain, legea egiteko prozesuak helburuak eta lehentasunak argitzen lagunduko duela uste du; eta, azkenik, LOMCEri aurre egiteko tresnak eskaini ahalko dituela.
Heziberri 2020 egitasmoaren barruko legeak, ordea, zenbait baldintza bete beharko lituzke, Ikastolen elkartearen aburuz. «Titulartasuna gorabehera», zerbitzu publikoaren arabera hezkuntza eskubidea garatu beharko lukeela azaldu du, betiere euskara ardatz duen elebitasun errealarekin. Halaber, gaineratu du legeak bermatu beharko lukeela konpetentzietan oinarritutako euskal curriculuma.
Ikastolen Elkarteak legeari eskatu dio ikasle guztien eskola errendimendua hobetzeko, baita irakasle jarduera eta funtzio berrituaren eraketa ere. Azkenik, hezkuntza baliabideen banaketa «bidezkoagoa» eskatu du.
Ikastolen Elkarteak Euskal Herriko legea aldarrikatu du: «Horrek bakarrik ziurtatuko digu ikasleen hezkuntza euskaldun eleaniztuna, euskal curriculumean eta gaitasunetan oinarrituta». Uste du ildo horretan aurrera egiteko bide nagusia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoela gaur egun.
EAEko Eskola Legea aitzinatzeko eskatu du Ikastolen Elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu