Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio ia guztiek onetsi dute 12 urtetik beherako haurrek garraio publikoa doan izatea. Olatz Iartza Donostiako Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak esan du neurria aztertuko dutela, erabaki bat hartu aurretik. Gaur egun, oro har, 6 urtera arte erabiltzen dituzte doan garraio publikoko zerbitzuak.
EAEko Garraio Agintaritzak bilera egin du gaur, Gasteizen, eta Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren proposamena izan da gai nagusia: 12 urtetik beherako haurrek garraio publikoa doan izatea. Susana Garcia Chueca sailburuak aurreratu zuen hala izango dela Eusko Jaurlaritzaren mende dauden garraio zerbitzuetan: Euskotrenen Bilbo eta Hendaia (Lapurdi) arteko trenetan, eta Bilboko eta Gasteizko tranbietan. Garraio zerbitzuen ardura duten gainerako administrazioen jarrera argitzea falta zen, ordea.
Proposamenaren alde bozkatu dute Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek eta Bilboko eta Gasteizko udalek, erakunde horietako ordezkari nagusien bitartez: Jon Nogales, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Arabako diputatua; Sonia Perez Ezkerra, Bizkaiko Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatua; eta Nora Abete, Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren zinegotzia. Neurria 2022. urtearen amaieratik indarrean dago Gasteizen, Tuvisak kudeatzen dituen autobusetan. Adostasuna adierazgarria da, bileraren aurretik foru aldundietako eta hiriburuetako ordezkari batzuek proposamena zalantzan jarri zutelako, doakoa izatearen kostua beren gain hartu behar zutelako.
Donostiak aztertu egingo du
Hala ere, adostasuna ez da erabatekoa izan. Adierazgarria da Bizkaiko Azpiegitura Departamentuko ordezkaria abstenitu egin dela. Hau da, erakundeko ordezkari batek proposamenaren alde egin du, eta bestea abstenitu egin da. Baita Eudeleko ordezkaria ere. Olatz Iartza Donostiako Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak esan du gaia aztertu egingo dutela. Orain, herrialde bakoitzeko garraio publikoaren koordinaziorako erakundeetan onartu beharko dute, indarrean jartzeko.
Erabakiak 130.362 haurri eragingo die: 65.025 Bizkaian, 43.382 Gipuzkoan eta 21.955 Araban. Garcia Chuecak uste du doakotasunak, familiei laguntzeaz gain, haurrak garraioa txikitatik erabiltzera animatuko dituela, «txikitatik ohitura arduratsuak sortuz».
Garcia Chuecaren esanetan, haurrek garraioa doan izatea urrats bat da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garraio publiko bateratu bat lortzeko. Eredu bateratu horren oinarrietako bat izango litzateke beherapenak eskaintzea erabileraren eta maila sozioekonomikoaren arabera, eta erabiltzaile batzuk babestea, gazteak adibidez.
%20ko hobariari eusteko proposamena
Garraio publikoari dagokionez, bada erabakitzeko dagoen beste gai garrantzitsu bat: ea erakundeek hurrengo urtean eutsiko dieten garraio publikoko bonuen hobariei. Espainiako Gobernuak %30eko hobaria jarri zuen indarrean garraio publikoko erabiltzaileentzat, eta bertako garraio publikoaren arduradunek %50era arte osatu dute, %20ko hobaria gehituz —Eusko Jaurlaritzak, %10 ,eta diputazioek eta hiri garraioaren arduradunek, %10—.
Gaurko bileran Eusko Jaurlaritzak gainerako erakundeei proposatu die ezen, Espainiako Gobernuak bere hobariari eusten ez badio, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio operadoreek eutsi diezaiotela beren %20ko hobariari gehien erabiltzen diren txartel pertsonalizatuetarako eta abonuetarako, «garraio publikoarekiko leialak diren eta maiz erabiltzen duten pertsonak saritzeko».