Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek berritu egin dute euskara hutsezko herri ekimeneko hedabideekin duten akordioa, 2022-2024ko epean indarrean egongo dena. Orotara, 11,5 milioi euro jarriko dira urtero hedabide horiek finantzatzera, 2019ko hitzarmenean adostutakoa baino %4,4 gehiago.
2019an sinatutako akordioaren arabera, erakunde bakoitzak hedabide jakin batzuk laguntzeko ardura hartzen du: Eusko Jaurlaritzak nazio mailako hedabideak –tartean BERRIA–, aldizkari espezializatuak, tokiko telebistak, irratiak eta hedabide digitalak sustatzen ditu, eta hiru foru aldundiek, berriz, bakoitzaren lurraldean euskara hutsean argitaratzen diren herri eta eskualde mailako paperezko hedabideak.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu du euskal hedabideek egiten duten lana «euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko bidean», bai eta «kalitatezko erabileraren ikuspegitik» ere egiten duten ekarpena, eta pandemiaren inguruan eta Ukrainaren gatazkari buruz emandako informazioa jarri ditu horren adibidetzat: «Lan hori aitortu egiten dugu hitzez, eta lagundu ekintzez».
Zupiriak esan duenez, hitzarmena sinatu zenetik Eusko Jaurlaritzak 62 hedabide diruz lagundu ditu, eta aldundiek, berriz, beste 48. Euskara hutsez funtzionatzen duten hedabideen ekosistema «bizi, dinamiko eta askotarikoa» laudatu du, eta erantsi du euskaldunek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzen laguntzen duela.
Hedabideen beharrak
Hekimen elkarteko zuzendari Igor Astibiak «aurrerapauso garrantzitsutzat» jo ditu 2019an lortutako akordioa, horren ondorioz sortu den Euskal Hedabideen Mahaia, eta akordioa beste hiru urterako berritu izana: «Euskarazko komunikabideak estrategikoak gara euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesurako». Hala ere, nabarmendu du hedabideen beharrak asetzeko bidean oraindik ere «zer hobetu» badagoela.
Astibiak azaldu duenez, azken urteotako ibilbidea ez da samurra izan euskarazko hedabideentzat. Komunikabideen munduak pairatzen duen egiturazko krisiari 2008ko krisi ekonomikoa gehitu zitzaion, eta ondoren, pandemiak ekarritako ondorioak pairatzea egokitu zitzaien hedabideei. 2019an hitzartutako finantzazio eredu berria «norabide egokian emandako lehen pausoa» izan zen Hekimenen ustez, baina orduan ere nabarmendu zuen pauso gehiago behar zirela horri segida emateko.
Batez ere, digitalizazioaren eta berrikuntzaren arloan daude herri ekimeneko euskal hedabideen kezka nagusiak: «Sektoreak hartzaileengana iritsi nahi badu, trantsizio digitala egin eta berrikuntzan sakondu behar du», esan du Astibiak, eta nabarmendu du erakunde publikoek lagundu egin behar dutela bide horretan, «ezinbestekoa den zerbitzu bat jokoan dagoelako». Horregatik, administrazioaren konpromisoa eskatu du lantegi horiei ekin ahal izateko: «Ez da ahaztu behar hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazio eskubidearen bermea ere badela. Eskaintza aniztasuna da iritzi aniztasunaren oinarrietako bat, eta demokraziarako bermea».