EAEko emakume gazteen %60k baino gehiagok genero diskriminazioa pairatu dute

Mutilik gazteenen artean «ultraeskuineko jarrerak» areagotzeko arriskua atzeman dute. 15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetik zortzik diote euskaraz «ondo» egiten dutela.

Gazte talde bat, udalekuan, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gazte talde bat, udalekuan, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko abenduaren 4a
15:30
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen egoerari buruzko txostena ondu du Gazteen Euskal Behatokiak, eta lanari, etxebizitzari, osasunari eta beste zenbait arlori erreparatu dio. Esparru horietan guztietan, ondorio nagusia zera da: genero aldagaiak garrantzi handia du, eta desberdintasun nabarmenak daude gizonen eta emakumeen artean. Adibidez, emakume gazteek prestakuntza hobea dute, baina laneko behin-behinekotasun tasa handiagoa dute, gehiago aritzen dira lanaldi partzialetan gizon gazteak baino, eta gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala 175 eurokoa da. Gainera, %60k baino gehiagok diote diskriminazioa pairatu dutela emakume izateagatik, eta %23,8k sexu jazarpena jasan dute sare sozialetan.

Txostenaren arabera, hiru herrialdeetan 15 eta 19 urte bitarteko 319.744 gazte daude, hau da, biztanle guztien %14,6. Datu hori Europako Batasunaren batezbestekoaren azpitik dago, baina hobera egin du 2017an hondoa jo zuenetik, batez ere, kanpotik iritsitako gazteei esker.

Hezkuntzari dagokionez, 30 eta 34 urte bitarteko EAEko gazteen %64,8k goi mailako prestakuntza dute. Ziprekoarekin batera, Europako Batasuneko tasarik handiena da. Emakumeek prestakuntza hobea dute: %69,4k dituzte goi mailako ikasketak, eta gizonek, berriz, %60,3k. Unibertsitateetan gizon baino emakume gehiago daude: gradu eta master ikasketa ofizial guztiak kontuan hartuta, emakumezko ikasleak %54,6 ziren 2021-2022ko ikasturtean. Baina ingeniaritza eta arkitektura salbuespen dira, eta ikasketa horietan %28,9 baino ez dira emakumeak.

Ikasketen arloan emakumeek dituzten datu onek ez dute islarik lanekoan. Enplegu jarraitua duten emakumeen %42,9k lanaldi partzialean lan egiten dute; gizonetan, tasa hori ia erdira jaisten da, eta %24k baino ez dute lan egiten lanaldi partzialean. Behin-behinekotasun tasa ere handiagoa da 16 eta 29 urte bitarteko emakumeen artean (%50,2), adin tarte bereko gizonen artean baino (%42,2).

Txostenean nabarmendu dute gazteen enpleguari buruzko datuek hobera egin dutela azken hamarkadan. 16 eta 29 urte bitarteko gazteen %43k lana zuten 2023an; tasarik handiena da 2012tik, oraindik ere Europako Batasuneko batezbestekoaren azpitik dagoen arren (%49,7). Antzeko zerbait gertatzen da langabezia tasarekin: %12,6 da, hots, tasarik txikiena da 2008tik, baina Europako Batasunekoa baino handiagoa da (%11,2). Behin-behinekotasun tasa ere murriztu da, baina oraindik ere ia gazteen erdiei eragiten die: %46ri, hain zuzen. EAEko biztanle guztiak aintzat hartuta, tasa hori %21,4 da.

16 eta 29 urte bitarteko EAEko gazteen %4,8 pobrezian daude. Hor ere, genero aldagaia aintzat hartu behar da: gizonezkoen artean tasa hori %4,5 da, eta emakumeen artean, berriz, %5,1.

Emantzipazioari dagokionez, datuak kaskarrak dira. 18 eta 34 urte bitarteko gazteen %33,5 baino ez daude emantzipaturik, eta datu horrek behera egin du ia etengabe 2011tik; orduan, %45,4 gazte zeuden emantzipatuta. Europako Batasunaren batezbestekoaren oso azpitik daude datu horiek; Europan, adin tarte horretako gazteen erdiak baino gehiago daude emantzipaturik. Hiru gaztetik batek uste du hurrengo urtean ez duela lortuko bere kabuz bizitzen jartzea, nahi izan arren.

Horretaz galdetuta, hainbat arrazoi ematen dituzte gazteek, baina gehien-gehienek etxebizitzen eta alokairuen prezio garestiak aipatzen dituzte euren kabuz bizitzeko ezintasunaren arrazoitzat: zehazki, emantzipatu ez diren 25 eta 29 urte bitarteko gazteen %92,9k aipatu dute hori. 82.000 gazte inguruk etxebizitza behar dutela adierazi dute, baina gehienek diote ez dutela horretarako diru sarrera nahikorik.

Euskararen ezagutza, goraka

Txostenaren arabera, 15 urtetik 29 urtera bitarteko hamar gaztetik zortzik diote euskaraz «ondo» hitz egiten dutela; zehazki, %80,5ek. Portzentaje horrek etengabe egin du gora 2004tik, orduan %52 baitzen. Gainera, herrialde guztietan egon da igoera. Araban, euskara ondo hitz egiten dutela dioten gazteak %73,7 dira, Bizkaian %77,6 eta Gipuzkoan %86,8. EAEko gazteen %18,7k euskara dute lehen hizkuntza.

Erabilerari buruzko datuek ere gora egin dute, oraindik ere ezagutzaren inguruko datuen oso azpitik dauden arren. Lagunekin batez ere euskaraz aritzen direnak eta euskara erdara bezainbeste erabiltzen dutenak elkartuta, %37,8k erabiltzen dute euskara lagunartean euskara; duela 20 urte, %24,8k.

Lurraldeen artean, aldeak nabarmenak dira: Gipuzkoan, %63,6 gaztek erabiltzen dute euskara nagusiki edo erdara bezainbeste; Araban, %27,5ek, eta Bizkaian, berriz, %24,5ek. Oro har, gazteak euskara sustatzearen alde daude: %72,7k diote euskara sustatzearen aldekoak edo oso aldekoak direla. Portzentaje hori EAEko biztanleen batezbestekoa baino handiagoa da (%67).

Joera kezkagarria

Balioen arloan, gazteen %89,5 haurdunaldia borondatez eta modu askean eteteko eskubidearen alde daude, %90,9 eutanasiaren alde daude, eta %92,1ek ontzat jotzen du sexu bereko pertsonen arteko ezkontza. Hala ere, joera kezkagarri baten berri eman dute Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailburu Nerea Melgosak eta Gazteria eta Emantzipazioko zuzendari Adrian Lopezek: 15 eta 19 urte bitarteko mutilen multzoan aldeak atzeman dituzte, eta mutilik gazteenen artean «ultraeskuineko jarrerak» areagotzeko arriskuaz ohartarazi dute, haiek agertzen baitira uzkurren feminismoaren, LGTBI kolektiboaren eskubideen eta immigrazioaren arloetan.

Adibidez, 15 eta 29 urte bitarteko lau gaztetik batek (%26,3k) uste du EAEn atzerritar gehiegi bizi direla, baina portzentaje hori %33,5eraino igotzen da 15 eta 19 urte bitartekoen multzoan. Bestalde, gazteen %77,4k feministatzat edo oso feministatzat jotzen dute euren burua, baina portzentajea txikiagoa da gizonen artean (%69,1) eta are txikiagoa 15 eta 19 urte bitarteko mutilen artean (%63,5).

Beste datu jakingarririk ere ageri da txostenean. Emakume gazteen %60k baino gehiagok diskriminazioa pairatu dute emakume izateagatik, hamarretik zazpik beldurra sentitu dute gauez kalean ibilita, lautik batek sexu jazarpena jasan du sare sozialetan, eta mila emakumetik 9,8k genero indarkeria salatu dute. Azken datu hori inoizko handiena da, indarkeria matxistaren salaketei dagokienez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.